Nerea Ibarzabal: «Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, 'hor nago ni' esateko»

Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko –

Miren Mujika Telleriak BERRIAn.


Bertsolari Txapelketak «oso bizirik» sentiarazten du Nerea Ibarzabal. Lasai, gozatuz eta kontzientziaz kantatu nahi du finalean. Arriskatu ere egin nahi du, esan nahi dituenak esateko beste.

 

Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, 'hor nago ni' esateko
JON URBE / FOKU

 

«Ea irits zaitezkeen, behintzat, finalaurrekoen bigarren itzulira, Nerea». Era horretako erronkak proposatzen zizkion Nerea Ibarzabalek (Markina-Xemein, Bizkaia, 1994) bere buruari bere bigarren Txapelketa Nagusia hasterako. Gotaine-Iribarne (Zuberoa) izan zuen lehen geltoki, eta, han irabazita, zuzenean sailkatu zen finalaurrekoen lehen itzulirako. «Jo, Nerea, deskantsatu. Egin duzu, uste zenuen baino askoz ere gehiago», pentsatu zuen saioa amaitu orduko.

Irun (Gipuzkoa) izan zuen finalaurrekoetan lehen plaza. Dena «udazkentzen» eta «hostoz erortzen» ari zen kale batean kokatutako film labur bat proiektatu zuen bere ahotsak ganbarako ariketan. Puntuazioa alde izan ez zuen arren, «ala, ala, gauzak ez datozenean hain ondo ere badakit eusten», pentsatu zuen berekiko. Gelditzen zitzaizkion azken indarrekin baina armaz hornituta eta lehiarako prest joan zen Baionako bigarren itzulira. «Ea, behintzat, hirugarren postu on bat lor dezakedan». Erakustaldia eman, irabazi, eta ase zuen, azkenik, hasierako agurrean irudikatu zuen «Ponpeiaren epika gosea». Bere egin zuen egun horretan finaleko oholtzako aulkietako bat. «Ala, ala, ez daukat indarrik, baina indar gutxirekin ere lortu dut eustea».

Finalera begira, nola zaude?

Ondo, nekatuta eta pozik. Uste dut denbora gutxi izango dudala entrenatzeko, egokitzeko, baina batez ere, sinesteko. Zerbait egitekotan, deskantsatu eta sinetsi egin nahi dut. Ohartu barik helduko da, baina pozik nago, ez nuelako uste helduko zenik ere.

Ez zenuen uste?

Txapelketa hasi zenean, behintzat, ez. Noski, beti dugu helburu ahal den urrutien iristea. Nik, hasieran, neure buruari esaten nion: «Ia irits zaitezkeen finalaurrekoen bigarren itzulira». Hori zen argien esaten nuen anbiziozko esaldia. Finalean, aulki gutxi egoteaz gain, bertara heltzeko borrokatu beharko zela iruditzen zitzaidan.

Baionako saioan, Ainhoa Larretxea gai emaileak, akta eskuetan hartuta, mikrofonora hurbildu, eta horrela esan zuen: «Eskuetan dut akta, eta honela dio: Gaurko irabazlea, 671,5 punturekin…». Zer pasatu zen zure burutik une horretan?

Puntuazioa esan zuenean, pentsatu nuen: «Hau Sustrai izango da». Nik neure burua hirugarren-edo ikusten nuen, baina, era berean, puntuazio txiki xamarra iruditu zitzaidan lehenengo hori hirugarrenarena handia izateko.

Zure izena esan zuenean harridura aurpegia jarri zenuen.

Sorpresa hartu nuen, bai. Ez nintzen egon beste denen lanari adi. Baina ni joan nintzen pentsatuz «ea, behintzat, hirugarren postu on bat lor dezakedan». Banekien borrokatu beharko nuela finalerako pasea, kideak ere indartsu zeudelako. Gelditzen zitzaizkidan azken indarrekin joan nintzen Baionako azken bultzadara. Eta azkenean, espero gabe, bi aste gehiago luzatu zait.

Ez zuen hori behar zure nerbio-sistemak?

Ez zuen hori behar, ez! [Barreak] Halere, behin honaino iritsita, aguantatuko dugu!

Zure lehenengo finala izango da, baina bigarren aldia duzu Txapelketa Nagusian. Zure bertsokera aldatu da geroztik?

