Nerea Ibarzabal Salegi da Bizkaiko bertsolari txapeldun berria
Nerea Ibarzabal Salegi da Bizkaiko bertsolari txapeldun berria –
Maider Iantzik NAIZ-en.
Bizkaiko bertsolaritzak badu txapeldun berria, Nerea Ibarzabal Salegi markinarra. Poesia ederrarekin entzuleari kilimak sentiaraziz, saio borobila osatu du benetan. Buruz burukoa Jone Uria Albizurirekin jokatu du. Bikain Getxokoa ere, ia txapela ukitu du. Publikoa zutik, musukoen gainetik barreka.
Nerea Ibarzabal Salegi da Bizkaiko bertsolari txapeldun handia. Hunkituta, negarrez, Onintza Enbeita Maguregi orain arteko txapelduna besarkatu du luze. Segidan hurbildu zaio Jone Uria Albizuri, markinarrarekin buruz burukoa jokatu duena, estutu goxo bat ematera. Xabat Galletebeitia Abaroa ere bai, Ibarzabal eta Enbeitarekin entrenatzen ibili dena. Miribillan, jendea txaloka, zutik, pozarren, bero-bero.
Talde lana izan da finalaren ezaugarria, ongi hartu dute elkar bertsolariek hasieratik, gozatuz. Belaunaldi ezberdinak elkarrekin egotera ohitzea bada bertsolaritzaren dohainetako bat eta hori sumatu da oholtzan. Hain zuzen ere, bi lagunek batera jarri diote txapela irabazleari, Joseba Etxeberria eta Moises Enbeitak, antolatzaile taldearen aurpegiak. Bata Lekueren osaba, bestea Enbeitarena.
‘Gure etxeko andre guztiak nahi nituzke ohoratu/ egoerarik gogorrenetan ez direnak hondoratu/ bizikideei bertsokideei bihotzetik bost olatu/ badago nondik jasoa eta badago zer geroratu/ muga kartzela harresi ibai, galerak zelan kontatu/ merkantzientzat bideak libre ta pertsonak zokoratu/ baina itzarrik eusten gaituzten ideia hoiei oratu/ hormak higatu daitezkeelako ta arrakalak loratu’, kantatu du azken agurra txapeldunak. Oraindik ezin sinetsita zegoen, oso pozik. Ohore itzela izan da berarentzat txapela, are gehiago ume-umetatik hazten ikusi duten Joseba Etxeberria eta Moises Enbeitak jantzita. ‘Ipuin baten amaiera eder bat bezalakoa’, hasierako agurrera ekarri duen Harry Potterren doinua bezain magikoa, ‘Hitzetik Hortzera’-ri elkarrizketan azaldu dionez.
Txapeldunordeak erdalguneko bertsolaria dela jarri du balioan: ‘Beste hizkuntza, bizipen beste/ euskara bat mingainean/ darabilgunok lehen asko ez, batzuk gabiltz orainean/ erdalguneko bertsolarien motxilatxoa soinean/ inoiz txantxa bat ta eszeptizismo puntu baten ordainean/ baina ez nuke gatzik bota nahi ixtear den orbainean/ soilik amets bat, esperantza bat, denbora joan heinean/ indarrak jartzen ditugun hontan Barakaldon, Iruñean, ia aldaketa noiz sumatzen den, baina oholtza gainean’.
874,5 puntu eskuratu ditu txapeldunak; 866, txapeldunordeak. Hirugarren, buruz burukoaren atean, 520,5 punturekin, Etxahun Lekue Etxeberria gelditu da. Baliteke Larrabetzukoaren azken finala izatea. Hala iradoki du hasierako agurrean.
Laugarren, 507,5 punturekin, Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra eta bosgarren, 489,5ekin, Onintza Enbeita Maguregi. Jarraian, 486 punturekin, Aitor Bizkarra Ruiz, eta ondotik bi finalista berriak, 484 punturekin Aitor Etxebarriazarraga Gabiola eta 464rekin Gorka Pagonabarraga Agorria.
