Lilura
Lilura –
Ane Labakak ARGIAn.
Buruan buelta-bueltaka nerabilen aspaldian. Banekien bazela zerbait, sumatzen eta sentitzen nuen, baina ez nintzen hitzetara ekartzeko gai, harik eta Lur Albizuk eta Eraitz Saez de Egilazek eskuz esku idatzitako Gureak ere badira. Desira, boterea, epika irakurri nuen arte. Ezinbestean, arkatzezko pare bat zeinu, azpimarra batzuk eta paperezko belarritxo bat gehitu nizkion liburuari hogeita hamabigarren orrialdean.
Gizonei buruz ari direlarik, honakoa diote bertan bi egileek: “Duten lekua mantentzeko mekanismo handia da euren arteko maitasuna eta, kasik, lilura. Haien arteko elkarrizketak ikusi besterik ez dago. Elkarri nolako miresmenez begiratzen dioten, zein intentsitaterekin eztabaidatzen duten eta ‘joe, zelako makina tipo hau’ zenbatetan sentitu eta esaten duten”.
Niri beste hainbat izen ere labaintzen zitzaizkidan mihi-puntaraino, ondo baino hobeto arituagatik ere gizonek behin ere ahotan hartzen ez zituztenak
Hamarnaka adibide datozkit gogora, eta azken udazken honetakoak dira asko eta asko. “Urlia [mutila] inoizko ondoen dabil” entzuten nien gizonei, gaur bai eta bihar ere bai. “Aditu al duzue sandiaren [mutila] ganbarako lana? Ikaragarria!”. Eta neure baitarako pentsatzen nuen baietz, egia izan zitekeela urlia eta sandiarena, baina niri beste hainbat izen ere inolako nekerik gabe labaintzen zitzaizkidala mihi-puntaraino, ondo baino hobeto arituagatik ere gizonek behin ere ahotan hartzen ez zituztenak.
Albizuren eta Saez de Egilazen arabera, “gizonek elkar limurtzen pasatzen dute denboraren zati handi bat. Pozik daude elkar ezagutzen dutelako eta euren burua asko maite dute, kolektibo bezala ere bai. Ez dute onartuko, baina elkar desiratzen dute”. Gainera, “haien arteko eztabaida sutsuek ere badute sedukzio parte bat kitzikatzen dituena. Interes konpartitu batzuk dituzte, elkarren babesleku dira eta elkar maite dute. Anaiartea da duten leku erosoena”.
Erreferenteren baten –edo kanturen, edo libururen, edo dena delakoren baten– inguruan galdetzen zidaten aldiro emakumeak aipatuko nituela erabaki nuen behin, eta ez naiz inondik inora damutzen. Egiari zor, gero eta errazagoa zait, behin honezkero nire etxeko apalategiak eta mahai-gainak liluratzen nauten emakumeen lanez gainezka baitaude. Jakitun naiz, ordea, hautu bat egin izanaz. Hautu politiko bat, funtsean, anaien sormen lanak goratzen eta laudatzen berez-berez ari direla uste izango duten gizonena bestekoa.