Lau belaunaldi kabitzeko moduko finala

Lau belaunaldi kabitzeko moduko finala

Erreportaje eder hau Amagoia Mujika eta Maider Iantzik egindakoa da, Gaur8-n pasa den larunbatean argitaratutakoa

…………………………………………………………………………………………………………………………………………………

Lau belaunaldi kabitzeko moduko finala

Lau belaunaldi kabitzeko moduko finala

 

Printzipal antzokian dago jarria hitzordua,17.30etatik aurrera. Bertan jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Kantuan arituko den seikoteari begira bertsolaritzak Araban egin duen bidea errepasa daiteke; lehen bertso eskolak sortu zituen Serapio Lopezek Oihane Perearen dohainak deskubritu zituen ikastolan ikasle zuenean. Aramaioko Xabi Igoa Manex Agirrerekin hasi zen herriko bertso eskolan eta geroztik Perea bera eta Iñaki Viñaspre izan ditu irakasle. Araban bertsolari egindako gipuzkoarra, Asier Otamendi, astero biltzen da Serapiorekin bertsotan egiteko. Sarearen sare-begiak.

AMAGOIA MUJIKA TELLERIA ETA MAIDER IANTZI GOIENETXE

 

Lau belaunaldi kabitzeko moduko finalaSerapio Lopez Ortueta

«Ni neu harrituta geratu naiz aurreko saioetan eman dudan mailarekin»

Finaleko beteranoa da (Baranbio, 1960). Arabako lehen bertso eskolen sortzailea, Arabako bertsolaritza sortzen eta hazten ikusi du. Badira 25 urte azkenekoz final batean aritu zela, baina orduko finalek ez zuten oraingoen antzik. Sentitzen omen ditu tximeletak sabelean, baina urduritasun puntuari gailentzen zaio txapelketan egin duen bideak sortzen dion poza. Pozik dago, lehenengoz urte askoan urduritasuna eta kontzentrazioa kudeatzen asmatu duelako. Nola? Ispilu aurrean entrenatuta.

Printzipal antzokian kantatuko duzun lehen finala.

Bai, halaxe da. Nire istorioa nahiko luzea da. Orain dela 35 urte hasi nintzen bertsotan; lehen bertso eskolak martxan jarri genituen eta lehen txapelketa 1984an egin genuen. Txapelketa xumea izan zen, ez genuen ez esperientzia handirik, ezta maila handirik ere. Gero San Prudentzio Sariketa egin zen urte batzuetan. Bi finaletan kantatu nuen, 1991n eta 1992an. Geroztik ez dut lortu finalera iristea. 25 urte dira azkenekoz final batean kantatu nuela. Final oso berezia da niretzat.

Zein helburu daukazu?

Aurreko bi saioetan eman dudan maila eman nahiko nuke. Ni neu harrituta geratu naiz nire buruarekin, ez nuen espero bertsotan horrela egiteko gai nintzenik. Egia da nik, era batera edo bestera, beti erabili izan dudala bertsoa buruan. Bertsoa niretzako terapia izan da; une txarretan eta onetan baliabide gisa erabili dut. Baina lehen sekulako arazoak izaten nituen behar den kontzentrazio maila lortzeko. Urduritu eta aztoratu egiten nintzen. Batzuetan ez nuen lortzen ezta gai-jartzailea ondo entzutea ere. Urduritasuna nire etsaia izan da eta hala da oraindik. Baina bereziki landu dut kontzentrazioa eta lortu dudala uste dut. Hori izan da nire oraingo arrakastaren gakoa: goitik beherako kontzentrazio maila lortu dut bertsoei ekiteko orduan. Oso modu berezian lortu dut gainera.

Nola?

Ispiluaren aurrean kantatuta. Duela urtebete baino gehiago hasi nintzen etxean ispiluaren aurrean kantatzen. Horrek lagundu dit kontzentrazio maila ona lortzen. Ispiluak dena esaten dizu; jarri duzun aurpegia, bertsoa bota ondoren nola geratu zaren… Esango nuke horri esker lortu dudala bertsoak eskatzen duen kontzentrazio maila. Espero dut finalean horri eustea. Nik nahiko daukat Printzipal antzokian orain arte eman dudan maila ematearekin.

Araban bertsolaritza hazten ikusi duzu. Gainontzeko finalistak ere hazten ikusi dituzu, ezta?

