KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI

KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI –

Iñigo Astizek Berria egunkarian.


Koronabirusaren hedapenak ziurgabetasun handia eragin du aurrez ere prekaritateak gogor jotako sektore batean: kulturgintzan. Sorkuntza ere krisi honi aurre egiteko moduan dagoen jakiteko, lau sortzaile elkarteren zuzendaritzako kideak bildu ditu BERRIAk: Eneritz Artetxe (Ehaze), Garbiñe Ubeda (Euskal Idazleen Elkartea), Aitor Bengoetxea (Musika Bulegoa) eta Igor Elortza (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea).

 

KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
BERRIA

 

Guztira, ia 3.500 bazkide batzen dituzte lau elkarteen artean. Aurrera begiratuta lanbroa da nagusi, baina, hain zuzen, kulturgintzaren etorkizun lanbrotsu horri begira jartzeko eskatu die BERRIAk Euskal Herriko lau sortzaile elkartetako zuzendaritzei. Internet bidez batu dira solasaldian Eneritz Artetxe, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko zuzendaritzako kidea; Garbiñe Ubeda, EIE Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria; Aitor Bengoetxea, Musika Bulegoa elkarteko lehendakaria; eta Igor Elortza, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kidea. Tarteka euren ahotsetik, tarteka elkartean kide dituzten lagunekin kontrastatu eta partekatutako jarreretatik, beren kezken berri eman dute guztiek, tarteka itxaropen tanta batzuk ere utziz. Oro har, zalantzaz beteta ikusten dute etorkizuna. Musika jaialdi handirik gabe joango da uda, adibidez, eta ikusteko dago udazkenean zer pasatuko den. Itxura guztien arabera, moldatuta egin beharko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta abenduko Durangoko Azoka, eta, horregatik, epe ertain eta luzera begiratzearen garrantzia ere nabarmendu dute.

Eta, beraz, eutsi ahalko zaio? «Bai, noski», eman du postaz erantzuna lehen kolpean Bengoetxeak, «zer erremedio», eta lauko solasaldia hasi bezain pronto heldu dira zehaztapenak.

Pentsatzekoa da orain baina bat etorriko dela.

AITOR BENGOETXEA: Bai, baina asko daude. Eutsiko diogu, baina nork? Baina zeri? Baina nola? Musikaren alorrak barruan hartzen ditu Donostiako Tabakalera ondoko pasabidean, kalean, dirua eskatzen dabilen musikariarekin hasi, eta urtean txanpon gehixeago bildu eta bizitza erdi konpondua duenarenganainoko guztiak. Ahula ahulago bihurtuko da, eta indartsua zerbaiti eusteko moduan egongo da. Egiturak, zirkuituak, sarea, ehuna eta hori guztia ahulduko direla, hori da beldurra. Aretoak, esaterako. Kultura Naiz elkartean, adibidez, hamasei areto inguru daude, eta ez dakit zenbat eta nola irekiko diren. Egitura pribatuak dira, diru publikoaren sostengurik gabeak, eta horiek dira musikaren udazken eta neguko babeslekuak. Udakoak gehiago dira jaialdi handiak, herriko festak, kontzertu zirkuituak, eta horiek ere bertan behera gelditu dira, handienetik hasi eta txikienera, domino fitxak bezala. Hori da egituren argazkia, eta hor daude, noski, musikariak ere. Oraintxe irten naiz beste elkarrizketa batetik, eta denetarik entzun dut hor: bertan behera geratzen diren proiektuak, bizirik irauteko diru sarrerak bermatzeko errenta laguntzak eskatzen dabiltzan musikariak… Ikusten dena da izebergaren punta, eta ez du batere itxura onik. Gero etorriko denak beldurra ematen dit. Gaudenok heldu beharko diogu; birpentsatu beharko dugu, eta betiko moduan jarraitu; bueno, betiko moduan ez: okerrago. Eta aurreko krisialditik pixka bat egituratuta eta muskulu pixka bat eginda bageunden, ba, berriro jausi da dena.

Beste sortzaileentzat ere balio du ahultze orokorrarenak?

