Maider Arregi: “Parafernalia eta politika ere bai, baina guk bertsotan egiten dugu”

Iaz, Señora Sariketa irabazi zuenean, Maider Arregik “inporta zaizkion jendea eta kausak” aipatu nahi izan zituen agurrean: “Infernu auzokoak, bollerak, marikak, AHTren kontra dabiltzan lagunak, okupazioaren aldekoak…”. Horiek denak eta beste batzuk ekarri ditugu hizpidera elkarrizketa honetan.

Maider Arregi –

Danele Sarriugarte Mochalesek ARGIAn.


Maider Arregi Markuleta. Oñati, 1996

Bertsolaria eta militante transfeminista. Filosofia ikasi zuen, eta irakasle dihardu. Señora Sariketaren antolatzaile-taldean ibili da hasieratik, eta iaz bera izan zen pameladuna. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkatu berri da, sailkapen-faseko bi saioak irabazita. Infernu auzo okupatuko kidea da.

Maider Arregi
Argazkia: Dani Blanco – ARGIA CC-BY-SA

Señora bertso-sariketaren laugarren edizioa egin zen herenegun [ekainaren 8an] Portugaleten. Zer moduz?
Nahiko pozik nago Señora Sariketak jarraipena eduki duelako ekimen moduan, ze hasieran izan zen ateraldi bat. Gutxi batzuen artean antolatu genuen, eta bat-batean laugarren edizioa, eta bat-batean gabiltza hurrengo ediziorako zerbait berezia prestatzea pentsatzen. Niretzat Señorak laburbiltzen du bertsotan beste zirkuitu bat sortzearen politikotasuna eta horrek denak ematen digun dibertsioa. Kontzienteki egiten dugun gauza bat da, bertsolaritza politizatzeko transfeminismorantz, baina aldi berean hain ondo pasatzen dugu antolatzen, ez da guztiz esfortzu bat, eta nik bertsolaritza hortik gura dut bizi.

Ez da beti horrela izan.
Ni nahiko berandu hasi nintzen bertsotan, 16 urterekin. Herriko bertso-eskolan gehienak gizonak ziren, baina paraleloki bertsolaritza feminista gertatzen ari zen. Nik oraindik ez neukan kontakturik, baina Interneten ikusten nituen Uxue [Alberdi] eta Ainhoaren [Agirreazaldegi] hitzaldiak. Zentzu horretan, zuk oraindik bizi dituzu bertsolaritza tradizionalaren nolabaiteko misoginia horrek dakartzan ondorio denak zure gorputzean, baina aldi berean ikusten dituzu pertsona batzuk hori analizatzen, eta nahiz eta oraindik bakarrik egon, nik banekien momenturen batean topatuko nuela kolektiboren bat. Nik behintzat horrela bizi izan dut. Uste dut gure aurreko belaunaldiak bizi izan duela askoz gogorrago gizonekiko kontaktu hori, bigarren plano hori.

Zuek ez hainbeste?
Kontrako eztarritiken [Uxue Alberdi; Susa, 2019] deskribatzen diren zapalkuntza-formak –norbere eta inguruaren presioa, sentitzea zure ahotsak ez duela balio, ez zabiltzala ezer aportatzen, zure burua gutxiestea–, hori dena sentitu izan dut, noski. Ez da gauza bera zer pasatzen ari den jakitea eta hori konpontzea. Zuk badakizu zapalkuntza-sistema batean zaudela, baina horrek ez du esan nahi jada irten zarenik hortik.

Aurreko belaunaldiak agian bizi izan zituen zapalkuntza horiek modu gordin batean, bakarrik, eta gero egin zuten analisia. Zuek beste puntu batean iritsi zineten.
Analisia jasota jada.

Zure belaunaldiko batzuen ekarpena bollerismoarena edo kuirtasunarena izan da nabarmen.
Bollo bertso-saioen sorrera bai izan zen inportantea niretzat eta hori bai egin dugu guk. Lehenengoa Saioa Alkaizarekin daukat gogoan. Saioa, Amaia Agirre, ni, Eli Pagola ere hortik ibiliko zen. Ordurako bazeuden saio feministak, “Ez da kasualitatea”, adibidez, baina bollo-saioak izan ziren niretzat lehen aldiz emakumetasunari markaje bat egitea transfeminismotik eta aldi berean, aitortza eginez aurreko feminista denei. Ez ginen desmarkatzen aurrekoetatik. Kontrakoa: eskerrik asko orain arteko feminismoari, ze eurei esker biziraun dugu, eurei esker lotu gara bertsolaritzara. Ahalduntze bertso-eskolarik gabe ez dakit jarraituko nukeen bertsotan karrerako urteetan.

