Libertimendutik ikerketara
Libertimendutik ikerketara –
Joanes Etxeberriak, Ipar Euskal Herriko Hitzan.
Unibertsitateko ikerlan baterako libertimenduak ikertu ditu Amaia Maitiak, jatorritik hasiz eta geroko erronkak aipatuz. Maitia bera zirtzila zen Garaziko libertimenduan.
Joan den asteburuan, Donibane Garaziko libertimenduan, zirtzilen artean, bazen inauteriez ikerketa unibertsitarioa egin duen ikasle bat. Amaia Maitia (Zaro, 1999) Euskal Ikasketetako bigarren urteko masterrean hasi zen libertimenduaren ikerketa lanean, eta iazko ekainean aurkeztu zuen, Argia Oltzomendi eta Jon Casenave irakasleen zuzendaritzapean. Aitzinetik zirtzil izana zen, eta, jokoan “plazer handia” hartu zuenez, ikergai gisa hartu zuen libertimendua.
Antton Lukuren Libertitzeaz liburuaren irakurketari lotzeko aitzakia ere izan da ikerketa Maitiarentzat; baina antzerkilari garaztarraren lekua hortik harago doa lan unibertsitario horretan, libertimenduan lehen jauzia Lukurekin egin zuelako Maitiak. Praktikatik inauteri forma horren kode batzuk bereganatu, eta irakurketak eman zion ikuspegi zabalagoa: “Bistan da ez direla lehen kolpetik kode guziak bereganatzen, eta, justuki, Libertitzeaz liburuarekin ikasitako guztiak zentzu hartzen du”, Maitiak dioenez.
Lanaren lehen partean, libertimendua beste antzerki eta inauteri forma batzuekin parekatzen du, Antzinako Greziako komedian zirtzil edo bolantekin egin daitezkeen analogiak landuz. Libertimenduak Europako beste inauteri formekin ere konparatzen ditu: “Libertimendua inauteria da, eta, funtsean, Europako beste inauteri guziek kontatzen dutena kontatzen du, bere izatean eta bere sinesmen eta funtzioetan. Udaberrian, bortukoak jautsiak dira; beraz, udaberria martxan da. Aldizkatze hori du aipatzen inauteriak”.
Ikuskizun kodifikatua
Libertimenduak “bi etsai” dituela argitu du Maitiak: “Toberak eta kabalkada, estetikaz elgar egite dutelako, baina funtzioan arrunt ezberdin direlako”. Libertimenduko rolen sinbolikan ere sartu da Maitia, eta bere parte hartzetik ikasi zuena hartu du abiapuntu: “Animalien metaforak, pertsonaia ezberdinak, zirtzila ez dela lezio emaile, juntak biziki inportanteak direla eta beste hainbat gauza”.
Unibertsitateko lanean jatorrira ere jo du Zaroko gazteak, eta Lukuren hitzetatik jakin du bertsolariak eskas zirela kabalkada, libertimendu aitzineko karrika itzulia, libertimendu bilaka zedin: “Argi egin zitzaidan libertimenduaren egiteko, delako bertsolarien falta zela problema. Eta hor nik lotura egin nuen gero antzerkiari lotzearekin; ez dut sekula laxatu dantza”, erran dio Lukuk Maitiari ikerlanean.
2006an, libertimenduaren berpizte urtean, antzerki jokoa landu zuen Lukuk Donibane Garaziko lizeoan, bere ikasle antzezleekin. Maitiak, bere lanean, inauteriaren helburu berriak aipatzen dituenez, paradigma aldaketa azpimarratu du: “2006an bolantak baziren, baina zirtzilen jokoa atzematekoa zen. Horretan zuen ainitz lan egin Anttonek [Luku], zirtzilaren jokoaren muntaketan. Gaur egun, zirtzilaren rola atzemana da eta bolantarena ahantzia”. Zerbait goiti-beheiti, zirtzilen prestaketa udazkenean hasten dela kontatu du ikerlanaren egileak, eta bere taldean ikusten duenaz, bolantak emanaldi aitzineko bi asteetan elkartzen dira, “emanen dituzten dantzen errepikatzeko”.
Ikerlana elikatzeko, libertimenduetako parte hartzaileen artean ere zabaldu du galdeketa Maitiak. Bolanteen motibazioa arrangura iturri zaio gazteari, bolanteengandik erantzun gutiago ukan dituelako “eta zirtzilen erantzunak bolantenak baino sakonagoak” zirelako, haren erranetan. Antolatzaile anitzek bat egin dute ideia horrekin, gehituz batzuek eta besteek dantzarien motibazioa akuilatzea xerkatzen dutela, inauterietan bolanteek duten rola argitu nahiz. Xan Berterretxek Maitiaren lanean dio “inauterien sinbologiaren ezezagutza” dela motibazio eskas horren “esplikazioetatik bat”.
Hedapenaren zergatiak
Libertimenduaren ikerketan barnatzeko, beste hainbat lekukotasun ere bildu ditu Maitiak. Xan Berterretxe antzerkilariarenak, esaterako, “bolantaren pertsonaia hobeki ulertzeko” balio izan dio, eta baita beste herrietan libertimenduak abiatzeko deliberoa zergatik hartu zuten jakiteko ere. Lekukotzak eman dizkiote Bixente Hirigaraik (Baigorri), Aline Etxeberrik (Urepele), Mattin Irigoienek (Amikuze), Jean Marie Irigoinek (Oztibar) eta Julen Oillarburuk (Hazparne).
Maitiak ondorioztatu du, oro har, hiru arrazoi nagusi bazirela 2006an Donibane Garazin bakarra zena egun hainbeste libertimendu izateko: “Inauteriaren berreskuratzeko edo lurraldeari egokitua den inauteri baten proposatzeko, euskara libreki plazara eramateko, eta, parte hartzaileen artean sortzen den dinamika, giro eta harremanendako”.
Iruñean ere, joan den igandean, libertimendutik inspiratu Iruinkokoaren aldi zen, eta horren berri Aritz Ibañez taldeko eramaileak eman zion Maitiari. “Zentzua bazuen”, hasi du azalpena Maitiak. “Anttonen [Luku] kodeetan oinarrituz baina haien lurraldeari egokituz egin zutelako, haiek ere ‘kokoak’ deitzen dituzten dantzarietan indarra emanez”.