Puntako buruz burukoa
Publikoak musukoa jarrita egon behar izan du denbora osoan, ezin ezer jan eta edan, komunerako bueltak ere murriztuak. Beraz, inoiz baino adiago, Uriak hasierako agurrean umorez kantatu duen bezala. Finalik onena egiteko gogoz zegoela esan du, eta lortu du, azkenean txapela eskuratu ez badu ere.
Buruz burukorako izenak esaten dituzten une hunkigarri horretan, elkar besarkatu dute Ibarzabal eta Uriak, biak negarrez. Brotxe zoragarria jarri diote arratsaldeari. Ederrak izan dira egin dituzten bi ofizioak.
Zortziko Txikian, honakoa zuten gaia: Bizkaiko txapelketako finalean kantatzen ari da Nerea, eta Jone entzungailutik bertsoak txibatzen ari zaio. Atsedenaldian elkartu dira komunean.
‘Belarri ertzean zure ahotsan taupada/ buruz burukoraino tinko heldu gara/ ta oro har gustura zuk eginaz hara/ baina angularekin pasatu egin zara’, ekin dio Ibarzabalek, Zortziko Txikiko ofizioari erreferentzia eginez.
‘Etsai gogor bat daukat txapelaren bila/ baina Jonek zein ote du puntu debila?’, jakin nahi izan du Nereak. Hona Joneren sekretua: ‘Hara galdera hortan atea jo kanka/ nik esan nahi nizuke aguanta-aguanta/ Jonek ez du sartuko berehala hanka/ Maialen Lujanbio du pinganilloan ta’.
Seiko Motzean, Jone etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzen duen erabiltzailea izan da. Murrizketak direla-eta, Nereak, laguntza hori ematen dion langileak, aurrerantzean berarentzat denbora gutxiago edukiko duela esan dio.
‘Lehengo arreta erdia eta doble izerdia/ nahiz eta askok ez duen ikusten gure alderdia/ sistemak zer miseria/ zer nolako aberia/ eta gainera zuek eman behar gero aurpegia’, kantatu du Jonek.
‘Lehen pertsona bat zinen, eta orain 15 minutu’, penatu da Nerea. Baina indarra atera du: ‘Hauxe da azken emaitza/ banakoen esku zaintza/ eta oraindik konponbidea ikusten dut gaitza/ baina dut indar bikoitza/ zeuri eskaintzeko goiza/ oso-osorik zukutu arte minutu bakoitza’.
Kilimak
Kartzelan, honako gaiari abestu diote: ‘Topa egin eta txintxina entzutearekin batera, horrela pentsatu duzu: pasatu dadila pasatu beharrekoa’.
Txapeldunak kilimak sentiarazi dizkigu. Hona hiru bertsoak:
‘Neure senar, neure ume, neure etxeko proiekto/ ereiten joan naizena urte guztiak tarteko/ baina sentitu izan naiz sarri aspertu antzeko/ neure urrezko kaiola ta koloretako zepo/ hortan aspaldi erori ta hiltzen doan intsekto/ gaur aspaldiko ligeak idatzi dit afaltzeko/ ta baietz erantzun diot pentsatu barik hobeto/ ze zuk eta biok zor bat dugu oraindik kitatzeko’.
‘Erdi diskretuan sartu gara biok tabernetan/ ea ezagun bat edo aurkituko dugun bertan/ baina ez, ez dago inor jar gaitezen mahai honetan/ zer zelan ondo al gabiltza? Txisteak erdi brometan/ txanpaina edalontzian, nik jada ez dakit zertan/ dardara bat sentitzen dut lepazurreko iletan/ ta urrezko bris-bris hoiek txanpainaren burbuiletan/ aspaldi kilima hauek euki barik masailetan’.