Zerbaitek aldatu badu, esango nuke bost urteko ibilbidean plazan aritu izanak aldatu duela. Ez erortzen irakatsi dit horrek, eta uste dut beste bertsolari bat naizela horri esker. Gainera, aurtengo Txapelketa Nagusira iritsi naiz jakinda zer den Txapelketa Nagusi bat. Baina, hala ere, bost urte geroago, berriro konturatu naiz zenbat nekatzen duen. Nahiz eta jakin foku asko egongo direla zure gainean eta gai bakar bat egongo dela zure buruan udazken osoan, berriro sentitu dut neke hori gorputzean.

Hala ere, pozik nago. Txapelketa hasieran galdetu izan balidate zer lortu nahi nuen orduan, erantzungo nuen nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuela saio bakoitzean, esan ahal izateko: «Begira, hor banago ni». Uste dut lortu dudala bertsoaldi batzuetan, eta asko da hori.

Ez gara konturatzen, baina bertsoaldi asko joaten zaizkigu ezer esan gabe, edo zu zarenarengandik nahi baino urrutiago. Txapelketako bertsoaldi batzuetan sentitu dut asmatu dudala esaten esan nahi nuena.

Zein saiotan sentitu zenuen hori?

Hirurak izan dira desberdinak. Hiruretan ikasi dut zerbait. Gotainekoan sentitu nuen: «Ze ondo, ze pozik nagoen, bertsoaren kontrola daukadalako une oro kasik». Irunen konturatu nintzen gauzak ondo ez datozenean ere badakidala eusten, eta Baionan pentsatu nuen ez nuela indarrik, baina indar gutxirekin ere lortu nuela eustea.

Abuztuko Nerea Ibarzabalek sinatuko luke hori, ezta?

Bai. Abuztuko Nereak, final-laurdena Gotainen kantatu behar zuela jakin zuenean, saio horretatik bigarrengo bat kantatzeko aukerekin pasatu nahi zuen.

Eta nola pasatu den, gainera.

Bada, bai. Baina beldur hori neukan hasieran. Behin Gotaineko puntuazioa ikusita, nire buruari esan nion: «Jo, Nerea, deskantsatu. Egin duzu uste zenuen baino askoz ere gehiago». Egia da tentsioak ez duela hori ikusten uzten.

Tentsioak, beldurrak… Orain bost urte, Mauleko finalaurrekoaren azken agurrean, ondorengoa kantatu zenuen: «(…)Baina, barkatu, txapelketana/ ia ezta humanoa/ aste osoa goserik gabe/ dermatitisa, granoa (…)». Nola kudeatzen da hori?

Hori kantatu nuen? [Barreak] Bada, geroz eta gehiago kezkatzen nauen gauza bat da, konturatzen naizelako geroz eta desgaste handiago bat suposatzen duela denongan. Nik loa beti izan dut txarra, baina txapelketa garai honetan, abuztutik daramat gaizki lo egiten. Orduan, badakizu zure gorputza ez dagoela ondo. Gero dator goserik gabe gelditze hori, eta ondoren, ahuldadea. Kezkatzen nauen gauza bat da nork bere buruaren kontrola galtzeko beldur hori. Batzuetan esaten dut: «Nerea, hau ez da normala».

Eta merezi du sufrimendu horrek?

Ni txapelketak sentiarazten nau oso bizirik. Hiru hilabetetan sentitzen dituzu milaka emozio batera, urteko beste garai batean ez dituzunak sentituko. Irakurtzen dudanean «Maialen Lujanbio: zazpigarren txapelketa», esaten dut: «Nola egiten da hori?». Uste dut txapelketa hasieratik desberdin hartzea dela gakoa; erlatibizatzea.

Finalari begira, non jarri nahiko zenuke indarra?

Lasaitasunetik, gozamenetik eta kontzientziatik kantatu nahi dut. Orain arteko saioetan esaten nuen: «Nerea, ez egin akatsik, kontuz denborarekin…». Zure buruari akatsik egiten ez uzte horrek sormena mugatzen du. Orain ere ez dut akatsik egin nahi, baina arriskatzera joan nahi dut, esan nahi ditudanak esan ahal izateko beste.

Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko 

 

Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko Nik sinatuko nukeen zerbait utzi nahi nuen, ‘hor nago ni’ esateko