Maider Arregi
Argazkia: Dani Blanco – ARGIA CC-BY-SA

Zer beste mugarri egon da zuretzat?
Lehenengoa esango nuke izan zela Oñatiko txapelketa irabaztea eta gero eskolartekoa irabaztea, oso gazte. Uste dut bertsotan jarraitzen dugun tipa askok zeozer irabazi dugula oso gazte: normak ematen dizu onarpen minimo bat nolabait, ona zarela edo, eta hori barik nik ez dakit jarraituko nukeen, eta hori ere esan egin behar da. Gero feminismoan jarriko nituzke mugarri denak.

Bollo-saioak aipatu dituzu lehen.
Iruñean egin genuen lehenengoa, Saioak proposatu zuen, eta ekainaren 28ko testuinguruan izan zen. Hasieran bai egon zen bertigo puntua. Orain bollerak garela esatea mantra da kasik, baina hasieran –eta ez da orain dela hainbeste, zortzi urte asko jota– ez zen topera animatzen ginen zerbait. Orduan esaten nuen, benga, bollo-saioa, goazen armairutik ateratzera.

Hori aldatu egin da orain.
Asko. Orain goaz txapelketa normaletara eta gure hasierako edo bukaerako agurretan beti agertzen da bollera edo kuir edo transfeminista. Saioaren txapela niretzat mugarri izan zen zentzu horretan, eta bere bukaerako agurra ere bai: “Ez-bitarrak, kuirrak, transak, marikak eta bollerak”. Bat-batean horiek denak txapeldun baten agurrean entzutea… Ez dut esaten Saioak hasi duenik hori, baina niretzat pieza klabea izan da hori dena oso argi esaten, oso ausarta.

Hurrengo mugarria Señora Sariketa litzateke. Hor bazeuden zenbait behar eta hausnarketa: lehia zalantzan jartzea, genealogia egitea, aitortza egitea aurrekoei, espazioa sortzea bertsolaritza utzita zeukatenentzat, genero-disidentziak txertatzea…
Horretaz aparte, belaunaldiartekotasuna uste dut inportantea izan dela, eta antolakuntzan sartzea bertsolaria ez den jendea ere, bat-batean hor sare bat sortzea ez dena bakarrik bertsolariena. Gero epaile-irizpideetan sekulako lana hartu zuten Oihana Arana, Maider Alday, Larraitz [Trojaola] eta Estitxuk [Agirre]. Irizpide berri batzuk sartzeak berekin dakar lehia beste modu batera ulertzea.

Maider Arregi
Argazkia: Dani Blanco – ARGIA CC-BY-SA

Horrek denak nolako eragina izan du bertsolaritza tradizionalean? Alde handia dago duela bost urteko Gipuzkoako Txapelketatik aurtengora.
Orain dela bost urte ni nengoen bertsoarekiko fase pasota batean. Bolada batez Ondarroan egon nintzen bizitzen gainera: Gipuzkoako bertso-txapelketa, eta ni Ondarroan, imajinatu zer zentzu zeukan horrek. Ez nengoen oso bertsotara garai horretan, eta aldi berean ez neukan orain daukagun sarea. Orain, adibidez, asteartero batzen gara Hernanin sei-zazpi tipa bertso-eskola egitera: bollerak gara kasik denak, transfeministak, aldi berean oso diferenteak elkarren artean, eta goaz igual bi-hiru urte astero-astero biltzen. Hor kristoren oinarria dago bertsoarekin motibatzeko.

Bestalde, bertso-mundua gauza batzuetan hezi egin dela iruditzen zait. Orain dela bost urte jendeak ez dut uste zekienik kuir zer den, eta orain ez dakit badakiten zer den, baina entzunda daukate behintzat. Badakite zertaz gabiltzan gutxi gorabehera, uste dut hor leku bat topatu dugula.

