Maddi Agirre: "Azkoitiko kaleetan etxean sentitzen naiz"
Kontserbatorioan zeharkako flauta ikasitakoa, bertsolaria, matematika ikaslea… Ez da geldirik egotekoa Maddi Agirre (Gasteiz, 2005). Ondo baino hobeto ezagutzen du Azkoitia.
Azkoitiko kaleetan etxean sentitzen naiz –
Ane Olaizola, GUKAn.

Gasteiztarra izanagatik, Azkoitian igarotzen dituzu asteburuak. Zerk ekarri zaitu Azkoitira?
Ama Martirietako baserri batekoa da, eta betidanik izan du hark lotura handia etxearekin. Txikitatik izan dugu ohitura astea Gasteizen igaro eta asteburuetan Azkoitira joateko.
Zertan igarotzen dituzu asteburuak herrian?
Umetan, baserrian egoten ginen asko. Han jolasten ibili, eta lehengusuekin-eta herrira jaisten ginen. Unibertsitatean hasi nintzenean, ordea, azkoitiar bat ezagutu nuen, eta hark animatu ninduen bere lagunekin ateratzen hastera. Orduan, azken urteetan parrandara-eta asko atera naiz [barreak].
Zer da Azkoititik gehien gustatzen zaizuna?
Gasteizen beti sentitu izan naiz euskaldunegi samarra, han dagoen girorako. Egia da Gasteizen euskaraz ikasteko eta euskaraz bizitzeko aukera izan dudala, baina Batxilergo amaierara iristen ari nintzenerako, inguruko batzuekin gazteleraz egiten nuen, besteekin ez… Aldatu egin nahi nituen hizkuntza ohiturak, eta nahi nuen unibertsitatera iristen nintzenean, ahal nuen guztietan, euskaraz komunikatzea, musika zaletasun euskaldunagoak zituzten lagunak bilatzea…
Ez dut esan nahi Gasteizko giroa guztiz erdalduna denik, baina distantzia sentipena beti izan dut. Azkoitian, berriz, herritar guztiak euskaraz entzuten dituzu, parrandan euskal abestiak entzun ditzakezu… Txanponaren bestaldean bizi izan naizenez, Azkoitiko giro euskalduna asko eskertzen dut; etxean sentitzen naiz Azkoitiko kaleetan.
Hortaz, zeure hartua al duzu Azkoitiaren zati bat?
Bai. Mundu osoak zera esaten dit: “Zihero azkottiartute zaude” [barreak].
Euskara batua darabilkizu. Azkoitiarrez ba al dakizu?
Nozio batzuk baditut, izan ditut elkarrizketak azkoitiarrez, eta inoiz ez didate esan gaizki egiten dudanik. Baina ez naiz ausartzen; bertakoak azkoitiarrez hain ondo hitz egiten entzunda, iruditzen zait burla egingo didatela. Behinola, lagun batengana joan eta “zelan” zegoen galdetu nionean, zera erantzun zidan: “Zelan ez, Maddi, zemoruz”. Horrelako asko esaten dizkidate, txantxetan, eta nik oso ondo hartzen ditut.
Hiru urtez Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapelduna izan zara. Zer da zuretzat bertsolaritza?
10 urte nituenenean hasi nintzen bertsolaritzan, eskolan bertan. Gero, bertso eskolan sartu nintzen, eta mundu oso bat zabaldu zait orduz geroztik. Gaur egun ditudan lagun onenetakoak, asko behintzat, bertsoaren bueltan egindakoak dira, eta beti sentitu izan dut konexio berezi bat mundu horretako jendearekin. Sentitzen dut oso ondo ulertzen garela elkar, bertsolaritzak komunitate oso bat eman dit.
Nola dago Arabako bertsolaritzaren osasuna?
Arabako bertsolaritzaren osasuna hobetzen ari da. Egia da, batez ere Gipuzkoan-eta, badagoela Araba zazpigarren alaba den kontzepzio bat; Araban bertsotan gaizki egiten dela, arabarrak txapelketa nagusian ez direla inoiz final-zortzirenetatik pasatzen… Baina Araban, txapelketak beste lurraldeetan baino geroago garatu dira. Egoera besteetan baino gazteagoa da Araban, baina orain indarra hartzen ari da, eta lanean ari gara horretarako. Bide onetik goazela eta emaitzak ikusiko direla uste dut.
Musika ikasketak ere eginak dituzu. Zer leku dute bertsoak, musikak eta matematikak zure bizitzan?
Egunerokoan matematikak hartzen du tarte handiena, baina bertsoa ere nahikoa leku izaten ari da, saio pila bat izan ditudalako. Nahiko nioke bertsoari are eta leku gehiago eman, ikasketen artean, erraza baita beste guztia albo batera uztea. Musikari, berriz, lekua asko gutxitu zaio, ez daukadalako betarik denerako, baina nahiko nuke oporraldietan instrumentua berriz hartzea; behintzat, ikasitakoa ez ahaztea.