Bai, eta bereziki Oihane Perea. Oihane nire aurkikuntza izan zen. Oihane nire ikaslea izan zen ikastolan, zortzi urte zituela; eta oso ona zen ipuinak idazten. Bere aitari, Guillermori, esan nion bertso mundutik bideratu behar zuela. 12 urte zituela hasi zen bertso eskolan eta ikusi noraino heldu den. Sekulako poza ematen dit eta harro sentitzen naiz egin duen bidearekin. Gainontzeko finalistak ere ondo ezagutzen ditut. Duela sei urtetik Asier Otamendiren bidea, esaterako, oso hurbiletik segitu dut.

Beteranoa izateak bere pisua izango du, ezta?

Nire erreferentziak oso desberdinak dira eta hor egongo da nire saioaren gakoa. Esaterako, nik ez daukat Whatsappik ere eta teknologia berriak oso urrun ditut. Konturatuta nago era horretako gaiak asko azaltzen direla azkenaldian saioetan. Horrelako gai baten aurrean, galduta nago, baldin eta ez badut asmatzen gaia nire aldera ekarri eta nire ikuskera agertzea. Hori izango da nire irtenbidea, nire ikusmolde propioa azaltzen asmatzea.

 

Lau belaunaldi kabitzeko moduko finalaAsier Otamendi Alkorta

«Txapeldun berria izatea nahi nuke, aurretik txapelik jantzi ez duen norbait»

Urretxuarra da izatez, baina 19 urte zituela Gasteiza joan zen ikasketak egitera eta bertan bertsozaletu zen. San Prudentzio Sariketan eta Arabako Txapelketan guztira bederatzi txapel lortu ditu eta gaurkoa bere hamabosgarren finala izango da. Esperientziak, baino, ez omen dio esperotako patxadarik ematen, adinarekin «urduriago» jartzen dela sentitzen baitu. Gaurko finalean txapeldun berria izatea gustatuko litzaioke eta kinielak egiten ere ausartu da, Viñaspreren alde.

Nolakoak izaten dira final bezperako egunak?

Aste urduri samarra izaten da, tentsio puntua egoten da, lasaitzen saiatzen gara, baina ezin. Final bezperako astean etortzen dira arazo eta min guztiak, tripako minak, egonezinak… denak. Baina, tira, finaleko paketearen barruan etortzen dira horiek.

Baten batek esango du ohituta beharko zenukeela, 15. finala duzulako eta etxean bederatzi txapela.

Bai, egia da, baina azkenekoz duela lau urte izan nintzen finalean eta lau urte asko dira. Adinarekin urduriago jartzen naizela uste dut.

Nola sentitu zara txapelketako orain arteko saioetan?

Ez naiz oso sasoian ibili azkenaldian eta txapelketak ahul samar harrapatu nauela uste dut. Bertsotan daramadan denborarekin, ia 25 urte, badirudi aurretik egindako lan guztia hor dagoela, bertsotan egiteko gaitasuna hor dagoela eta hori atera dut txapelketa honetan. Ez dut prestakuntza berezirik egin. Gasteizen astero biltzen gara, txapelketa egon edo ez, eta bertsotan egiten dugu. Horrek eusten gaituela uste dut. Txapelketa honetan dakidana erakutsi dut, ez besterik.

Zer helburu jarri dizkiozu zure buruari gaurko finalean?

Nire buruarekin konforme geratu nahiko nuke; umore puntua eta sakontasun puntua ditudala erakutsi eta bertsotan ahalik ondoen egitea da helburua. Txapelak ez nau gehiegi tentatzen, lehen lortu ditudalako eta ikusten dudalako beste batzuek ilusio bereziagoa dutela txapelarekin. Horregatik, besteren batek janzten badu, ni oso pozik geratuko naiz. Gainera, bereziki gustatuko litzaidake Arabak txapeldun berria izatea, aurretik txapelik jantzi ez duen norbait.

Txapeldun berria izateko aukerak ikusten dituzu?

Bai, aukera handiak ikusten ditut. Nik uste dut Viñaspre hautagai sendoa dela txapela janzteko. Urte asko daramatza hor goian, aurten oso ondo ikusi dut eta pentsatzen dut badela berak txapela janzteko garaia. Xabi Igoa ere ondo ikusten dut, baina gazteagoa da eta oraindik bidea dauka egiteko. Baina nire kinielan, Viñaspre txapeldun.

Kasik 25 urte daramatzazu bertsotan, guztiak Araban. Asko aldatu al da Arabako bertsogintza?