ENERITZ ARTETXE: Guk, antzerkilariok, hasieran izan genuen inpresioa hilabeteren edo hilabete biren kontua izango zela hau, eta, gutxienez, udazkenaren bueltan hasiko zela martxan programazioa. Baina oraintxe gure irudipena da urte bukaerara arte iraungo duela, eta jendea hasi da hortik aurrera ere ez ikusten etorkizunik. Lehendik prekarioa zen gure egoera; egituratu barik geunden, eta argi geratu da geroko zer edo zer behar badugu, ba, berregituratze bat behar dugula, edo beste egituratze bat. Krisi honetan argi ikusi da egitura faltaren ebidentzia hori, eta argi geratu da, era berean, momentu honetan bizi dela ahalduntze baten beharrizan hori. Orain arte egituratu barik eta erdigunean jarri barik egon gara, gure beharrizanak entzunarazi barik. Hasteko, guk eduki behar dugu argi hori, eta, gero, neurri jakin batzuk adostu beharko genituzke, eta gobernuek eta udalek kontsekuente izan behar lukete horrekin.

IGOR ELORTZA: Orokorrean, artistak mugatu dira sortzera, eta egon da idazteagaz edo kanta egiteagaz bakarrik obrak bere bidea berez egingo zuen uste moduko bat. Hedapen lanaz arduratzea gaizki ikusita egoteraino, sortzailearen lanaren ikuspegi bohemio eta, aldi berean, etxekalte horren ondorioz. Nire ustez, oraingoan espabilatzen ez bagara, ez dakit zer beharko dugun ahalduntze hori gerta dadin. Bertsolariok badaramatzagu 30 urte pasa egituratzen, eta bertsozaleek, profesionalek zein amateurrek, zaleekin batera egin dute bide hori, eta iritsi gara ahalik eta egitura burujabeenak sortzera eta hedapenerako, antolakuntzarako eta dokumentaziorako bitartekoak geure eskuetan hartzera.

Egituratze hori lagungarri izan daiteke kolpeari eusteko?

I. ELORTZA: Ematen du honek denbora luzetxo baterako emango duela, eta darwinismo sozio-kultural-ekonomiko gogor bateko pare bat urte datozela. Eutsiko zaion baino gehiago, nik buruan dudana da zer egin dezakegun eusteko. Elkartean iruditzen zaigu behar dugula epe ertainerako begirada bat eta sosegu pixka bat, kultur mundua ere jausi litekeelako, batetik, halako produktibismo batean, eta, bestetik, boluntarismo-aktibismorako desbideratze bat ere egon daitekeelako. Horregatik da garrantzitsua epe ertaineko begirada. Kulturgileok, eta kulturgile esatean sortzaileez gainera, kudeatzaileez eta zaleez ere banabil, birkokatze bat behar dugu guztiok, testuinguru berri batean gaudelako, eta honek aldarte sozial berri bat utziko duelako. Adibidez, espero dugu zuzenekoa bueltatuko dela, baina digitala ere geratuko da. Eta garrantzitsua da kudeaketan bitartekoen burujabetza ahalik eta handiena hartzea, eta horretan garrantzi handia du zaleekin egindako bide horrek. Horrek erakutsiko du zer eskaini eta eskatu diezaiekegun erakundeei, hedabideei, hezkuntzari eta babesle pribatuei.

Idazleen Elkarteko kideen artean gutxiengoa izango dira idazle profesionalak. Eutsi ala hautsi, zer gertatuko da?

