Mirari Sagarzazu: "Kanturako aukerak izatea dugu helburu"
Mirari Sagarzazu –
Gipuzkoako bertsolari gazteentzako bi txapelketa abiatuko dituzte gaur, Oñatin eta Aizarnazabalen; sariketen inguruan eta harrobiko bertsogintzaren egoeraz jardun du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kide den oñatiarrak.
Hezkuntza arautuan zein bertso-eskoletan dihardu Mirari Sagarzazu Sacristanek (Oñati, 1986) lanean. Gaur egun, 33 ikasgelatara eta bost bertso-eskolatara joaten da.
“Bertsolaritza ludikotasun eta jolasetik batean hurbiltzen saiatzen gara”
Txapelketa nagusien harrobiak dira bertso-eskolak eta ikastetxeetan egiten diren bertso-ekimenak. Ze garrantzi ematen zaie?
Bertsoaren inguruan mugitzen garenontzat hezkuntza proiektua eta bertso-eskolak ardatz garrantzitsua dira bertsolaritzan, mugitzen duten jende kopuruagatik eta biharko eguneko bertsolariak bertatik irtengo direlako. Baina ez horregatik bakarrik; bertsolaritzaren transmisioa denez gure helburu garrantzitsuenetako bat, zabalpenerako gune ikaragarriak dira ikasleak zein helduak bertso-zaletzeko. Gainera, kontuan izan behar dugu etxetik jasotzen ez bada haur askok bertsolaritzarekin duen lehen harremana bertan daukatela. Hori dela eta bertsolaritza ludikotasun eta jolasetik batean hurbiltzen saiatzen gara.
Bi txapelketa abiatuko dituzue gaur.
Bai, hala da. Hasi bertso-eskoletako kide gazteenetatik, 9-10 urtekoetatik, 18 urtera artekoetara; bertsolari gazte guztiek kantuan egiteko aukerak izatea dugu helburu.
Iaz sortutako Gelatik plazara ekimena da horietako bat.
14 urte arteko bertso-eskolako ikasleek hartzen dute parte. Bederatzi saio izango ditugu eta 250 haur inguru arituko dira kantuan. Sariketa moduan antolatu dugun arren, gelan ikasia plazara ahalik eta modu jostari eta erosoenean jendaurrera eramatea dugu xede. Bailara bakoitzean saio bana izango dugu, geurean izan ezik, bi izango dira eta: gaur Oñatin eta bi aste geroago Arrasaten. Ikasleen erosotasuna zaindu nahi dugu, batez ere, saioetan. Saio bihurriagoak eta arinak izango dira, eta, edonor etortzera gonbidatua dagoen arren, ez dugu bilatzen aretoak jendez betetzea. Berrikuntza moduan, aurten bailara bakoitzeko talde batek finalean kantatuko du, apirilaren 25ean Aretxabaletan ospatuko dugun Bertso Eskolen Egunean.
Oinak buruan da beste sariketa, eta Aizarnazabalen abiatuko da gaur; zeinentzako da?
14 eta 18 urte artekoendako da eta aurten 44. aldia da. 22 partaide izango dira, lau saiotan bereiziak, eta, kasu honetan, bertso-afari formatua izango du. Gazte hauek eskarmentu gehixeago ere badute eta ariketa motak desberdinak izango dira aurreko sariketarekin alderatuz. Gainera, taldean abestetik euren lana bakarka egitera egingo dute jauzi. Hemen ere bertsolariak zaindu nahi ditugu, noski, batzuentzako oraindik ere lehen plazak baitira, baina egia da tonu serioagoa hartzen dutela saioek. Zurruntasuna ekidin nahian, apropos egin da bertso-afari formaturako hautua.
“Batzuk plazetan kantatzeko asmoz hurbiltzen dira eta beste batzuk, lagun artean ongi pasatu nahian, lehia edo plazarako intentziorik gabe”
Zenbat eta zelako bertso-eskolak daude Gipuzkoan?
Mota askotarikoak daude: haurrenak, gazte eta helduenak, ahalduntze bertso-eskolak, bat-batekoak edo idatzira bideratuak… Batzuk plazetan kantatzeko asmoz hurbiltzen dira eta beste batzuk, lagun artean ongi pasatu nahian, lehia edo plazarako intentziorik gabe. Eskola horietako batzuk Bertsozale Elkartearen laguntzarekin kudeatzen dira, eta beste batzuk guztiz autonomoak direnez, euren kabuz dihardute lanean.
“Belaunaldi batetik bestera partekatzen den zaletasuna dela ikus dezakegu”
Euskal Herriko daturik baduzu?