‘Lehendik txanpaina zena geure eskutik eskura/ gero bilakatu zaigu ahotik ahora ura/ hotelera joan gara oroituz lehenengo uda/ eta izara artean berriro azalez muda/ eferbeszente ta motxa gaur gaueko abentura/ eskertzen dizut bisita, egon naiz oso gustura/ musu bat eman ta agur, geure ordua heldu da/ berriro itzul gaitezen maite gaituzten lekura’.
Uriak ez zuen erronka makala lan hori gainditzen, eta bikain moldatu da, pandemiari buruz kantatuz. Hona hiru bertsoak:
‘Mila mediku kontsulta/ sarritan ahul, eztulka/ 80ak pasatuta/ bizitzaren azken punta/ gozatu gura nuela baina beldurra ez da nire kulpa/ pandemia baten sartu ginen behin ta ezin pandemia buka/ nire barruan sarri ez al dut jode pandemia puta/ ia bi urte pasatu ditut neure etxean sartuta’.
‘Gure semea-alaba/ gure biloben osaba/ eta biloba ilara/ Aitor, Maddi eta Mara/ etxe barruan luze egon naiz badaezpada, badaezpada/ baina azkenean beldurra ere bihurtu liteke karga/ eta gabonak zetozela ta behar genuen atara/ gehienez 10 esan ziguten, 30 batu gara’.
‘Adina ez da debalde/ argatik nago ahalge/ baina ez nagoela hain grabe/ ere ez da nobedade/ beraz ospatu beharko dugu ta ahal bada ez suabe/ egin naiz nire txanpain koparen eta botilaren jabe/ ta hemen gabiltz txintxin ta topa, mahai hontan aldez alde/ pasa dadila pasa behar dena, baina topa zuen alde’.
Bertsolariak, elkar entzunez eta erantzunez
Buruz burukotik harago, finala aparta izan da orokorrean. Zortziko Handiko lehenengo ariketatik bertatik. Galletebeitia eta Enbeita dotore hasi dira, pandemiatik ia senideen aurrez aurreko bisitarik gabe dauden bi presoren azalean. Xabatek egoera hori zein gogorra egiten zaion ezkutatu nahi die hurbilekoei, Onintzak nahiago du partekatu.
Hurrengo bikotea Nereak eta Etxahunek osatu dute, eta nabarmentzen hasi dira jada. Neba-arrebak ziren. Gurasoek, lana dela-eta, zaintzaile batekin uzten dituzte. Nereak onartzen du, baina Etxahun haserre dago gurasoekin.
Zortziko Txikian, Enbeita eta Ibarzabal gustura, umoretsu aritu dira jatetxeetan xahututako dirua nola justifikatu eztabaidatzen ari diren bi zinegotziren paperean. Etxahun eta Xabat ere bai etxeko objektuekin altxorraren bila jolasten ari den bikotearen paperean. Estimatzekoak dira Xabaten umorea, bere hitz jokoak, eta Etxahunen dotorezia, bertsotan hizketan bezala egitea.
Puntu erantzunetan azkar eta ongi ibili dira bertsolari guztiak. Adibidez Aitor Etxebarriazarraga, finalista berrietako bat. Hamarreko Txikian ere luzitu da gernikarra. Bakarkako ariketan, Gorka Pagonabarragak, hau ere finalista berria, ongi osatu du urteak bakarrik bizi den eta hedabideetatik harrera familien beharra dagoela jaso duen pertsona baten istorioa. Baita Aitor Bizkarrak ere, hizkuntza aberatsez. Funtzionatzen ez duen bikote batean harrapatuta dagoen pertsona baten angustia transmititu digu, harremana etengo duela esaten hasi eta atzera nola egiten duen deskribatuz, ‘azkenerako erabaki dut urrats hori ematea/ ez, ez da ezer maitea’. ‘Aterako zait, hau bukatu da, eztarriko intxaurretik/ eztanda egin aurretik’, amaitu du.