Bai, asko. Kantitatean aldatu da eta baita egiteko moduan ere. Lehen oso gutxi ginen eta denon beharra zegoen. Denborarekin bertsolari gehiago sortu dira eta bertsotan egiteko modu berri bat ere etorri da. Guk tradiziotik egiten genuen, gure idoloak Egaña, Lizaso, Uztapide, Basarri ziren, eta horien estilora aritzen ginen. Urteekin asko aldatu da euskara, diskurtsoa, umorea, generoaren ikuspuntua… aberastu egin da ikuskera eta bertsoa osatzeko, ulertzeko eta bizitzeko modu berriak etorri dira.

Zure lehen final haiek eta gaur jokatuko dena oso desberdinak dira, ezta?

Erabat desberdinak. Hasierako haiek lagunarteko juntadizoak izaten ziren, 50 lagun inguru areto txiki batean, gehienak gizonezkoak… Gerora aniztasuna etorri da, askoz jende gehiago biltzen da finaletan, Printzipaleko aretoa bera eleganteagoa da, 500-600 lagun, hedabideek arreta eskaintzen diote… Aldaketa hori guztia ikusi dut nik.

Gustatzen zaizu aldaketa hori?

Nik pentsatzen dut bertsoak baduela aldaera bat intimitatean, lagunartean, areto txikietan gauzatzen dena. Eta beste bat, publikoagoa eta jendetsuagoa. Biak dira garrantzitsuak eta zaindu beharrekoak. Horregatik ez zait gustatzen bat edo bestea hobea ote den esatea; biak dira beharrezkoak eta biek dituzte beren argi-itzalak. Ni, pertsonalki, fokuek ez naute gehiegi erakartzen, baina badakit bertsolaritzaren alde eta euskararen alde egiteko ezinbestekoak direla final handi eta jendetsuak. Zalantzarik gabe pozgarria da Printzipal antzokian 500-600 pertsona ikustea final batean. Gaur egun Gasteizen 50.000 euskaldun inguru izango dira eta hori oso pozgarria da.

Bertso mailari dagokionez, koska bat gora egin al du Arabako bertsogintzak?

Ez zait eztabaida horretan sartzea gustatzen. Bertsolaritza subjektiboa da eta ezin da neurtu oraingoa edo lehengoa ote zen hobea. Bertsolaritza ikusteko eta bizitzeko mila modu daude, bertsoak egiteko mila modu dauden bezala. Orain diskurtsoari eta ikuspuntuari lehen baino garrantzia handiagoa ematen zaie eta horrek aldaketa ekarri du. Bai, bertsolaritza aldatu egin da, baina ez dakit esaten hori hobea edo okerragoa denik. Oraingo margolariak lehengoak baino hobeak al dira? Iruditzen zait hori ezin dela neurtu.

 

Lau belaunaldi kabitzeko moduko finalaOihane Perea Perez de Mendiola

«Astintzeko garai baten atarian gaude. Energia txute bat behar dugu»

Estua izan da finalerako lehia; hautagai finkoak izan zitezkeenak ere kolokan egon dira. Horra iritsi ondotik lasai dago 1977an Gasteizen jaio eta Zalduondon bizi den Oihane Perea. Eta batez ere gogotsu, beti hagitz sentsazio politak izan dituelako Printzipal antzokian. Jada hiru aldiz egin denez txapelaren jabe, ez du horren obsesiorik eta ona iruditzen zaio dakiena egiteko.

«Hitzetik Hortzera» saioan adierazi zenuen ez duzula sufritzeko intentziorik.

Azken urteetan kontu pertsonalengatik apurtxo bat sufritzea tokatu zait. Serapiori aditua diodan bezala, niretzat ere terapeutikoa izan da beti bertsoa; momentu txarretan goxatu nau eta aurrera egiten lagundu dit. Orain oso ondo nago eta bertsoak behintzat ez dit sufriaraziko! [dio irriz]. Horren ordez, une on honen parte izatea nahi dut. Badut ondo egonda oholtzaratzeko gogoa, disfrutatuko dudalakoan eta gehiago gozaraziko dudalakoan.

Arabarekiko konpromisoa ere azpimarratzen zenuen.

Herrialde txikia da gurea, eta, gutako bakoitza, modu indibidualean bertsolaritzarekin lotua egoteaz aparte, modu kolektiboan ere badago lotua. Badugu erantzukizun konpartitu bat Araban bertsolaritza sustatu eta transmititzeari begira. Finalean gauden seiotatik batzuk hastapenetatik egon gara, beste batzuen irakasle izan gara, eta gure ikasle izandako batzuk ere hurrengoen irakasle izan dira. Hor badago kateatze bat eta ardura daukagu maite dugulako Araba eta bere prozesua bera, euskalduntzeko egin duen aurrerapausoa. Bertsolaritza ere horri eskutik emanda joan da, gu ere izan gara prozesu horren parte.

