Norbere mundu intimoak
Norbere mundu intimoak –
Ane Labaka bertsolariak Berria egunkarian idatzitako artikulua da honakoa:
…………………………………………………………………………………….
Badator. Hilerokoa iritsi aurretik bularrak puzten zaizkit beti. Kasu hauetan, aldiz, belarriak dira pizten direnak, eta mihiak zorrozten dira. Badator. Gure mundutxotik kanpoko despistatuenak aspaldi hasi zitzaizkigun parte hartzeko aukerarik izango ez dugunoi ere gure entrenamenduei buruz galdezka eta gure mundutxoan, noski, urte hasieratik bertatik izan dugu presente aurtengoa txapelketa urtea zela. Azkenean badator. Irailaren 23an hasiko da Baigorrin.
Bizitza etapaka edo zikloka neur liteke, bikote hausturaka neurtzen dute batzuk, bizilekuka, lan kontratuka edo ikasketa prozesuka besteek. Badago txapelketaka neurtzen duenik ere (uste dut badago idatzi dudala aditzean neure burua barneratzera ausartu ez naizelako).
Lau urte asko dira. Niretzat ere bai. Lau urte dira bost haurdunaldi oso eta hiru hilabete, 1.460 egun inguru eta txikitatik matematikak gorroto izan ditugunontzat behatzekin ezin konta ahala bizipen. Lau urte tarte egokia da atzera begira jarri eta zenbat aldatu garen gogoetatzeko, garenaren talaiatik izan ginena behatzeko.
Gogoan daukat azkeneko hartan zein saiotan damutu nintzen batere bertsozaleak ez diren kuadrillako bi lagun nirekin eraman izanaz, zeinetara joan nintzen poltsa bete gominola eta aje hilgarriarekin, zeinetan besarkatu nuen aspaldi bere berririk izan gabeko Euskal Herriko beste puntako adiskide hura… Ez dut ahaztuko zenbat negar egin nuen Altsasun, Luis Goñi gaztea babesteko egindako Iruñeko herri harresitik bueltan, Beñat Gaztelumendik bakarkako ariketan kantatu zituen hiru bertsoekin; zeinekin gogoratu nintzen Maialen Lujanbiok BECen harreman askeei buruzko hausnarketarekin hesteak korapilatu zizkidanean…
Norbere mundu intimoak. Horiek dira lau urtean behin oholtzan zein oholtzapean topo egiten dutenak. Eta horregatik nator, hain zuzen ere, txapelketaren alderdi humanoa aldarrikatzera.
14 saio izango dira. 43 bertsolari guztira. 30 gizon eta 13 emakume. 20 gipuzkoar, 11 bizkaitar, 5 nafar, Iparraldeko beste 5 eta 2 arabar. 18 gai-jartzaile. 20 epaile. Eta, batez ere, zenbakietan kabitzen ez den hori guztia.
Gertuen ditudan parte-hartzaileekin hasiko naiz. Batzuk estreinakoz joan dira bakarrik bidaiatzera, besteren batek bi astean behingo urgentziazko kafe-hartzeetan modu histeriko samarrean azaldu izan dit uko egingo diola txapelketan parte hartzeari, whatsapp bidez gauero bakarkako gai bat bidaltzeko ere eskatu didate, doinu berriak froga moduan kantatu eta egon da txapelketa hitza aipatzea guztiz debekatu didan bat edo beste. Honengatik guztiagatik daukat agian hau dena aspaldi hasi izanaren sentipena, zurrunbiloak aspaldi harrapatu izanarena.
Alderdi humanoa aipatu dut lehenago, eta horren parte dira zerrendatu berri ditudan konplizitate eta laguntasun keinuak. Lehia tartean denean, ordea, gure aurpegi ilunena agertzen dugu maiz pertsonok, eta txapelketa garaian inbidiek, gaizki-ulertuek eta tentsioek ere izaten dute lekua. Sarri norbere fustrazioak eta mamuak ageri dira ispilatuta besteen bizkar egindako kritiketan. Hori ere humanoa da, besteak ez mintzeko moduan kudeatzen asmatuz gero behintzat.
Txapelketara doana bere burua esponitzera doa nolabait. Bere azala, gorputza, emozioak, pentsamenduak, inertziak, ahotsa… modu errimatu eta neurtuan erakustera, oholtza gainean biluztera. Ariketa ausarta da, ezbairik gabe. Txapelketara doanak aldez aurretik jakin behar du injustua izan daitekeela. Hala esan zidan behin lagun batek Gipuzkoako Txapelketako saio batetik negarrari eutsi ezinda irteten ikusi ninduenean. Hala sentitzen dut saio bakoitzaren bukaeran aurkezleak epaileen puntuazioak irakurri eta emaitzarekin (gehiegitan) inondik inora ados ez nagoenetan.
Ezinezkoa bezain injustua delako norbaiten bertso maila egun bakarrean eta hamabost bertso puntuagarritan neurtzea. Epaileenganako errespetu osoz, injustiziarik injustuena delako berez epaitu ezin daitekeena zerotik hamarrera bitarteko zenbakiekin baloratzea. Txikitatik matematikak gorroto izan ditugunoi aurrez aipatutako azalek, emozioek, gorputzek, ahotsek… ihes egiten digute kakotxez hornitutako zifra zehatzegien artetik.
Gogotsu txalotuko dizkizuegu arrazoi borobil, hitz-joko original eta errima estuetan estuenak, doinu berrien bidez bertsolaritzari egindako ekarpenak. Baina, teknika perfektutik haratago, jakin barru-barrutik eskertuko dizuegula bestelako kokapen bat, bestelako begirada eta betaurreko batzuk.
Miresten ditut entzuleak espero ez duena kantatzen duten bertsolariak. Bazterrekoei ahotsa jartzen kontzienteki ahalegintzen direnak, prestijiorik ez daukaten pertsonaiak marrazten dituztenak, estereotipo orokorrei asteriskoak jartzen dakitenak, gai debekatuak kantagai dituztenak, rolak iraultzen dituztenak, egia kategorikoak beharrean zalantzak planteatu eta galderak luzatzen dizkigutenak, esan baino iradoki egiten dutenak, deseroso sentiarazten gaituztenak… Barruak estutu eta larruazalean labanaz kilimak egiten dizkigutenak.
Behin eskatzen hasita ez dizuet gutxi eskatzen, badakit. Baina jakin zuek entzuteko irrikitan gaudela.