Miren Artetxeri elkarrizketa

Miren Artetxeri elkarrizketa –

Maite Santiagok Miren Artetxeri egindako elkarrizketa, Kaiera.eus atarian.


Miren Artetxe Sarasola bertsolaria (1985) Euskal Filologian Lizentziaduna da. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea eta ikertzailea da. Azken urte hauetan egin duen ikerketa-lanak soziolinguistika eta hizkuntza-antropologia izan ditu ardatz. Ildo horretatik, era berean, langai izan ditu identitatea, bertsolaritza eta genero-gaiak, besteak beste. Txikitatik ezagutu eta bizi izan ditu bertsolariak eta bertsolaritza etxean bertan. Hendaiako bertso-eskolan hasi zenez geroztik, hainbat txapelketatan parte hartu du, besteak beste, Bertsolari Txapelketa Nagusian 2005, 2009 eta 2017an. Gaur egun Bertsozale Elkarteko lehendakaritza-taldeko kidea da.

Kaierak bertsolariari egindako elkarrizketa bi ataletan argitaratuko du: lehenengo honetan bertsolaritza eta hezkuntzari buruz arituko gara.

 

Miren Artetxeri elkarrizketa
Arg: Argia

 

Kaiera: Bertsolaritza euskal adierazpen kulturala den heinean, behar besteko pisua ematen zaio, zure ustez, euskal hezkuntza-sisteman?

Miren Artetxe: Lan handia egiten ari da azken aldian Bertsozale Elkartea, batez ere, hezkuntza arautuko bertso-irakaskuntzan. Baina batzuetan iruditzen zait baliatzen dugula jakintza entziklopediko hori transmititzeko helburuarekin altxor bat balitz bezala, edo besteetan bestelako gaitasun edota ezagutza batzuk transmititzeko aitzakia gisa, eta ez hainbeste sortzailetasuna garatzeko eta gozamenetik bizitzeko. Ez da bakarrik bertsolaritzak balio duela hizkuntza-gaitasunak lortzeko, baizik eta hizkuntza-gaitasunak direla tresna bat bertsolaritzaz gozatzeko. Bai jasotzeko orduan eta bai ekoizteko orduan ere.

 

K.: Nola eta zein neurritan laguntzen du bertsolaritzak gaztetatik mundu-ikuskera eta harremanak sortzen?  

M.A.: Bertsolaritza sozializazio-espazio ezberdinetan garatzen da. Hezkuntza arautuan izan daiteke, baita bertso-eskolan edo aisialdian ere, edo  etxean, plazan edo komunikabideetan. Denak dira bertsolaritzaren sozializazio-espazioak. Eta bertsolaritza, nolabait, katalizadorea edo aitzakia da, momentu jakin batean jende multzo bat gauzak elkarrekin egiten egoteko. Azken finean, bertsolaritzaren inguruan sozializatu egiten gara. Eta, zer dauka berezia bertsolaritzak? Bertso-munduak badituela bere balio, ohitura edo sinesmen-sistema batzuk, ez direnak sozializazio-espazio guztietan konpartitzen, eta horrek baldintzatzen ditu bertsolaritzaren inguruan egituratzen diren espazioak. Adibide gisa, bertso-eskolak hartuta, artikuluan aipatzen nuen moduan, alde batetik bertsolaritza bat-bateko praktika denez eta ahozkoa denez, zuk 15 urte dauzkazunean bertso-eskolan ausartu behar duzu gaizki egitera, hanka sartzera, irrigarri gelditzera, trabatzera, eta hori ez bada egiten konfiantza-espazio batean, bertso-eskola horrek ez du funtzionatuko. Inor ez doa sufritzera eta epaitua sentitzera inora. Bertsolaritzak berak eskatzen du praktika horren inguruan eratzen den taldea baliotzat hartzea, ez epaitzea, enpatia, entzute aktiboa… Eta horrek berezko giro bat sortzen du. Beste alde batetik, bertsolaritzan umorea bada balore bat. Bertso-eskola ondo pasatzeko espazio bat izateko orduan umorea darabilenak balio bat dauka taldean, edo pentsamendu kritikoa sortzeko espazio gisa ere irakurtzen du norberak. Bertsolarizak ezartzen dituen balio horien inguruan sozializatzen gara bertsolaritzaren inguruan sozializatzen garenean. Eta horrek egiten du berezi. Bertso-munduan dabilen edo bertso-eskolan dabilen gazte horren identitate-garapena balio horiekin identifikatuta dagoen jendearekin sortzen da: ni taldearekin eta taldeak berezkoak dituen ezaugarriekin identifikatzen naiz, nire identitatea ere hortik garatzen da.

 

K.: Bertso-sorkuntzan aritzeak badu, zure ustez, ikasleen hizkuntza-gaitasunean eta erabileran eraginik? Nola?

M.A.:  Nik egin dudan kasu-azterketa Baionako bertso-eskolan izan da da. Iparraldeko gazte guztiak lizeoan elkartzen dira eta denak dira eremu erdaldunetakoak. Orduan, kasu horretan, ikusi dudana gaitasuna da. Azken finean, zuk hamahiru silabatan sartu behar duzunean ideia bat, ahalik eta errekurtso linguistiko gehien izateak, izate estrategikoak edo gauza bat modu askotara esateko gaitasunak beti lagunduko dizu. Gainera, jarduteak zorroztu egingo dizkizu zure gaitasun linguistikoak. Baina hori baino gehiago, begiratzen nuena da, hain zuzen ere, bertso-eskola praktika-komunitate gisa aztertuta, lehen aipatzen genituen balore horiek guztiak euskaraz gertatzen dira gozamen-esparru batean, gazteekin. Alegia, zure kide gazteekin. Ez dira zure gurasoak, ez dira helduak, ez dira dantza-taldeko irakasleak… Horrek identitatearen ko-eraikuntza eragiten du. Identitate linguistikoa ere garatuz edo ko-eraikiz doa, bestelako identitate-prozesuekin. Modu sinplean esanda, nik uste,  Baiona bezalako esparru batean, euskara hezkuntza formalarekin, etxeko hizkuntzarekin, dantza-taldearekin edo herriko zaharrekin lotzen dela, hau da, oso hondarreko gauzekin. Euskara ez da lotzen gazte-kulturari dagozkion elementuekin. Beraz, bertso-eskoletan gazte-identitatea euskaraz garatzeko aukera ematen da. Horrek bertso-eskolatik kanpo ere euskaraz aritzeko jarrera proaktiboagoa izateko aukerak sortzen ditu. Norberak bizi baldin badu, bere identitatea adierazteko garaian, frantsesa adibidez, unibertsaltasunarekin, modernotasunarekin eta gazte-kulturarekin, aukera guztiak dauzka rap-a, techno musika, dena delakoa, frantsesez garatzeko, eta euskaraz, berriz, oso eremu gutxi daude Iparraldean, adibidez. Orduan, bertso-munduan sozializatzeak eta, ez bakarrik bertso-eskolan, baizik eta udalekuetan ikusteak badaudela beste gazte batzuk zu bezain frikiak baina guay-ak direnak eta euskaraz ari direnak aukera ematen du zure gazte-identitatea euskal identitatearekin lotzeko. Geroago hori praktikan garatuko duzun ala ez, aukeren, egoeren eta abarren araberakoa izango da. Baina bai, egon daiteke txip-aldaketa.

Miren Artetxeri elkarrizketa
Miren Artetxeri elkarrizketa
Miren Artetxeri elkarrizketa
Miren Artetxeri elkarrizketa