GARBIÑE UBEDA: Oso garbi daukat hautsi egin behar dela. Honek ez du putzik balio; lehen ere ez zuen balio. Idazle gutxi dira profesionalak edo horretaz bizi direnak, eta profesionalak direnek ere ez dute idatzi bakarrik egiten; ezin zara idatziz bakarrik bizi, eta, orduan, badira erdi kazetari, erdi hizlari, erdi bertsolari… denetatik egiten dute, eta halako amalgama bat dira. Baina horiek gutxi batzuk dira, ze gehienak beste ofizio batean aritzen dira, idazkuntzak ez duelako bizitzeko ematen, eta horiek denak izugarri puteatuta zeuden lehendik ere. Imajinatu liburu bat argitaratu eta haren promozio edo antzeko zerbait egin nahian joan zarela, demagun, irakurle klub batera, eta hori kobratu ahal izateko, 200 euro mixerable, behar dituzu sinadura elektronikoa eta faktura eta beste hamaika gauza. Absurdora iritsi da egoera inoiz. Autonomoetan alta eman behar zenuen, hilabetean minimo 300 euro ordainduz, 200 kobratu ahal izateko. Gainera, aipatutako amalgama horiek ere eskoletan daukate diru iturri handi bat: beren liburuak aurkeztera joaten dira, baina hori ogasunarentzat beste epigrafe batean dago; hezkuntza da hori, eta horrela txoratzen dute jendea. Kultura zaku bat da, eta hezkuntza beste bat, eta guk egon behar dugu zaku batean edo bestean, baina ezin da, ze denetatik lardaskatu behar duzu, bestela ezin zarelako bizi. Sistema da penagarria, eta euskarara ekarrita, are penagarriagoa.

Bereizketa hori arazo iturria da, hortaz.

G. UBEDA: Gero eta gutxiago sinisten dut sektoreetan eta halako bereizketetan; idazle, musikari, bertsolari: denok antzeko muinean gaude, eta zein da gure problema latza? Euskara. Ez dago modurik hor bizitza duinik egiteko. Ustez bitartekoak jartzen zaizkigu, baina gezurra da, ze sortzaile horiek ezin dute hortik bizimodua atera. Ez da negar egiteagatik, eta ez da koronabirusagatik: lehendik zetorren gauza bat da, eta egungo egoerak agerian jarri ditu gauzak. Eta gauzak are ageriago uzten dituen burla bat izan da Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza horiena. Hautsi beharrarena hortik dator. Gu ez gara kultura sektorea. Kultura guretzat lausoegia da; kultura ez, gu transbertsalagoak gara. Benetan sinisten badugu euskarak eta gure kulturak egiten gaituela, kultura egiten duten horiek dinamizatu behar dituzu, horiek direlako bazka ematen dizutenak. Kulturaren alor horretatik bakarrik joz, gu beti galtzaile gara; idazleen kasuan, behintzat, nabarmen. Euskararena ez bada, ez dakit zein den gure muina.

Nolakoak izan behar lukete laguntzek etorkizunean kulturgintza bideragarri egiteko?

I. ELORTZA: Bat: ez gabiltza eskean. Eta bi: ez gaude zain. Larrialdi egoera batean aringarri suerta litezke laguntzak eskuratzen dituztenentzat, baina hori besterik ez dira. Gainera, den beste diru da, ez du ia ezertarako ematen; denboran mugatua da; zozketa bidezko kontu horri buruz ere luze egin daiteke berba; eta gero baldintzena dago, eta hor epigrafeena sartzen da, adibidez. Bertsolarion kasura joanda, egoera oso paradoxikoa da, ze, kasu konkretuak aipatzearren, Euskal Herriko azken hiru txapeldunak ezingo dira Eusko Jaurlaritzaren laguntza horretara aurkeztu ere, epigrafeen kontuagatik, eta izango dira, edozein adierazpide eta hizkuntzatan, azkeneko hiru hamarkadatan plaza gehien egingo zituzten hiru artistak. Hirurak dira autonomoak, eta hirurek dituzte fakturak, baina ez dira sartzen laguntzak jaso ahal izateko egon behar luketen epigrafe zehatzetan. Ezingo dira aurkeztu ere egin, eta, ostera, aurkeztu ahalko dira Espainiako Gobernuak autonomo guztientzako zabaldu duen etenaldirako laguntzetara.

