Oihane Perea: “Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua”

“Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua” –

Izar Mendiguren Cosgayak ARGIAn.


Euskararen erabilera galtzen ala berreskuratzen ari da? Non begia, han ahoa. Ahobizarrik gabe mintzo da Oihane Perea Perez de Mendiola (1977, Gasteiz) euskalgintzak zein bertsogintzak Arabari emandako bueltaz. 30 urteren ostean bertso txapelketen fokupetik atera berritan, plazen eraldaketaz mintzo da, eta biraka dituen proiektuez ere bai.

 

“Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua”
“Bertsolariak ‘betigazteak’ gara, etengabe gaudelako plazan jolasten eta jendearekin konektatzen, eta izpiritu bihurria dugulako”. / Argazkiak: Haizea Pastor.

 

“Merezi duen moduan zaindu ezazue Araba” izan zen finaleko aldarria. Zazpigarren alaba itzalpean dago beti?

Tristea da oraindik esan behar izatea. Guk ere izan dugu gutxiagotasun konplexua. Bada egin beharreko beste prozesu bat: autokonfiantzaren lanketa. Dena den, zaindu baino “ezagutu ezazue Araba” esango nuke nik: aurreiritzietatik harago ezagutu beharko litzateke Araba. Baten batek sorpresa hartuko luke datu soziolinguistikoak begiratuta, hiriburuetan zein ezagutza eta erabilera datu dauden ikusita. Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua, datuetan dago hori. Badago zer hausnartu eta zer ikasi.

Zeren ondorio da berreskurapena?

Gure gurasoen egoskorkeriarena eta auzolan izugarriarena. Ez dugu hizkuntza bakarrik jaso Araban, kontzientzia ere bai, hizkuntzarekiko atxikimendua. Horrek eragiten du 17-18 urterekin beste pertsonekin nola bizi edo erlazionatu aukeratzerakoan; arabar gazte euskaldunek kontzientzia hori jaso dute, eta ezin dugu galdu, transmititzen jarraitu behar dugu. Eta, gero, besteen presbizia dago: kontzientzia handia dugu urruneko aferekin, baina parekoa ez dugu ikusten.

Erreferente handia zara Arabako bertsogintzan. Zer jaso zenuen, eta zer utzi duzu?

Babes, maitasun eta bultzada handia. Motxila ere bai: ez dakit hori jaso edo nik hartu nuen [barreak]. Motxila kargatzen joan naiz ametsez, proiektuz eta arduraz. Garai hartan Araban ez zegoen bertso eskolarik ezta kultur plazarik. Gaztetan motxilarekin autobusez zeharkatzen nuen Araba. Oso aberasgarria izan da Arabako errealitateak ezagutzea. Ogi arrasto asko utzi ditugu auzolanean, eta gaur egun hamahiru herritan daude bertso eskolak, urtero 150 ikasle inguru daude kantuan, Arabako Kuadrilla arteko txapelketa dago… Pandemia gainetik pasa arren, bada elikatzen den ekosistema bat.

Bertsolaritzak euskarari bidea ireki diola uste duzu?

Erdal eremu asko daude Araban, baina baita hemendik kanpo ere. Euskalduntzat jotzen ditugun herrietan geroz eta erdal eremu gehiago dago. Araban euskararen berreskuratze prozesuarekin batera joan da eskutik helduta bertsolaritza. Hemen euskara desagertu eta sortzen hasi ziren ikastolak, euskaltegiak, kultur ekintzak… Eta bertsoa beti egon da hor presente. 1982an sortu ziren Gasteizko eta Aiarako bertso eskolak. Ordutik, etengabeko elkartrukean egon gara bertsogintza eta euskalgintza. Bertsoak dakarrena da euskaraz bizitzeko gozamen eremua, gazteentzat erakargarria dena; eta hori da guztiz diferentea, orokorrean falta dena baita. Euskaltzale, sortzaile eta gazte izatearen izpiritua da gure katea. Bertsolariak (buruz behintzat) “betigazteak” gara, etengabe gaudelako plazan jolasten eta jendearekin konektatzen, eta izpiritu bihurria dugulako.

Ikusten ez diren zein lan daude bertsolariaren ganbaran?

Bertsolariak bat-batean bertsoa botatzeko kaxoiak beteta izan behar ditu. Bizitakoetatik eta ikusitakoetatik zure pentsamendua eraikitzen zoaz, sorkuntzarako printzak topatzen. Etengabe zaude behatzen edo ideiak sortzen, nahi gabe ere. Sortzaile izatea jarrera da, eman eta jasotzekoa, ohean bezala.

Zeri eta zer kantatzea gustatuko litzaizuke?

Neu amama bertsolaria izatea pila bat gustatuko litzaidake, aktiboa gainera. Nire amama dut gogoan, oso aktiboa zen agureen erresidentzian (antzerkiak antolatzen zituen, koroan parte hartzen zuen…). Ez zekien euskaraz, baina euskal kanta asko bai. Erreferente handia izan da niretzat. Horrela ikusten dut neure burua: bazterrak nahasten, inongo lotsarik eta filtrorik gabe, hortza postizo eta gona gorriarekin nahi dudana esaten.

‘Kilimaterioa’ estreinatu duzu Laudion. Zer da?

Emakumeen inguruko zikloari buruzko lana da. Klimaterioa edo kilimaterioa ziklo amaiera da, sortzeko edo erditzeko aukera galtzen dugun garaia. Ez du errekonozimendurik menopausiara heldu arteko prozesuak, nahiz eta hormonalki eta mentalki oso inportantea izan. Horregatik, Kaitin Allende bakarrizketalariarekin elkartu gara Irati Anda, Iratxe Ibarra eta ni. Helburua da geure buruaz barre egitea, eta aldarrikatzea emakumeok oso produktibo izan gaitezkeela 40-50 urtetik aurrera ere. Are, adin horretatik aurrerako emakumeak dira batez ere euskal kultura kontsumitzen dutenak. Oso aktiboak dira, eta nik miretsi egiten ditut. Klimaterioa oso momentu energetikoa da, biribilgunetik irten eta bide zuzena hartzea bezalakoa. Emakume horiek eszenatokira eraman behar ditugu.

 

“Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua”Txapelketei agur

“Buruak atsedena eskatzen zidan. Asko nekatzen du urtero txapelketak jokatzeak. Ez da sentimendu gozoa estatusa defendatu beharra, eta gazteak gogo handiarekin eta ate-joka datoz. Orain da momentua pauso bat atzera egin, eta besteek egiten dutenarekin gozatzeko. Orain, berjaiotze batean nago, ardurak askatzen eta niri gustatzen eta interesatzen zaizkidan gauzak egiten. Bada garaia, ez? Bereziki musikarekin lagundutako gauzekin nabil. Irakasle gisa ere neure burua birziklatzen nabil, eta ikuspuntu zein metodologia berriekin gozatzen. Helduaroan egoskor eta egozentriko bihurtzeko tendentzia dago. Jende eta proposamen berriei ireki behar zaie atea: hori egiten baduzu mugimenduan zaude eta ez zara bertan geldituko, korrontean sartu eta ekarpenak egin ahalko dituzu berriro”.

“Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua” “Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua” “Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua” “Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua” “Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua”