Maitasun deitzen diozu

Maitasun deitzen diozu –

Aner Peritz Euzkitzek BERRIAn.


 

Doinua: Nik ez dut amets handirik (X. Lete, 7 puntuko moldaketa)

“Maite zaitut zorion, inun ez zeralako, ezer ez zeralako, maite zaitut zorion.
Hitz soil bat zeralako poetek asmatua zorionik asmatzen ez zekitelako.
Denona zeralako, ezer ez zeralako, maite zaitut zorion beti besterena.”

Zorion beti besterena, Imanol

 

 

 

 

5 hileko feto baten
ekografia bat 3Dn*,
masail gorritu batzuk han
eta tximeletak hemen,
gabonetako filme bat,
iragarki bat bederen,
“ze hotz daukazun eskua”,
“atzo zeinen guapo zeunden”,
bi bihotz, bihotz oso bat,
bihotz erdi, bihotz heren,
larrualdi frustratu bat,
hiru emakume lerden…
maitasun deitzen diozu
eta ez dakizu zer den. (bis)

Baina horrek berdin dizu.
Beti ez baita norbera
erabakitzeko gai zein
duen barruko joera,
nora daraman gorputzak,
noraino, noren ohera,
noiz doazkion hormonak
edo gora edo behera…
Zuri begira daukazu:
goza zazu egoera.
Ai! Ez! Itxaron! Gauza bat,
nahastu aurretik sobera:
zuk zer maite duzu gehien
maitatzea edo bera? (bis)

Desira baldin badago
guraritik betatua
hautu zilegi bakarra
da akaso bekatua.
Konbentziozko engainu
bat izan arren patua
maitasunak dakarkizun
gogo madarikatua
barrenetik datorkizu,
ez da ausaz hautatua
ordea, noiztik daukazu
erraietara sartua?
Kaxaren barruan hil zen
Schrödingerren katua. (bis)

Beraz, zer da maitasuna?
Bukatu dezagun gerla.
Poesiarako argi
dago balio duela
-DBHko poetei
begiraiezu bestela…-
ordea, poesia da
fikzioaren langela.
Ez dizut debekatuko
hitz egitea horrela,
bakarrik eskatzen dizut
zintzo porta zaitezela:
egin poesia baina
esan poesia dela. (bis)

Eta neuk hauta baneza
nundik buka eta nun has
-bueno, ezin banu ere
igual ja esan dut too much-
hitz egin niezazuke
koherentziaren lumaz,
sentiarazi nahi nizun,
nanoerruduntasunaz,
hitz egin niezazuke,
hitz egin dezakezunaz,
diskurtsoen paradoxez,
zarenaz eta duzunaz…
baina zer esango dut ba
zure zoriontasunaz. (bis)

Zuekago ez ote den
sortu dudan zutasuna,
ez ote den ispilua bat
ezarri behar nizuna…
Gozoki ustean saldu
zizuten behin behazuna,
digeritzean trakean
kateatuko zaizuna.
Kontzepzio poetiko
hustu bat da maitasuna
aupa zu sortzen badizu
barrunbeetan oihartzuna
baina letra multzo bat da
hainbeste behar duzuna. (bis)

 

*Tres den

 

Maitasun deitzen diozu
Arg: EITB
Maitasun deitzen diozu