Lehen fasea amaituta, Bardoetako finalaurrekoak iritsi dira

Bardoetako finalaurrekoak iritsi dira –

Guaixe ataritik.


Bardoak 2020ko lehen fasearen azken saioak jokatu ziren aurreko asteburuan, eta dagoeneko finalaurrekoen multzoak osatu dira. Martxoaren 29an hasiko dira fase berriaren saioak. Sakaña sakandarren taldeak hurrengo faserako txartela ‘in extremis’ lortu zuen Otsagabiako saioan.

Bardoetako finalaurrekoak iritsi dira
Amortziaren eliobak eta Sakaña taldeko kideak, Otsagabian. NAF. BERTSOZALE ELKARTEA

 

Malerrekako Bertsonautak, Lesakako Arranopola, Leitzako Atekaberts komeni, Berako Lamixene, Barañaingo Hego haizea eta Sakanako Sakaña taldeek lortu dute Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan sailkatzea. Aurreko asteburuan izan ziren lehenengo fasearen azken saioak. Otsailaren 29tik martxoaren 14ra jokatuko dira finalaurrekoak eta guztira sei saio eginen dira: Anizen, Tuteran, Atarrabian, Tafallan, Goizuetan eta Jaunsaratsen. Aurtengo berrikuntza finalaurrekoetako saioak normalean bertsolaritza iristeko zaila diren herrietan eginen direla da. Orain arte sailkatuen herrietan egiten ziren saioak. 

Otsailaren 29an jokatuko du finalaurrekoaren lehenengo saioa Sakañak Tuterako Beterri peñan, 19:00etan, Atekaberts komeni taldearen kontra. Buelta martxoaren 6an izanen da, 19:30ean, Atarrabiako Etxebeltza elkartean. Sakañak ostiralean jokatutako Otsagabiako saioan lortu zuen hurrengo saiorako txartela. Saio jokatua izan zen, izan ere, herrian erroak dituen Amortziaren eliobak taldeak irabazi zuen saioa, baina faseko sailkapenean berdinketa eman zenez, desenpatean irabazi zuten sakandarrek. Lehen fasean 26 puntu jaso ditu Sakañak, eta D multzoko bigarren sailkatua da, Lamixene taldearen atzetik. 

Finalaurrekoak
Bertsonautak izan zen A multzoko hoberena eta Arranopola B multzoko hoberena izan da, 31 eta 32 punturekin, hurrenez hurren; beraz, finalaurrekoetako saioetan arerio izango dira. Anizko elkartean izango dute lehenengo saioa, otsailaren 29an, 19:00etan. Finalaurrekoetako bigarren saioa Goizuetako udaletxeko ganbaran egingo dute, martxoaren 14an, 18:00etan. Finalaurrekoetako hirugarren taldea D multzoko hoberenak, Lamixene taldeak, 28 punturekin, eta A, B eta C multzoetako bigarren sailkatuak, Hego haizea taldeak, 22 punturekin, osatzen dute eta lehenengo finalaurreko saioa Tafallako Aguazon peñan eginen dute martxoaren 7an, 18:00etan. Bigarrena Jaunsaratzeko udaletxeko ganbaran izanen dute, martxoaren 14an, 19:00etan.

Bardoetako finalaurrekoak iritsi dira