Lortutakoaren ospakizun bat ere izan daiteke finala.

Gure historia bera irudikatuko da, 1982an lehen bertso eskola sortu zenetik egindako bidea. Serapio izan zen horren parte. Hurrengo belaunaldia Asier eta biona izan daiteke, eskola haietako ume edo gaztetxoak. 90eko hamarkadan Manex, Iñaki eta kuadrilla horrek iraultza txiki bat ekarri zuen. Eta ondotik etorri da Xabi Igoa, gaur egungo belaunaldiaren adierazle. Gure herrialde barruko lurraldetasuna ere irudikatuko dugu: badaude Aramaio, Lautada, Gasteiz eta Aiaraldea. Bertsolaritzaren berreraikitze prozesu horretan protagonista izan diren eskualdeak eta bertso eskolak hor ikusiko dira. Publikoa ere horrek ekarria etorriko da eta derrigor izan behar du festa handi bat. Beste eskualde batzuk oraindik hastapenetan daude, baina lotuta daude eta hor egongo da Arabako Mendialdeko eta Errioxako bertso eskoletako jendea ere. Hurrengo urtean kuadrilla arteko txapelketa tokatuko da ondo bidez eta uste dut bide horretan zuzen ari garela, kolektiboa eta indibiduala elkarri eskua emanda eraikiz.

Horren irudi, txapela Karla Santisteban Arabako lehen bertso eskolaren sortzaileak jantziko dio irabazleari eta gainontzeko sariak ere bertso eskoletako kideek emanen dituzte.

Sarea da gurea. Bertsolaria izan daiteke bistaratzen den armiarma, baina makina bat jende dago amaraunean: gai-jartzailea, irakaslea, entzulea… Bada bertso eskolatik elikatzen den ekosistema oso bat, beharrezkoa bertsolaritzak osasuntsu iraun dezan Araban eta hazten jarri dezan.

Zein ezaugarri berezi ditu aurtengo txapelketak?

Iruditzen zait txapelketa honek egonkortu egin duela duela bi urte proposatu zen egitura berria. Puntak zorroztera behartzen gintuen txapelketa eskema bat planteatu zen: hiru finalerdi bi bueltakoak, ariketa exijenteagoak, finalera iristea lan baten ondorio izan zedin, baita txapelketan kantatzea ere, aurrekanporaketak egiten baitira. Arabak bertsolaritza serioski eta gogotsu hartzen duten bertsolariak behar ditu. Aurten egonkortu egin da apur bat egitura hori eta badago 18 bertsolariko talde bat txapelketa duin bat publikoari eskaintzeko gaitasuna erakutsi duena. Gero pena daukat finaleko atean geratu direlako justu bi neska [Andere Arriolabengoa eta Paula Amilburu], dezima batzuengatik. Bi finalerdietan hiru neska eta hiru mutil izan gara eta oso sentsazio atsegina izan da. Ia-ia Bizkaian bezala final parekide bat izateko zorian izan gara, baina ez da posible izan azkenean.

Egonkortu ondotik, zein erronka gelditzen dira?

Uste dut astintzeko garai baten atarian gaudela. Egonkortzeak erlaxatzea dakar, eta Arabako bertsolaritza beti izan da inpultso handikoa, gaztea zentzu horretan. Azken garai honetan energia txute bat behar dugu, berrikuntza bat. Finala horren abiapuntu izan daiteke motibazio aldetik inguruari eragiten dion heinean. Gazte labekada berri bat behar da, gogo berrituekin etorri eta prozesu honetan sartuko dena bertso eskolak elikatu eta gazte berriak plazaratzeko. Helduen bertso eskola egonkortu batzuk ditugu, baina ez dago gazte talde handiegirik. Beste garai batzuetan gehiago izan ditugu. Espero dut datorren inpultsoa hortik etortzea, horrek biziberrituko baikaitu guztiok.

 

Lau belaunaldi kabitzeko moduko finalaXabi Igoa Eriz

«Bigarren final honetan nire burua pixka bat gehiago estutu nahiko nuke»

Aramaioarrak 25 urte ditu eta taldeko gazteena da. Bigarren finala du gaurkoa eta aurrekoa adina gozatzeko asmoz igoko ditu oholtzako eskailerak. Oraingoan, baina, bere burua pixka bat estutzeko beharra ere sentitzen du. Arabako bertsogintzaren belaunaldi baten pausajea eramango du Printzipal antzokiko oholtzara eta horren jakitun da.

