Maddalen Arzallus: "Nire sentitu izan ez banu, ez nintzateke bertsolaria izango"

Maddalen Arzallus –

AIZU! aldizkaritik ateratako elkarrizketa.


Maddalen Arzallus Antia
Bertsolaria

Bertsolarien familia batean jaiotako bertsolaria da Arzallus Antia (Hendaia, 1990). Interpretazio ikasketak egina, egun bertsolaritza irakasten du hezkuntza arautuan. ETB1eko Gure kasa saioan ere ikus dezakegu, Hitzen zaindaria atalean herriz herri ibilita tokian tokiko hitzak jasotzen. Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsorik ezagunenetakoaren egilea da: Doraemonen marrazki bizidunen doinuarekin Carles Puigdemonti eginiko agurra. Kantuan eta gitarra jotzen ere aritzen da, besteren artean Obaneuke taldearekin.

Maddalen Arzallus

Hitzen zaindaria zara. Ardura polita.
Bai. Proposamena telebistatik etorri zitzaidan. Hasieran dudak izan nituen, baina gero pentsatu nuen: “Hori jartzen ez badute, beste zerbait jarriko dute”. Bestetik, ikusten nuen niretzat ere aberasgarria izan zitekeela. Egitea erabaki nuen, eta oso-oso gustura nabil. Asko ari naiz ikasten herriz herri, mila hitz bitxi. Gainera, jaso dudan feedbacka ere oso ona izan da. Pozik nago, eta ikasten segitzeko gogoz.
Hitzak zaindu, hitzekin jolastu, hitzak itzuli… Hitzik gabe, zer zinateke?
Hitzaren inguruan bizi izan naiz txikitatik. Aitak erakutsi zigun hitzekin jolasten: gaixotzen zenean, bertsotan, komatxo artean, egiten genuen. Itzulpengintza ikasi nuen, hizkuntzak asko gustatzen zaizkidalako; bertsotan, etengabe ari gara hitzak kantatzen; eta eguneroko bizitzan ere, oso nirea dut zirikatzeko hitzekin jolastea. Hitzik gabe zer? Bada, igual marraztu egingo nuke. Aitak tronboa izan zuen buruan, eta halakoetan bi gauza gerta daitezke: gorputzeko paralisia edo buruan hitzekiko lotura galtzea. Aitari bigarrena gertatu zitzaion. Pentsatzen nuen, niri gertatuz gero, nahiagoko nukeela gorputz atal bat paralizatuta izatea, hitzak galtzea baino.
Aita bertsolaria, neba bertsolaria. Zu, ezin besterik izan?
Ez dakit. Ahizpa bat ere badut, eta ez da bertsolaria. Azkenean, nahi gabe zaramatzan erreka batean sartzen zara txikitatik. Batzuk ateratzen dira, beste batzuk ez. Nik hortxe segi dut. Nahiz eta etxean jaso, nire sentitu izan ez banu, ez nintzateke bertsolaria izango. Gustura egin ez dudanean utzi egin dut, erabat, baina une honetan pozik egiten dut, atsegin dudalako herriz herri ibiltzea, jende ezberdinarekin egotea… Oraingoz, jarraitzeko asmoa daukat.
Puigdemonti eginiko agurrari esker, Bertsolari Txapelketa Nagusia Antena 3en agertzea lortu zenuen. Ez da, ez, balentria makala!
Horrelako zerbait egiten duzunean, badakizu gutxi-asko zabaldu egingo dela. Halere, ez nuen espero Antena 3era iristea! Nire burua katearen azalean ikusi nuenean, txarrena imajinatzen hasi nintzen, La Sextako telesaio txoro horietan botako zutela eta… Orduan, damutu nintzen apur bat, baina ez zela zabaldu ikusita lasaitua hartu nuen.  Eta hor gelditu dadila!
Bertsolariek, oro har, ongi abesten al dute?
Uste dut gero eta gehiago hartzen dugula kontuan. Garai batean, zaharrek kantatu egiten zituzten bertsoak, eta oso ondo. Azken urteotan, beharbada ez zaio hainbeste erreparatu alderdi horri, baina buelta ematen ari zaiolakoan nago. Batzuk ez dira Pavarotti izango, baina ikasi dute onargarria eta ia-ia gustagarria izateko lain. Dena den, batzuek primeran kantatzen dute.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna?
Batez ere, hiru urteko lobarekin bertsotan (bere ustez) aritzeak.
Eta tristatu?
Oso alaia naiz.
Zerk eragiten dizu barrea?
Umore absurdoaren zale amorratua naiz. Adibide bat jartzearren, Mr. Bean. Funtsik gabeko umore horrek barregura eragiten dit.
Eta negarra?
Inguruko norbaiten egoera kaskarrak eragin liezadake.
Bertsotarako plaza bat:
Norberaren herria berezia da, txarrerako eta onerako.
Erromeriarako beste bat:
Aristerrazu (Aia).
Bertsolari bat:
Xalbador. Inoiz ez nuen entzun zuzenean, baina irakurri ditut bere bertsoak, eta uste dut, bertsolari baino, pertsona aparta zela. Pertsona berezi eta interesgarria solasean aritzeko.

Eñaut Mitxelena

Maddalen Arzallus