2022 eta 2023ko datuekin ari naiz, aurtengoak biltzen ari baikara. Euskal Herri mailan, iaz 1.507 lagun elkartzen ziren 119 herritako bertso-eskoletan. Belaunaldi batetik bestera partekatzen den zaletasuna dela ikus dezakegu.
Eta Debagoienean zenbat daude?
Zazpi herritan ditugu: Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasaten, Aramaion, Bergaran, Antzuolan eta Oñatin. Horietako bost helduen taldeak dira eta hamaika talde daude ikasle gaztetxoekin dihardutenak. Eskoriatzakoa da berrituena: urte batzuetan geldi egon den Hankamotx bertso-eskola martxan jarri dugu aurten berriro, Bergarako edo Arrasateko gaztetxoen bertso-eskolekin batera. Datorren ikasturterako erronka polita izan daiteke bertso-eskolarik ez dagoenetan ere taldeak sortzea. Guk ahalegina egingo dugu behintzat.
Aintzindaria, Almen ikastolan sortu zena.
Ba egia esan bailara honek presentzia berezia izango du aurtengo bertsolaritzako mapan. Esate baterako ez da kasualitatea Gelatik Plazara ekimenak bertan izatea hasiera eta bukaera Bertso Eskolen Egunarekin, baina badira aurrerago esango dizkizuegun beste hanbat ekimen Debagoienarekin eta, bereziki, Almeneko bertso eskolarekin lotura dutenak.
Gaur egunekoek hango iturri beretik edaten dute ala garaietara moldatu behar, zure ustez?
Zuk ondo esan bezala Almenek eta hango jiran ibili zinatenok baduzue kulpa pixka bat guzti honen inguruan; izan ere lan handia egin zen garai hartako egoera zein zen kontuan izanda. Baina urak mugitu ezean usai txarra dakar eta nondik gatozen ahaztu ez dugun arren garai berrietara egokitzeko apustua egin dugu. Bertsolaritza asko aldatu da ordutik, herriak, ikasleak eta baita gure ohiturak ere. Honenbestez iraun nahi badugu guri ere moldatzea tokatzen zaigu.
Ikastetxeetan ere bertso-eskolak ematen dituzue; zeinendako?
Ikasle guztiek jasotzen dute bertsolaritza bi edo hiru urtez 4. mailan hasi eta DBH-1era bitartean. Gure proiektua dagoen herrietako ikastetxe guztietara joaten gara bi astez behin eta geu joaten ez garenetan beraien irakasleekin bertsolaritza lantzen jarraitzeko proposamenak uzten dizkiegu. Baina ikasle asko dira horiek eta gure bailaran ni bezala ikastetxeetan lanean dabiltza Nerea Urra eta Jokin Uranga irakasleak eta bertso-eskoletan ere beste hainbat irakaslek dihardu bolondres zein Elkartetik bideratuta. Garaiak aldatu egin dira eta azken boladan bertso-eskoletan bolondres aritzeko irakasleak aurkitzeko lan handiak izan ditugunez Gipuzkoa mailan klaseak eman eta batez ere bertako bertso-eskolen kudeaketan eragin asmoz Elkarteko kide banak ardura hori hartzeko apustua egin dugu bailara bakoitzean. Aurten izan da era horretan lan egin dugun lehen urtea eta emaitza ederrak ematen ari da orohar.
Makina bat bertso-ikasgela gidatzen dituzu zuk ere.
Egun 33 ikasgelatara eta bost bertso-eskolatara joaten naiz. Baina urtero aldatzen dira zenbaki hauek ditugun baliabide eta beharren arabera. Duela bederatzi bat urte hasi nintzen ikastetxeetan lanean Elkarteko langile bezala baina ordurako urte batzuetan bertso-eskoletan bolondres mudura ibilia nintzen.
Sarrerak erosi egin behar dira?
Gelatik plazara-ko ez da sarrerarik beharko eta Oinak buruan sariketarako aurrez erosi behar dira, Bertsosarrerak.eus atarian.
Bukatzeko, Arabako Bertsolaritza txapelketa amaitzen ari da. Zer deritzozu?
Aitortu beharra daukat ez dudala behar beste jarraitu Arabako txapelketa baina saio banaka batzuk entzun ditut eta bi gauza nabarmenduko nituzke: alde batetik, agerikoa da Aramaioko bertsolari kopuruak duen presentzia, zerbait ondo egiten ari direnaren seinale da hori eta, bestetik, gazteak oso indartsu eta gogotsu ikusten ditudala.