G. UBEDA: Teorian, galdu duzunaren konpentsazio bat dira laguntza horiek. Gezurra da; ez dute konpentsatzen. Hasteko, bertsolari batzuek ezin dute, idazle batzuek ezin dute, idazle eta gidoilarien epigrafetik kanpo utzi dituztelako, adibidez. Eta konpentsazio bat izan behar lukeen arren, eskuak lotzen dizkizun zerbait da azkenean, zeren, oker ez banago, diru laguntza jasotzen duzun bitartean, ezin duzu fakturarik egin; beraz, ezin duzu lanik egin. Eta, gainera, zer kopuruz ari gara? Ze miseria bat izango da. Bostehun euro? Eta horrek lotzen zaitu gerora lan ezin egitera. Etorri litezkeen lanetarako ez dizu aukerarik uzten. Hori ez da diru laguntza bat, eta ematen du ohore bat egiten ari direla. Nik ulertzen dut egoera honetan oso zaila duzula laguntzak erraz ematea, justifikatu behar direla, nahi duzun guztia, baina, mesedez, tranparik ez. Ni orain Iparraldean nago, eta egin beharreko eskaera oso sinplea zen; azaldu nuen iaz zenbat diru irabazi nuen eta aurten ez dudala irabazi. Zin egin dut hori horrela dela, sinistu didate, eta dirua eman didate. Gero, beharbada, pasatuko dira inspektoreak, eta konprobatuko dute dena, baina hainbeste txorakeria gabe.

Eta aurrerantz begira, beraz, zein litzateke eskaria?

A. BENGOETXEA: Honek erakusten digu lehendik lan egiteko zer modu zegoen, zer egitura, sortzeko zer modu, kontsumitzeko zer modu… Eta hori guztia ikusita, lau tiritarekin gabezia guztiak tapatzea oso zaila da. Eta, gero, gainera, hasten bazara musikarien artean ere ohikoak diren egun bakarrerako alta eta bajak ere kontuan hartzen, ba, musikarien ehuneko txki-txiki-txiki batek jaso ahalko ditu laguntza horiek. Etorkizunera begira, auto-eraketan eta ahalduntzen eta autonomia maila gehiago lortzen egin behar da indarra.

E. ARTETXE: Galdera da ea zer izan daitekeen baliagarria, ezta?

Bai. Zer-nolako tresna behar duen kulturak orain.

E. ARTETXE: Guk ez diegu bakarrik aktoreei begiratzen: guk geruza guztiei erreparatuta ikusten dugu antzerkia, bertsolariek bertsolaritza moduan; eszenografoak, zaleak, antzokiak… Bakoitzak horma juridiko bat dauka. Badaude autonomoak, badaude enpresak eta badago denetarik, baina badago figura horietatik guztietatik pixka bat daukan jende asko ere; collage modukoak dira antzerki munduko asko. Igual zazpi proiektutan sartuta dago, eta haietako batean autonomoa da, beste batean kontratupean dago, beste batean kontratatzen… Profil hori ere hor dago. Aktoreen kasuan hori gertatu da, eta pentsatzen dut musikarien eta teknikarien kasuan ere gertatuko zela, larrialdi egoera hasi zenean pertsona horiek guztiak bajan zeudela, ze ibiltzen gara lanaren arabera alta eta baja ematen. Momentu horretan, esan didatenez, jende gutxi-gutxi zegoen lanean alta emanda, %20 bakarrik, eta beste guztiak kanpoan geratu dira, eta horregatik dabiltza enpresak eta antzerki taldeak eta abarrekoak horri buelta eman nahian. Artistarenganako begirada zabalagoa beharko litzateke, gauza hauek guztiak ez izateko hain konplikatuak. Gure collage izaera honi dagokionez, pentsatzen dugu, adibidez, Iparraldean dagoen intermitentziaren figurak nahikoa erraztuko lukeela kontua. Ez bakarrik orain, larrialdi egoeran, baizik eta gero ere bai. Figura horrekin, artista ez dago hain zortearen menpe, orain altan eta orain bajan, figura horrek kontenplatzen duelako denboraldi oso bat.

