Omenaldi polita San Frantziskon AEBko bertsolariei bertsoaren suziari hainbat hamarkadatan eusteagatik
Omenaldi polita San Frantziskon AEBko bertsolariei –
Euskal Kultura ataritik.
San Frantzisko, AEB. ‘Omenaldi Berezia’ eskaini zien NABOk joan den larunbatean San Frantziskon Estatu Batuetako bost bertsolariri. Berezia eta hunkigarria, azkeneko hiruzpalau hamarkadetan hamaika euskal besta eta elkarretaratzetan euskal bertsolaritzaren sua atxiki eta euskarazko lekukotasun kantatua eta umore ona ekarri baitiote euskal komunitateari. Gogora dezagun omendu diren bertsolarietarik hiru Kalifornian bizi direla, Jesus Arriada arizkundarra, Gratien Alfaro urepeldarra eta Johnny Curutchet ezterenzubiarra; Nevadakoa dela, Jesus Goñi oronoztarra; eta Wyoming-ekoa, Martin Goicoechea gorritiarra. Heiekin batera omendu dira, gai-jartzaile eta bertso-saio antolatzaile gisa, San Frantziskoko Franxoa Bidaurreta (Esnazu-Aldude) eta Renoko Joxe Mallea-Olaetxe (Munitibar).
Omenaldian parte hartzeko heldu ziren Euskal Herritik Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze bertsolari gipuzkoarrak eta Xabi Paia, bertsolari, idazle eta itzultzaile getxoztarra. Izan ere, Xabi Paya –ordenagailuan San Frantziskoko Valerie Etcharren Arrechea eta Xabier Berrueta laguntzaile– arduratu zen bertsolarien esanak ingeleseratu eta pantaila batean agertzeaz, euskara aski ongi konprenitzen ez zutenen lagungarri, gisa honetan euskaldun bertsozaleei traba egin gabe heiek ere segi baitzezaketen saioa. Ehun pertsonatik gora bildu zituen ekitaldiak. Gai-jartzaile eta antolatzaile, Boise Idahon bizi den Todor Azurtza donostiarra ibili zen eta saioa hasi aurretik ongi-etorri hitzak esan zituen NABOko lehendakari Philippe Acheritogaray sanfrantziskotarrak. Sariak ematen, laguntzaile izan zuen Kate Camino NABOko idazkaria.
Bertsolariei ohorezko aurreskua dantzatu zien Nick Fawce gazteak, Valerie Etcharren Arrechea txistulari. Omenaldiaren ondotik aperitifa izan zen areto berean, mahaiak ezarri eta afaria zerbitzatu zen, girotzeko Elko Nevadako Mercedes Mendive akordeoi-jotzaileak euskal aireak jo zituela. Oroi ezagun Omenaldia duela bi urte egiteko antolatu zela, baina orduan berean pandemia lehertu eta kantzelatu behar izan zela, orain, neurriak apur bat arindu eta bidaiak Europara egitea ia libre denean egiteko. Lan ederra antolatzaileena eta bertso-saioa prestatu zutenena. NABO Ipar Amerikako euskal etxeak biltzen dituen federazioarekin batera lankide izan ziren San Frantziskoko Gure Euskal Etxea-Basque Cultural Center eta Euskal Kluba, Basque Educational Organization (BEO) eta Eusko Jaurlaritza eta Euskal Kultur Erakundea ere laguntzaile.