Sortu duzue.
Bai. Orduan aurtengo txapelketa bizi dut oso kolektiboki, eta bizi dut lehiara goazela; ez ni Maider Arregi moduan lehiatzera noala, baina ni eta nire taldea serio goaz, ez goaz paseoan. Lehian ez dugu sinesten, baina apuntatzen bagara, indarra nahi dugu egin horretan, nahi dugu erakutsi badakigula bertsotan, gure zirkuituetan ere bertsotan egiten dugula, ez dela gizonek bertsotan egiten dutela eta guk politika, eurek bertsotan eta guk parafernalia. Guk parafernalia eta politika bai, baina bertsotan egiten dugu.

Infernuan gaude. Donostiako auzo okupatu bat da. 
Irailean bederatzi urte izango dira okupatu genuela. Hasieran ikasle-talde bat ginen, denok zuriak, filosofia eta antropologia fakultateetakoak ia denak, eta hasieran okupatu genuen hortik, Donostian alokairuak ezinezkoak direlako etab. Aldi berean gezurra da, gure ia familia denek posible zuten alokairua permititu, ez ginen bereziki profil pobrea, baina proiektu politikoan hasieratik zegoen Donostiako gentrifikazioari eta turismoaren proiektuari kontra egiteko nahia, eta aldi berean etxebizitzaren auzi horri alternatibaren bat ematekoa. Baita komunitatean eta kolektiboan bizitzeko sekulako gogoa ere. Alokairuko etxe batean bizi zara zu eta bizpahiru lagun asko jota, eta hemen bloke osoak daude antolatuta, auzo oso bat dago koordinatuta.

Beste profil bateko jendea ere bizi da hemen.
Guk okupatzen dugun eraikinaz gainera, hemen atzean fabrika bat zegoen, 2021ean desalojatu zutena, eta hor mutil gazte asko bizi ziren, Marokotik etorritakoak, Aljeriatik; Nigeria, Ghana, Senegal, Ginea… Leku pila bateko jende pila bat Europara etorrita espektatiba batzuekin, baina gero Europan pasatzen da ez direla betetzen espektatiba horiek. Gehienak egoera irregularrean zeuden, asko kale-egoeran egondakoak ziren, enteratzen ziren hemen bazegoela leku bat okupa, eta jende asko etortzen zen fabrikara.

Harremana egiten hasi ginen eurekin, batez ere, jazarpen polizialari elkarrekin aurre egiteko. Gure eraikinetan ere espazio gehiago zegoen hutsik, orduan fabrikako jende bat hasi zen hona etortzen, eta hor hasi ginen auzo-proiektua handitzen eta aldi berean konturatzen ere bai, nahiz eta zuriak izan, nahiz eta kontraesan asko eduki eta arrazistak izan inkontzienteki, ba antiarrazismoan militatu egin behar dela, inplikatu egin behar garela moduren batean, sozializatu behar direla pribilegio judizialak, sozialak eta abar. Auzo-proiektua apur bat norabide horretan garatu dugu, aliantza horretan oinarrituta, bereziki orain dela lau urtetik.

Poliziaren aldetik jazarpen handia jaso du auzoak. Adibide bat jartzearren, iaz ez zinen iritsi Bolloagedako bertso-saiora auzoa itxi zutelako ertzainek [Bolloageda egitasmoa Donostiako Asanblada Transmaribolloak antolatzen du, Santa Ageda egunaren bueltan].
Gure auzoko bat eskizofrenikoa da, eta brote bat eduki zuen gasolindegian eta ez dakit oso ondo zeinek, gasolindegiko batek edo kaletik zihoan norbaitek, baten batek deitu zion Poliziari esanez gizon arriskutsu bat zegoela kalean, laban batekin. Nik ez nuen ikusi labanik, baina tira. Etorri ziren ertzainak, hustu zuten auzo dena, itxi zuten auzo dena perimetralki, hesiekin eta ez dakit zer. Nire urtebetetzea zen hurrengo egunean, eta nik bizkotxoak nituen labean… Bera esaten irten egin behar nuela etxetik eta nik ez nuela gura, bizkotxoa neukala labean. Beldurra berak ematen zidan, ez bizilagunak. Holako anekdotak asko pasatzen dira eta hor ikusten duzu arrazismoa. Nik ez dakit gizon zuri batek brote eskizofrenikoa edukiko balu kalean ea horrelako parafernalia montatuko zuen Poliziak. Beste adibide bat. Auzoko batzuk behin eta berriz katxeatzen dituzte ea marihuanarik daukaten; ez dakit jende zuriari hori egiten dioten, eta marihuana denok erretzen dugu. Baina komunitate moduan badaukagu nolabaiteko elkar zaintza jazarpen polizialaren aurrean, eta beste kontu batzuetan ere bai.