I. ELORTZA: Nik uste dut oinarrizko hiru lerro bota litezkeela. Lehen lerroa Eneritzek aipatu duen hori litzateke: gure espezifikotasunari toki legal bat ematea. Topatzea, aitortzea, eta gizarte segurantza, intermitentzia aukera eta abarrekoekin sortzaileei beren baldintzak ematea. Bigarren lerroa, berriz, kultur bitartekari eta antolatzaileei ere dagozkien neurriak ezartzea litzateke; adibidez, kulturarentzako BEZ zergaren gaiari helduta. Gure kasuan, adibidez, Lankuk [Bertsozale Elkarteak 2003an sortutako kultur zerbitzuetarako enpresak] antolatzen duenean saio bat, %21eko BEZa aplikatu behar du, eta horrek asko zailtzen du bai Lankuren lana, bai antolatzaileena ere. Eta gero kontuan hartu behar da, era berean, kulturan orokorrean, baina euskarazko kulturan bereziki, herri mailako antolakuntza asko dagoela, eta horiek ere halako linbo juridiko batean topatzen direla, kobratzeak nola egin ere oso ongi ez dakitela. Administrazioarentzat erraza litzateke horrentzat guztiarentzat aholkularitza moduko bat ipintzea.

 

Eta hirugarren lerroa?

I. ELORTZA: Beharrezkoa da kultur kudeaketaren ikuspegi soziala ere badaukaten politika instituzionalak egotea. Hitzarmenak behar dira hemen gauden moduko elkarteekin, apur bat epe ertainera lan egiteko sosegu pixka bat eskainiko dutenak, hezkuntza egitasmoetan ere sartzeko, hedabideetan egin daitekeen lana ikusteko… Nik uste dut aipatu ditudan hiru horiek ez direla beste munduko ideiak, ez direla gauzatzen hain gaitzak. Eta horiek egingo balira, askoz hobeto egongo ginateke, ze, zintzo esanda, orain arte ez dira egon horrelako baldintzak, eta inportanteak direnak egiturazko baldintzak dira.

E. ARTETXE: Uste dut kudeaketaren erabaki asko udalen kontura utzi direla. Ahalduntze horrez guztiaz aparte, horregaz bat, gure berba ere entzun beharko lukete, eta kontuan hartu guk zer beharrizan daukagun lanean jarraitzeko. Entzutea apur bat. Eusko Jaurlaritzak ez du egin, adibidez, ez praktika onen gidarik, ez egin beharrekoen bestelako zerrendarik ere, eta udal askotan erabaki batzuk hartzen dabiltza onenak ez direnak. Batzuek ez dakite zer egin, eta bururatzen zaien aurreneko gauza egiten dute, eta programazioa bertan behera uzten dute. Erremedioa izango zen adostea zer komeni litzatekeen egitea, gauza guztiak ez bertan behera geratzeko, ze leku batzuetan egon da, bai, jendea emanaldiak kobratu dituena, nahiz eta ez egin. Hemen ez. Adibidez, ondo legoke atzeratzeko konpromisoa hartzea. Bi gauza horiek: batetik, entzutea, eta, bestetik, praktika onen gida moduko hori, zeri heldu jakiteko.

Euskarazko sorkuntzaren zaurgarritasun berezia nabarmendu duzue, eta esan liteke euskal kulturak bi dentsitate gune nagusi dituela: bertsolarien kasuan, bertsolari txapelketak, eta idazle, antzerkigile eta musikarien kasuan, Durangoko Azoka. Ez dirudi horiek ere orain arte bezala egingo direnik. Zer ondorio du horrek?

G. UBEDA: Beharbada mesederako ere izan daiteke. Durangoko Azokak sekulako ikusgarritasuna ematen zuen, baina egun batzuetan bakarrik. Kritika batzuk bazeuden, ez Gerediaga elkarteari bereziki, baizik eta sistemari eginak; nola bihurtzen garen azoka egun batzuetarako, eta merkantilismo hori eta abar. Gainera, izan den erakusleiho fisiko hori digitala izan daiteke aurrerantzean. Eta bilgune bat izan daiteke gaurkoa bezalako saioak egiteko, gogoetarako.

A. BENGOETXEA: Nik dakidala hasiak dira horretan Gerediagakoak. Baina, bai, bi-hiru egunetako enpatxuak ez du urte osorako jaten ematen.

