Mozorroak gardenak zaizkie
Mozorroak gardenak zaizkie
Uxue Rey Gorraizek, BERRIAn.
Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.
Nola eraiki fikzioa bertsotan? Nola bihurtu zerbait sinesgarri, sinesgaitza bada berez? Noraino abestu daiteke, inor mindu gabe? Jendea prest dago edozein fikzio aditzeko? Galdera horiek aise balioko zuten bertso saio bat gidatzeko, izan zitezkeen gai jartzaile batek esanak, baina atzo Iruñean hala gertatu zela esatea gezurra litzateke. Edo, fikzioa, behinik behin. Hau da egia: Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak Iruñeko Laba aretoan izan ziren asteazken iluntzean, Kalakak literatur egitasmoak antolaturiko solasaldian hizlari: Bertsoa eta fikzioa: non daude mugak? Irati Majuelok gidatuta, sakon arakatu zituzten fikzioak bertsotan ematen dituen aukerak. Baita aznahiak ere.
Bertsolariak franko ohituak dira beste rol batzuetatik kantatzera, fikzioetan jostatzera. Ordea, diziplinak berez dituen ezaugarriengatik, karakterizaziorako aukerak mugatuak dira, eta baldintza hori sarri nabarmendu dute bi bertsolariek. Ibarzabalen iritziz, bertsogintzako fikzioa «maskara ikusezin» batekin aldera daiteke. «Jendeak zu ikusten zaitu hor, momenturen batean sinesten dute bazarela beste norbait, baina, aldi berean, ezin duzu guztiz eskapu egin». Dioenez, bertsotan zaila da guztiz mozorrotzea. Maskara erdizkakoa omen da, «garden» antza.
Hala, nekez lausotu daiteke autoretza, eta Ibarzabalek iritzi dio horrek nabarmen baldintzatzen duela fikzioa. Colinak berdin uste du: «Nik egin dezaket fikzioa, baina gorputz bat naiz, ikusten den gorputz bat, eta gorputz horrek konnotazio andana bat dauka». Gainera, haren esanetan, hori ez da soilik gorputzarekin gertatzen: berdin ahotsarekin, berdin bertsolariak publikoarekin duen identitate konpartituarekin, eta berdin kantuan ari denari buruz jendeak duen uste sortarekin. Iradoki duenez, joera hori saihestu ezinezkoa da. Kontua da bertsolariak aparteko ahalegina egin behar duela oinarri horren baldintzak «puskatu» nahi dituenean, eta bada muga handi bat: «Hiru bertso besterik ez dugu horretarako».
Sinesgarri aritzeaz
Biek aitortu dutenez, sarri sentitu dute jendeak dudak izan ohi dituela hitzen sinaduraren gainean. «Gertatu izan zait saio batzuetan kantatutakoak nire bizitza pertsonalarekin lotu izana, hala izan gabe», oroitu du Colinak. Irribarre konplize batez erantzun dio Ibarzabalek ziztuan, esanez bezala: «Niri ere bai». Eta hainbat pasarte kontatu ditu ondotik. Umorez gogoratu ditu, baina aitortu du baduela pena bat. «Neurri batean, hori nahiko mugatzailea iruditzen zait, sortzaile bezala».
Gogoz hausnartu dute sinesgarritasunaz. Colinaren arabera, jendeak gainbalioa ematen dio errealitateari, eta, hala, bertsolariek erronka handi bat izaten dute askotan: «Sinesgaitza» den fikzio bat sinesgarri egitea. «Entzulea eskutik eraman behar duzu norabaitera, nahiz eta momenturen batean esku hori askatu. Entzuleak eskua emateko prestutasuna eduki behar du, eta bertsolariak bilatu beharko ditu eskua luzatzeko baliabideak». Hori erdiesteko, askotariko baliabide narratiboak aipatu dituzte bi bertsolariek: hala nola gauza ukigarriak kontatzea, entzuleak aise identifikatzeko modukoak kantatzea. Nahiz eta horrek baduen arrisku bat, Ibarzabalen esanetan: «Estereotipoen sinesgarritasuna bultzatzen dugu».
Solasaldiaren hondarrean, beste rol batzuetatik aritzea ez den eta fikzioa egiteko baliagarri diren bestelako baliabide narratiboei buruz egin die galde Majuelok bertsolariei. Colinak, baina, ezin izan du eragotzi barrenean zirika duen gai bat aipatzea, eta hainbat galdera ezpainetaratu ditu, sasierretoriko: «Nik zer pertsonaiaren paperetik kantatu dezaket? Zilegi da nik migratzaile baten paperetik kantatzea? Zilegi da nik etxekoandre baten paperetik kantatzea?». Hiruzpalau segundoko isilunea utzi du, publikoak jakin-min aurpegierak bistaratzeko adina, eta aski irmo bota du bere iritzia ondotik: «Nire ustez, segur aski bai, zilegi da, baina segun zer kantatzen duzun». Izan ere, badaki zerk sortzen dion ezinegona: «Halako rolak erabiltzen badituzu esateko zer ona zaren, zer sentibera… ».
Colinak ideia hori garatu duen bitartean, Ibarzabalek kasik etengabe egin du baietz buruaz, ados den seinale. «Artea ederra da enpatia ariketa bezala, baina gerta daiteke modu interesatu eta autokonplazientean jartzea ahotsa besteari. Uste dut hor dagoela tranpa».