Lehiaren xarma

Lehiaren xarma –

Amets Aranguren Arrietak ARGIAn.


Bertsolari sena deritzonari heldu behar izanen zion Xabat Illarregik Amurriora kantatzera joan beharko zuela jakitean: inprobisaziorako prest. Bueltan da Euskal Herriko Topaketa Sozial Nagusia. Iruñean, asko irrikaz eta pozik gaude ekitaldi sozial gorena gure hirian izanen delako lehen aldiz eta Bilbo aldeko jendeak ikusiko duelako Bilbotik Iruñea bezain urruti dagoela Iruñetik Bilbo (hau da, ez hainbeste).

 

Lehiaren xarma

 

Baina bueno, itzul gaitezen salto batean Arrasatera. Aurtengo sintoniaren inguruko lehen komentarioak autoan entzun ditut, bidean. Datu inportantea: bertsolariz inguratua egin dut txangoa. Nerea Erbitik konposatu du txapelketarekin batera herriz herri ibiliko den sintonia: erritmo joko konplexuak, onomatopeiak, konpas konposatuak… Oso interesgarria musikari batendako. Aztoratuegia lehian diren bertsolariarendako?

Bertsolariek bertso-doinu berriak estreinatzeko probesten dute txapelketa. Gaurkoan, Amurizak bi. Hasierako agurrean bat, ganbarako lanean bestea. Doinu berriak bertsoa edertu dezake, asmatzekotan, baina despistatzeko bidea ere izan daiteke asmatu ezean. Presentzia handia du Amurizak kantuan, indarra transmititzeko gaitasun berezia duela esanen nuke, baina ganbarako ariketarako egindako Zea Mays-en Negua joan da ta kantuaren moldaketak ez dio hori nabarmentzen lagundu. Badira bertsolarien kantaerak edo doinu hautaketak ezkutatzen dituzten beste ertz batzuk ere. Xabat Illarregiren kantaera ederrak erdipurdiko bertso bat oso ongi sal diezazuke edota errepikapena duen doinu bat hautatuz, publikoari errepikapena kantatzeko aukera emanez, apelazioak plus bat ematen dio bertsolariari.

BTN txapelketa da, lehia. Sarasuak lehiarekiko duen irakurketarekin bat etor gaitezkeen asko inguruko lagun bertsolariei haien apustuak eginarazi nahian gabiltza, ordea. Behin Ion Celestinok aipaturikoarekin eginen diot kontra Sarasuari. Lehiak, bere alde txar guztia onartuta, edertasuna dakar: beti da ederragoa 22-21 bukatu den pilota partida 22-6 bukatu dena baino.

Urteetako lana arratsalde batez jokoan jartzea da txapelketa; pentsatu bitarteko mikro-mugitze jolasa; gaiaren arabera jendaurrean noraino biluztu nahi duzun erabakitzea eta, batzuetan, segur aski, nahi baino biluziago agertzea.

Txapelketako saioetara goazen ezjakinok dugun epaile sindrometik eginen dut balorazio bakarra, zero objektiboa (bueno, pixka bat bai) eta hein batean emozionala: Alkaizarena zen saioa eta anaia leitzarrak espero nituen ondotik, baina zer esan behar dut nik? Hori botata, denei inbidia sanoenetik eta miresmen osoz begira segituko dut besaulkitik, hauek hitzekin magia egiten duten bitartean (bertso molde batzuetatik gertuago eta beste batzuetatik urrutiago, noski).

Lehiaren xarma