G. UBEDA: Guk ez daukagu erakusleihorik inon. Argitaletxe bakoitzak du berea, bertsozaleek edukiko dute berea, musikari batzuek edukiko dute zerbait, baina inon ez gaude elkarrekin denak.

A. BENGOETXEA: Euspotify egingo dugu [Irribarreak].

G. UBEDA: Gune potolo bat beharko genuke euskal kultura osoa erakutsiko duena. Hori ez dago, eta hor egon daiteke urteko uzta osoa, egon daitezke sortzaileen eztabaidak eta nahi duzun guztia, baina behar dugu leiho bat non agertuko garen.

I. ELORTZA: Behar da leiho hori, bai, eta behar da gurea izatea, eta monetizatzea ere bai neurri batean. Horregatik esaten nuen kultur sortzaileak ahaldundu behar direla, baina zaleekin batera, eta ahalik eta egitura burujabeena egon dadin. Txapelketen kontuari dagokionez, oso inportanteak dira, bai ekonomikoki, bai eta beste ikuspegi askotatik ere, eta oraintxe bertan Bizkaiko Txapelketa eta Xilaba txapelketa ere airean daude. Udazkenean egitekoak dira, baina, klaro, udazkenak zer gizarte girotan harrapatuko ditu bertsolariak, zaleak… Plaza geldi badago, zer zentzu du txapelketa bat egiteak? Zelan egin ahalko da? Herriek, udalek, babesleek… zer aldarte dute orain, zer dakite udazkenean zelan egongo diren, eta horrek kezkatzen gaitu. Eta, bestetik, orain ematen du urrun dagoela, baina 2021ean da jokatzekoa Euskal Herriko Txapelketa Nagusia, eta momentu honetan ez daukagu ziurtatzerik legalki egin ahalko den ere.

E. ARTETXE: Liburuak, ikerketak eta horrelako gauzak dira gure esparruan salbatzen direnak. Oholtza gainean gertatuko denari buruz ez dakigu askorik. Egia esan, ez dago euskarazko antzezlanak ikusteko eta esperientziak partekatzeko gune askorik: Aulestiko Adel (Bizkaia), Azpeitiko Antzerki Topaketak (Gipuzkoa), Gasteizko Baratza aretoak sortutako jaialdia… Baina izan dira egitasmo solteak, eta ez dakit hori dena zertan geratuko den. Gure kasuan, beldurra da ea kontu telematiko hau ez den izango bakarrik une bateko gauza, baizik eta ordezkatze baten hasiera. Azken batean, antzerkia pertsonen presentzia fisikoaren aldarrikapen bat da; humanitate arrasto hori dauka, ze jende bat elkartzen da, eta igual hori da antzerkiaren ezaugarririk garrantzitsuena. Buruhauste horregaz hainbat jende topatu dut.

Musika jaialdiak bertan behera geratzen ari dira egunez egun.

A. BENGOETXEA: Bilboko BBK Live erori da, Azkena Rock Festibala, Bay of Biscay, Euskal Herria Zuzenean… Denak! Donostiako Jazzaldia eta Gasteizkoa geratzen dira. Ez dakit 2021ean egongo diren. Krisi honek bertan behera bota ditu oso indartsuak ziruditen egiteko modu batzuk, eta orain udazken-neguetarako aretoak geratuko zaizkigu, eta, lehen esan dudan bezala, horiek ere ezbai handi batekin.

G. UBEDA: Bada krisi honek guztiak pizten didan esperantza bat, ze, azken batean, formatu txikia indartuko da orain, eta formatu txiki horretan gu sekulakoak gara! Horri heldu behar zaio. Askotan demostratu du euskaldunon herri honek sekulako gauzak asmatzen dakiela, musikariekin, marrazkilariekin; formatu txikiko gauza polit asko egin dira, eta nik udazken oparoa etorriko dela ikusten dut. Instituzioei begirako harreman horretan, bestetik, guk ere sinistu behar dugu daukagun boterean, egin ditzakegunetan eta gure hizkuntza honetan. Baina zer egin behar den hori sinistarazteko? Hori beste kontu bat da. Hezkuntzan eta beste toki askotan egin behar da lan hori, eta ez dut ikusten halakorik. Harrotasun gehiena nik bertsolarien artean ikusten dut; beste guztiok ez daukagu harrotasunik. Hor daukagu problema.