Irakasle izan ditu Manex Agirre, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre, finalean kantukide izango dituenak. Final on bat jostea izango da bere bertso irakasle izandakoei berarekin egin duten lana eskertzeko modurik txukunena.

Nola iritsi zara gaurko hitzordura?

Tentsio puntu bategaz eta urduri. Final bezperakoa ez da ohiko astea izaten, baina, aldi berean, oso pozik nago. Duela bi urte opari bat jaso nuen, eta, aurten, beste bat.

Bigarren finala eta bi urte zaharrago. Desberdina izango da, ezta?

Segur aski, bai. Pertsona bezala eta bertsolari bezala zeozer ikasiko nuen bi urte hauetan, nahiz eta badakidan oraindik asko dudala ikasteko.

Helburuak ere desberdinak?

Duela bi urte finalera disfrutatzera joan nintzen, ez nuen besterik buruan. Eta izugarri disfrutatu nuen. Beti esaten dut Osinaldeko finala eta Printzipalekoa izan direla nire plazarik berezienak. Aurten, berriz, nire burua pixka bat gehiago estutu nahi nuke. Gozatzeko helburua hor dago, bertsotan egiten dudan aldiro bezala, baina gustatuko litzaidake ikustea ea noraino iristeko gai naizen. Nire burua estutzeko asmoa izan badaukat.

Eta txapelari begirako asmoa?

Zeharka [barrez]. Alboan ditudan bertsolariak ikusita, normalagoa iruditzen zait haiek txapela helburu moduan edukitzea. Nire kasuan txapela ez da hain helburu gertukoa. Baina nire burua estutuko dut eta saioan zehar ikusiko dut noraino iristeko gai naizen eta noraino ez.

Presio handirik gabe arituko zara. Hori zure alde, ezta?

Ez daukat inongo presiorik, hori egia da. Daukadan ardura bakarra da bertso belaunaldi bateko kidea naizela eta belaunaldi horren presentzia bermatu behar dudala. Finalerako bidean geratu diren lagunak ditut, ni bezalaxe finalean kantatzeko aukerak izan dituztenak, eta horiei zor diet lan txukun bat egitea. Lagun horien babesa sentitzen dut, ez presioa, babesa baizik.

Finaleko gazteena zara.

Finala belaunaldi desberdinen arteko loturaren eta transmisioaren erakusgarri izango da. Nire irakasle izan dira Manex Agirre, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre. Iruditzen zait finaleko seikoteak oso ondo adierazten duela belaunaldi desberdinen arteko lotura eta transmisioa. Elkartetik eta antolakuntzatik garrantzia berezia eman zaie lotura horri eta transmisioari txapelketa honetan, eta finalean ederki islatuko da hori. Seinale lana ondo egin dela eta seinale bertsogintzak etorkizuna duela Araban.

Pentsa, seikotean hiru zure irakasleak izan dira bertsotan.

Manex Agirrerekin hasi nintzen Aramaioko bertso eskolan. Hasieran 25 mutiko ginen, bostek egiten genuen bertsotan eta beste hogeiak entzuten egoten ziren eta txalo jotzen zuten. Urte batetik bestera ni bakarrik geratu nintzen eta Aramaioko taldea desagertu egin zen. Orduan Oihane Pereak Legutioko bertso eskolara joateko aukera eman zidan. Eta, ondoren, Gasteizko bertso eskolara joan nintzen Viñasprerekin. Osabak eramaten ninduen astean behin Gasteiza eta nire zain egoten zen bertso eskolan nengoen bitartean. Hamabi urte nituenean talderik gabe geratu eta bertso eskolan jarraitzeko aukera eman izanak ekarri nau nagoen lekura. Bestela, aukera hori eman ez balidate, bertso mundua aparte utziko nuen. Horregatik niretzat oso berezia da beraiekin abestea, nigatik egin dutena eskertzeko modua dela sentitzen baitut. Eurei esker jarraitu dut bertsotan eta eurei esker iritsi naiz Printzipalera.

Gainera, Manex lagun handia da eta berekin abestea asko gustatzen zait. Ohituta nago berekin abesten, ezagutzen dugu elkar eta horrek eroso sentiarazten nau.

Amak beti esaten dit, «Manexekin eta Viñasprerekin baldin bazaude, trankil, egingo duzu bertsotan».

Zu ere bertso irakasle lanetan zabiltza orain.