Argazkia: Dani Blanco – ARGIA CC-BY-SA

2021eko desalojoaz galdetu nahi nizuke.
Desalojo ilegala izan zen. Ez zuten abisatu, ez zuten epaiketarik egin: etorri ziren eta fabrika hustu zuten, eta bi astetara bota egin zuten, eta ez dakigu oso ondo baimenak zeuzkaten ala ez. Eta hori izan zen momentu oso gogorra; auzoko asko kalean geratu ziren. Harrera Sarearekin eta Sos Arrazakeriarekin koordinatu ginen saiatzeko jende guztiak etxeren bat lortzea. Hor okupazio-sarea inportantea izan zen jendeak beste etxeren bat topatzeko, ze instituzioek badauzkate baliabideak baina ez dituzte martxan jartzen.

Aldi berean indar handia hartu genuen eta askotan holako momentu gogorretan aliantzak sortzen dira. Manifak egin genituen. Ordura arte igual ez zen oso ezaguna Infernua eta hor jendeak ikusi zuen hemen badagoela proiektu politiko bat.

Ekainaren 28aren bueltako ekitaldi batzuk hemen egin izan dira.
Hori ere mugarri moduan jarriko nuke. Hemen egin izan ditugu kontzertuak…

Anarik jo zuen, ezta?
Lehenengo gauza egin zena bertso-saio bat izan zen. Hori ere armairutik ateratzea bezala izan zen. Gauza bat da jendeak jakitea hemen proiektu bat dagoela eta gero beste gauza bat da auzoa erakustea datorren edonori…

Niretzat Anariren kontzertua izugarria izan zen, bat-batean hau bete-beteta, jende transfeminista pila bat… Hori Infernutik antolatu genuen, dirua ateratzeko. Horren aurretik prestaketa-lan handia dago, auzokideak urduri egoten gara bi aste lehenagotik, hau dena txukuntzen: barra muntatu, oholtza inprobisatu… Oso momentu politak izan dira hori eta Asanblada transmaribollotik hemen antolatutako ekintzak.

Izan ere, Donostiako Asanblada transmaribolloko kidea zara.
Han ere urte pila bat goaz militatzen, eta ondo. Asko gustatzen zait asanblada hori. Nahiko praktikoa da, aldi berean politikoki oso kokatuta gaude, eta argi daukagu zeintzuk diren Donostian transmaribollo moduan egin behar diren borrokak. Gehienbat antolatzen ditugu Donostiako transfeministak elkartuko diren egitarauak. Agian ez gara borroka instituzional batzuetan ibili, baina uste dut betetzen dugula funtzio bat aglutinatzekoa Donostian momentu honetan badagoen indar transfeminista eta horri norabide politikoa ematekoa. Ez da asanblada handia eta ez da maila nazionalean antolatzen, baina uste dut inportantea dela existitzea.

Aurten, ekainaren 28ko manifestazioaren leloa “Transfeministak Palestinarekin!” izango da, zuzenean.
Bai. Genozidioa dabil pasatzen, eta uste dugu inportantea dela momentu honetan indarrak horra bideratzea. Gainera, harrotasunaren eguna despolitizatu egin da asko instituzioetatik, banderak jartzen dituzte Kursaalean eta udaletxean, eta gu ez gaude borroka mota horretan, ez gaude ikusgarritasunaren alde bakarrik. Borroka transmaribolloa ulertzen dugu beste borrokekin lotutako borroka gisa: ez bagaude opresio guztien kontra ez digu balio borroka transmaribolloak, eta momentu honetan Palestinan gertatzen dabilena salatu egin behar da. Gainera, Israelek erabiltzen du pinkwashing-a bere burua zuritzeko, beraz, klabea da transmaribollo bezala Palestinaren alde kokatzea.

Maider Arregi  Maider Arregi  Maider Arregi  Maider Arregi  Maider Arregi  Maider Arregi  Maider Arregi  Maider Arregi  Maider Arregi  Maider Arregi  Maider Arregi  Maider Arregi  Maider Arregi