Maindi Murua: Arbonatik
Maindi Murua: Arbonatik –
Maindi Murua Berra. Azkainen (Lapurdi) sortua, 1989an. Familiatik zaletasuna jaso, eta Donibane Lohizuneko ikastolako bertso eskolan egin zituen lehen urratsak. Eskolarteko txapelketetan parte hartu zuen, eta Xilaban gero, 2010, 2012 eta 2020. urteetan. 2011n Hernandorena saria irabazi zuen.
Doinua : Beko txokotik begira dago
1.
Bi mila eta hogeita bata,
hogeita hiru ekainak,
Arbona aldean laborariek
zimur dituzte bekainak.
Kanpotar batek erosten ditu
milioien truk lur bikainak.
Noiz arte jasan behar ditugu
isil isilik irainak?
Espekulatze bortitzak hemen
eragindako orbainak?
2.
Lurzaindia ta ELB-koek
deitua dute bertara.
Egoeraren larritasunak
eragiten du zirrara.
Honek ez die nekazariei
soilik eragiten traba.
Arbonatik jo Lekarozera
Gasteizera, Hendaiara;
Euskal Herriko biztanle orok
pairatzen duen gaitza da.
3.
Lurra guretzat da bizitoki
eta bizi kalitate.
Lurra landuaz elikatzea
dugu errealitate.
Haren galtzeak nahiz eta egin
herri osoari kalte,
dirudun baten apetak aisa
gaina hartu badezake,
injustizia horren aurrean
guk zer egin genezake?
4.
Gogor lan egin eta baztertuz
sosa egunerokoan,
pisu ziztrin bat lor genezake
hor nonbaiteko zokoan.
Urteak joan ta balioa
igoko zaiolakoan.
«Ea hau saldu eta hobea
hartzen dugun ondokoan».
Beti galtzaile izanen gara
merkatuaren jokoan.
5.
Indarra nora bideratzen den
pentsatzean badut pena.
Bigarren etxe eraikitzea
da artisauen kondena.
Hegazkinetan dabil lanean
ingeniari hoberena.
Zenbat langile berriz ematen
turistei nahi dutena?
Guk elikatzen dugu funtsean
jaten gaituen sistema.
6.
Hauek erranik agian ez dut
nire lagunik minduko.
Ahal bezala ari den hori
ez dut etsai, dut gertuko.
Nindagon gure ahaleginak
merkatuaren zerbitzuko
eskaintzeari egin ezkero
gutako bakoitzak uko,
ze bizimodu eta ze herri
sortzen genukeen lortuko?