Orain Aretxabaletan bizi naiz eta bertan helduen talde bat daukat; ni neu naiz gazteena. Aramaioko bertso eskolan erreleboa lortu dugu eta nire ikasle izandako Ander eta Paula dabiltza irakasle bertso eskolan. Orain Bertsozale Elkartean bestelako lan batzuetan nabil, oso gustura, eta ez daukat zalantzarik bertan segituko dudala.

Asko ari da aipatzen txapeldun berriaren kontua. Zu zeu zara finalistetan txapeldun berria izateko aukerak dituenetako bat.

[barrez] Egia da hori. Ni gozatzen saiatuko naiz, bertsotan egiteko nire motibazio nagusia hori izaten delako beti; gozatzea. Hortik aurrera, ikusiko da.

 

Lau belaunaldi kabitzeko moduko finalaIñaki Viñaspre Simon

«Gure bertso mundua gaztea da eta horrek libreago egiten gaitu»

Iñaki Viñasprek (Abetxuku, 1984) final guztietan kantatu du 2004tik. Duela bi urte bigarren egin zuen, txapeletik hurbil gelditu zen eta aurten janzteko nahi berezia sumatzen zaio. «Ez da helburua, azkenean ez dagoelako norberaren esku txapela eramatea, baina bada grina pizteko arrazoi on bat», agertu du.

Zer erranen zenuke irabazleari txapela jantziko dion Karla Santistebani buruz?

Bertsotan ez dut gehiegi ezagutu, baina bai irakasle bezala. Eskolako ume eta gazteak ekarri izan ditu beti saioetara eta beraientzako ekitaldiak antolatu izan ditu. Bertso eskolan berarekin ez ditut egun asko konpartitu, baina ezagutu izan dut gertuko zale bat eta ingurukoengan zaletasun hori txertatzen edo zabaltzen saiatzen den gizon bat.

Zer sentsazio izan dituzu finalera iritsi aitzineko bi saioetan?

Beharbada kantatu antzera egin nuen, baina ezberdin sentitu nintzen bietan. Lehenengoa Zigoitian izan zen, aretoa jendez lepo eta neu ere oso zentratuta eta gogotsu. Egia da bukaera aldera puntuak erantzuten poto egin nuela; horrek amorru pixka bat eman zidan eta ez zidan etxera guztiz zapore onarekin joaten utzi, baina orokorrean nahiko saio ona egin nuela uste dut. Bigarrenean, Legution, kantatzen gustura aritu nintzen eta bertsokideekin ere bai, baina iruditzen zait ez nuela hain saio borobila egin. Akatsik gabea bai, baina ez nuen neukan guztia eman. Finalerako helburua horixe da, hain zuzen, bidean utzitako hori guztia eman ahal izatea. Askotan gertatzen zaigu, modu batera aterako dela pentsatzen dugu eta azkenean ez dugu asmatzen.

2004tik Printzipal antzokian kantari, zer etortzen zaizu burura plaza hau aipatzean?

Txapelketa bakoitza ezberdina da, ez tokatzen zaizkigun kideengatik eta giroagatik soilik, norberaren egoeragatik ere bai, nola gauden urte horretan eta zein asmo ditugun bertsotan. Denetarik gogoratzen dut. Gaizki uste dut ez dudala inoiz pasatu. Gaizki egin agian urteren batean bai [dio barrez], baina gaizki pasatu ez. Beti iruditu izan zait festa bat dela Arabako bertsolari eta bertsozale gehienak elkartzen garelako eta saioaren ondotik ere denok elkarrekin ospatzea izango delako asmoa.

Zein jarrerarekin joanen zara? Nola sentitzen zara bertsotan?

Hori zaila da jakitea eguna iritsi arte. Gogotsu nago, ahal dudan guztia emateko prest. Kontziente naiz kideek ere maila handia dutela; bakoitzak zerbait emango dio finalari, horretaz seguru nago. Oraingoz lasai nago, gogoz eguna iristeko eta lan txukuna egiteko. Gero, txapela janzten badugu, askoz hobeto.

Seikotean belaunaldi eta eskualde ezberdinetako kideak zaudete, bata bertzearen irakasle eta ikasleak.

Araban nahiko ohikoa da gure artean nahasketa egotea. Ez da txapelketan bakarrik gertatzen. Belaunaldi gazteagokoa den Xabirekin adibidez askotan kantatu dut, baita duela urte batzuk Serapiorekin ere. Oihane eta Otamendirekin ere askotan, eta, jakina, Manexekin. Adina eta belaunaldiak aipatzea interesgarria da. Lau belaunaldi ezberdin gaude finalean, baina horretaz gain, esango nuke sei bertsokera ezberdin gaudela. Bertsoa ulertzeko, kantatzeko eta bizitzeko sei modu desberdin.

