Maddi Aiestaran - Ezer galdu nahi ez duena

Ezer galdu nahi ez duena –

Maddi Aiestaran Iparragirre, BERRIAn.


Beasainen (Gipuzkoa) jaioa, 2001ean. 2009an hasi zen Goierriko bertso eskolan; lehenengo idatzizko taldean, eta bat-batekoetara pasa zen ondoren. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan izena eman, eta udazkenean hasiko den faserako sailkatu da. Euskal filologia ikasitakoa da, eta Euskaltzaindiaren Mintzola beka lortu zuen, bere Gradu Amaierako Lanarekin. Ahalduntze Bertso Eskola Feministako kide ere bada.

Doinua: Konstituzio berria (J. Tapia)

 

 

 

Gaugiro ona dago kanpoan
eta larunbat gaua da,
udazkeneko errutinan du
abuztuak begirada.
Aprobetxatu egin behar da,
egin ahal beste kedada,
zuk erabaki, gaizki pasako
duzu joaten ez bazara.

 

Bera hor dago sofan jarrita
pelikula bat du ozen,
hankak mahaitxoan gurutzatuta
ta burua egoskortzen.
Pipak ahora eraman ahala
zaio burura etortzen,
lagun denak ze gustura dauden
Bilbon eta Lekarozen.

 

“Zergatik ez naiz haiekin joan?”,
“ze ondo pasako dute…”,
“ez da hain berandu, joe, agian
kotxea hartuko dut, e!”.
Agobiatzen da porai dabilen
lagun bakoitzaren truke;
lehen hemen egon nahi zuen, baina
orain han egon nahi luke.

 

Berez ez zuen zerbaitegatik
etxean egon beharrik,
lasai botata egon nahi zuen,
ez du aitzakia txarrik.
Baina barrena jaten diote
mila mamu beldurgarrik;
“guztiak super ondo pasatzen
eta ni hemen bakarrik”.

 

Gogoa dauka lagunak dauden
konpartsan, tabernan, plazan,
“sortuko dira lau dantza hemen
ta beste zazpi jolas han”.
Bihar elkartzen baldin badira
eguneroko terrazan,
lagunek hitz bat esango dute
eta ezingo du jasan.

 

Ezer galdu nahi ez duenak nahiz
dena behar duen bizi,
manta azpian ezkutatu da,
bere FOMO, bere krisi.
Denean egon beharra zaigu
maiz antsiazko gutizi,
ba egon lasai, ez dago zertan
plan denetara iritsi.

 

Ezer galdu nahi ez duena
Arg: Pixabay
Ezer galdu nahi ez duena