Martinsak, La Polla... eta frontoira

 

Honako idatzia Berria egunkaritik hartu dugu, Jon Maiak sortua.

…………………………………………………………………………………………..

Bertsolaritzaren eraberritze sakon baten hasiera izan ziren 1980ko eta 1990eko hamarkadak. Bizipenak eta hausnarketak tartekatuz, Jon Maiak garai haren argazki pertsonala egin du liburuan. Narratiba, kronika, poesia eta saiakera uztartu ditu askotariko gaiak jorratzeko.

Gorroto nituen euskal dantzak eta solfeoa. Francoren garaian bizirautearen instintoak gure sustraiak sutsuki heltzera eraman gintuen. Hori da nire irudipena. Ikur eta adierazpen kultural identitarioak ziren euskalduntasunaren adierazle azaleratuenak. Hirurogeita hamarreko hamarkadan jaio ginenak gure aurrekoetatik zetorren mendi talde-euskal dantza-solfeo trinitate santuaren pean heziak izan gara.

Nik ez nuen Ez Dok Amairu ezagutu, baina bai ondorengo Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Oskorri, Xabier Lete eta enparauak. Egan, Akelarre, Izotz eta beste hainbaten berbenen garai betea ere ezagutu dut. Ikastolan frantsesa ikasi nuen, baina nire inguruan jendea hasia zegoen Londresera joaten ingelesa ikastera. Literaturan, Txomin Agirreren Kresala eta Garoa irakurri behar genituen institutuan. Baita Andu Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez ere.

Baina 80ko hamarkadan euskaraz kantatzen eta idazten hasi ziren gazteak ez ziren ordura arteko euskal ikonografian murgildu. X. Montoiaren Anfetamiña edo Edorta Jimenezen Speed gauak agertu ziren gure institutuko apalategian. Zarama, Santurtziko taldeak, euskaraz kantatzen zuen; Hertzainakek Eulixa najak kantuan «gogaituta nauka bertso eta trikitixak, ikasi biot ala euskalduna izateko?» eta «eulixa najak eta drogak behar ditut AEKn» zioen; Ruper Ordorikak Hautsi da anphora eta horrelako gauzak esaten zituen pasta betaurrekoak jantzita eta Itoizek izar betaurrekodunei kantatzen zien xirula eta gitarra elektrikoekin. «Yo quiero ser torero» kantatzen zuen Korroskadak eta «Que haces tu que no bailas con Tijuana in Blue» oihukatzen genuen herriko festetan. «Bizi nahi dut ahal baldin bada» esaten zigun Baldin Bada taldeak; ska doinuak Jimmy Jazz eta Manolo Rastamanekin iritsi zitzaizkigun Kortaturen eskutik; Danba eta Bap-en erritmo bereziak, eztanda! M-ak taldearen Barkatu ama funky erara dantzatzen genuen…

Estetika anglosaxoia hartzen hasi ginen bonberrak eta Martins bota garesti haiek jantzita. Speeda saldu eta erosten zuten euskal hiztunak, tripiak jaten zituzten abertzaleak eta yonki bihurtzen ziren arrantzaleak erruz agertzen hasi ziren gure herri txikietan. Edonon zegoen taberna bat irekita astelehen, astearte, asteazken… goizeko 6ak arte. Ez zegoen alkoholemia kontrolik eta kotxeetan bost-sei lagunek porroak erretzen genituen edonorako jaietara bidean. Okupazio mugimendua lehertu zen eta lehenengo gazteen etxeak sortzen hasi ziren, legeak hautsiz, eraikinak hartuz eta kaleaz jabetuz.

Nire irudi onirikorik nabarmenetakoa Txitxarro diskotekan Barricadaren kontzertu batekoa da. Badakizue, zure burua kanpo begiradatik ikusten duzun argazki memoristiko horietako bat. Nikia erantzita, tripa bistan, jende andana baten erdian eta oihuka eszenatokiaren kontra indar eginez, izerditan blai, eskua Boniren gitarrarantz luzatuz ikusten dut nire burua. Bada, tipo horrek bertsolari izan nahi zuen. Bonik ez. Nik!

Euskal kultura berri bat urazaleratzen ari zen. Aurrekoarekin erabat apurtzen zuen euskal hiztun profil berria, rockanrolari lotua, euskarazko telebistari, gazte mugimendu abertzale berriei, informatikaren hastapenei, drogari, bideo jokoei, surfari edo literatura berriari… Euskal kulturak 80ko hamarkadan dibertsifikazio bat izan zuen. Euskara hiriguneetara, ikastoletara eta unibertsitateetara edo pantailatara gero eta joera egonkorrago eta presentzia handiagoz agertu ahala euskaldunaren profila zabalduz eta aniztuz joan zen. Baina ez zebiltzan horretan bertsolaritza, bere barne egiturak eta parte hartzaileak.

Siadecori eskatutako bertsolaritzaren inguruko lehenengo inkesta handian bertsolaritza gizon potolo, txapeldun eta purudunen gauza gisara definitzen zuen zenbaitek. Zalantzarik gabe, urrutiko begiradak sortutako estereotipo bat zen hura, gu hasi ginenerako bertsolari asko bai, baina guztiak ez baitziren hain potolo, hain purudun eta hain gizon. Bertsotara iristen ari ginenak beste tren batean gentozen. Beharbada, gu ginen inkesta hartan hori erantzun zutenetako batzuk.

Martinsak, La Polla… eta frontoira