Bertso eskolak eta beren sortzaileak omentzeaz gainera, historia ere eginen da, duela 35 urtetik sarea nola doan josten eta herrialdean barna hedatzen azalduz. Garapen horren parte gisa, nola ikusten duzu bilakaera?

16 urterekin hasi nintzen bertsotan. Bertso eskolak baino gazteagoa naiz eta sartu nintzenerako nahiko aurreratua zegoen guztia. Halere, azken urteetan aurrerapauso handiak eman dira. Hasieran Aiaraldeko eta Gasteizko bertso eskolak zeuden eta gaur egun Araba osorako bertsozale elkartea daukagu, zortzi eskualdeetan ibiltzen dena. Toki guztietan ikusten ditut taldeak. Hasieran tokatu izan zait herri batera joatea bertso bazkari batera eta jendeak ez jakitea bertsoak zeudenik, ezta bertsoak zer ziren ere. Orain bertso saio edo afari batera hurbiltzen den edozeinek daki zer den bertsoa eta hori bera aurrerapauso bat dela uste dut. Bestalde, askoz bertsolari gehiago daude. Gure bertso mundua gaztea da, gehienak gazteak gara eta horrek ere ezberdintzen gaitu beste herrialdeetatik, gazteagoa izateak badituelako bere alde onak eta txarrak, eta horrek ere ematen digulako izaera berezi bat. Uste dut Araban libreago garela nahi dugun bezala egiteko neurri handi batean. Ez dauzkagu hainbeste eredu eta horrek bere alde onak eta txarrak ditu.

Probatzeko edo esperimentatzeko aukera gehiago ematen ditu, agian?

Edo zuk zure moduak sortzeko.

Zein erronka dituzuela erranen zenuke?

Arabako finala, lehenengo erronka! [dio irriz]. Gero, Arabako bertsolaritzarentzat bere erritmoan handitzen jarraitzeak izan behar du erronka. Plaza sare eder bat dago, bagara bertsolari batzuk edozein plazatan erantzuteko modukoak, eta gustatuko litzaidake etorkizun hurbil batean jende gehiago izatea plazara gerturatzen dena, plazak ere zabaltzea, herri txikiagoetara iristea eta gaur egun bertso eskoletan dabiltzan gazteek plazara salto egitea.

Zu Abetxukukoa zara. Bertan badago bertso eskolarik?

Ez. Duela urte batzuk ume taldetxo bat egon zen, baina utzi zuten. Ni Gasteizko bertso eskolan hasi nintzen. Abetxukun gaur egun saioak ere gutxi egiten dira. Lehen egiten ziren jaietan.

Gustura zaude egiten dituzun plazekin?

Bai. Egiten ditugu batzuk. Gehienak Araba barruan izaten dira: bertso afariak, poteoak, plazako saiotxoak… Niretzat, gainera, aberasgarriak dira bai plazak bai txapelketa, gutxienez maila berdinean.

 

Lau belaunaldi kabitzeko moduko finalaManex Agirre Arriolabengoa

«Finala, garrantzitsua izateaz gain, oso ederra da. Jendea ez dator isilik eta geldirik egotera»

Oraindik ez du urduritasun handirik sumatzen gaur egungo txapeldunak (Aramaio, 1982). «Beste edizio batzuetan aurreko astean nerbio batzuk agertu izan dira, baina aurten nahiko lasai nago eta eskertzen dut». Astelehenean, prentsaurrekoan, finalista denak egon ziren elkarrekin, eta gehiagotan ere gelditu dira batera egoteko eta talde sentimendu hori indartzeko. «Horrek finalean sartzen hasteko balio du. Egongo diren sentsazioak aurreratzen hasteko, aurreikuspenak egiten hasteko eta helburuak jartzeko. Buruari buelta larregi eman barik eta asko urduritu barik prestaketa mental moduko batean sartuta gaude».

Kontzentratzen, kirolariek egiten duten bezala.

Izan liteke. Zoritxarrez kirol handirik ez dut egin, gehiago egin beharko nuke agian, eta ez dakit ze sentsazio edukiko duten adibidez pilotari profesionalek partidaren aurretik. Gu ez goaz bakarrik, nahiz eta txapelketan bakarka hartzen dugun parte. Kolektibo baten parte gara eta elkar oso ondo ezagutzen dugu. Sei aukeratu gara, baina seion atzetik beste jende kopuru handi bat dago, Arabako bertsolaritzaren oinarria. Ardura hori daukagu. Ez dakit konparagarria den futbol talde baten bazkideekin edo zaleekin. Gure buruarekin dugun exijentziatik aparte konpromiso bat daukagu Arabako bertsozaleentzat eta kanpotik etortzen direnentzat taldeko saio on bat egiteko. Izan dadila hori pizgarri bat, ez pisu bat. Motibazio bat izan dadila jendearenganako dugun konpromiso hori.

Aipatutako bertsozalea asetzeko konpromisoaz gain, zein asmo pertsonal duzu finalean?

Txapelketa otsailean hasi zen eta bi saio eduki ditugu finalera iritsi aurretik. Bi saio horietan ez nintzen aritu gura nuen bezain ondo. Ez naiz asko kexatuko finalera heldu naizelako, baina ez nintzen nire buruarekin gustura geratu. Batzuetan sentsazioa eduki nuen gozatzea ere kosta zitzaidala. Azken bi asteetan sentsazio hori jada ahaztu dudala uste dut eta gurako nuke halakorik ez errepikatzea. Nik uste ezetz, finala, garrantzitsua izateaz gain, oso plaza polita baita. Zaila da bertan txarto pasatzea. Festa bat da eta festa batean txarto pasatzen duena etxera doa eta listo.

Denok diozue Printzipal antzokia hagitz ederra dela.

Bai, Gasteizko antzoki ofiziala da, horrek esan gura duen denarekin. Tradizio luzeko antzoki klasiko bat da, Victoria Eugenia eta Arriaga izan ahal diren moduan Donostian eta Bilbon; txikitxoagoa, bilduagoa. Oso ederra da leku fisiko moduan. Antzerkiak eta kontzertuak izaten dira, hau da, publikoa isilik eta geldirik egon behar den ikuskizunak. Kasik bi hamarkada dira lehenengoz Arabako finala Printzipal antzokian egin zela eta jendearen erantzuna ikaragarria izan da. Jendea ez dator isilik eta geldirik egotera; gogotsu dator, bero, oso animoso. Txapelketako final baten aurrean beste edozein lekutan moduan erantzuten du beste era bateko gauzak jasotzeko diseinatuta dagoen leku batean, eta kontraste hori asko gustatzen zait. Ez dut uste urtean zehar pankartarik egongo denik Printzipal antzokian, adibidez. Hortik aparte, Arabako bertsolaritzaren tamainarako, jende gehien biltzen den saioa da, eta horrek morbo apur bat ematen du. Jende ezaguna eta ezezaguna ikusten duzu, eta bilgune izaera hori oso ederra da. Inguruan aurretik egoten den giroa, ostean ere bai… Gauza asko ditu leku horrek.

Seikoteari erreparatuta, nolako finala aurreikusten duzu?

Lau finalista klasiko gaudela esango nuke [irri egiten du], hau da, final batean baino gehiagotan egon garenak lau gara: Asier Otamendi, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre eta ni. Printzipal antzokia oso ondo ezagutzen dugu eta horrek final eroso baterako oinarria ematen du, nahiz eta gero edozein gauza pasa litekeen. Baina esango nuke final on baterako oinarrietako bat izango dela esperientzia. Gero, Xabi Igoa dago, gazteena. Duela bi urte parte hartu zuen lehenengoz finalean, eta ikusten dizkiodan anbizio, ilusio eta gogoa guretzat oso inportanteak dira eta finalarentzat ere bai. Bizitu egingo du finala Xabik eta kolore bat emango dio, besteok agian ez duguna lortuko. Serapio ere badago, lehendabiziko aldiz parte hartuko du finalean, eta azkeneko egunetan berarekin egon naizenetan bere praketan kabitu ezinik ikusi dut! [Barre egiten du]. Poz-pozik dago, sekulako ilusio eta gogoarekin. Bere ametsetako bat finalean kantatzea izan dela esan izan du betidanik eta lortu du. Horrek finalari plus bat ematen dio. Bertsokera aldetik bakoitzak gure ezaugarriak dauzkagu. Esango nuke ez garela batere bertsokera neutrokoak. Gai serio eta dramatikoetan ondo erantzuten duen jendea dago, eta umorez bizi-bizi kantatzen duena ere bai. Saio dinamikoa aurreikusten dut nik. Inor zalantzan baldin badago etortzeko, zalantza uxatu eta etor dadila, oso ondo pasako dugulako elkarrekin.

Lau belaunaldi kabitzeko moduko finala