I. ELORTZA: Guztiz bat nator formatu txikiei buruz esandakoarekin, ze gure kasuan ere elementurik ikusgarriena txapelketa nagusia da, eta finala, baina urtean zehar egiten diren milatik gora bertso saio horiek ere inportanteak dira, eta horietan, gutxi gorabehera, batzen den ehun laguneko jende hori da gure indarra, gure funtzioa, gure sendotasuna, errotzea eta abarreko guztiak dakartzanak.

Apirilaren 21ean eta 22an, mila sortzailek baino gehiagok bat egin zuten greba digitalarekin. Bizi zuten estualdia salatzeko, egun horietan eduki kulturalik ez partekatzea erabaki zuten, baina beste hamaika eskari ere biltzen zituen deialdiak. Kulturgintzako eragile guztiak batzeko dei bat egiten zen, kultura nola kudeatu elkarrekin adosteko, erakundeekin parez pare eserita. Hori da bidea?

A. BENGOETXEA: Zail zait elkarte moduan horri erantzutea. Nik ulertzen dut eskaria, eta interesgarria egin zitzaidan hainbeste jende bildu izana, baina oso zaila iruditzen zait bilkura hori nola artikulatu daitekeen imajinatzea. Egin beharreko zerbait dela ere ikusten dut, lehen aipatu ditugun baldintzak eta azpiegiturak eta bestelakoak lortze bidean, baina eredu talka bat ikusten dut. Kualitate desberdinak daude gure jardunetan ere, eta profesionaltasun mailan, herrigintzaren eta militantziaren puntu desberdinetan dago jendea, eta ez dakit nola artikulatu ahalko litzatekeen hori guztia. Era berean, inoiz baino gehiago ikusten ditut korronte bateratsuak. Euskararen inguruan, formatu txikien inguruan, zero kilometroko kulturarenean… Hortik hasita zabaltzen joan daitekeen zerbait egon daiteke, eta ikusi ditut hor zantzu positiboak, baina gero goazenean jadanik egitura handiagoetara, hor talka handiagoak daude. Nola artikulatzen da BBK Live bat Baratza aretoarekin, poesia emanaldi batekin eta Literaturiarekin? Positibotzat hartzen dut, baina kosta egiten zait aurrera begira nola bideratu daitekeen pentsatzea.

E. ARTETXE: Niretzat sorpresa izan zen zenbateko atxikimendua izan zuen deialdi horrek, eta hor ikusi zen pil-pilean zegoen zer edo zer, eta jende pila bat sentitu zela horretara deituta, eta uste dut horrek esaten duela zer edo zer. Eta ikusten zen hor ere ahalduntzeko beharrizana.

G. UBEDA: Elkartearen barruan denetariko iritziak daude, eta nik ere neurea eman dezaket bakarrik. Ulertzen dut zer zegoen greba horren atzean, baina grebahitzak niri atentzioa eman zidan, hori ez zelako greba bat: hori beste zerbait zen.

Itzalaldi bat?

G. UBEDA: Lehendik ere batere ikusgarri ez ginenok itzali behar genuen; zergatik ez japoniar erara egin greba? Baina egoera zena zen, eta ez zegoen aukerarik hitz egiteko, zen greba bai ala greba ez. Bazegoen hor zerbait niri askorik gustatu ez zitzaidana. Dena den, pasatu da, eta eduki zuen arrakasta. Orain problema da guzti hori nola artikulatzen den, eta ea nork hartuko duen lidergoa, ze norbaitek lidergoa hartu beharko du, bestela, horrek ez duelako funtzionatuko, eta ez delako gertatuko. Gauzak gertatzen direlako ahalegina eginez, eta ahalegina da orduak sartzea eta bultzatzea, eta ez dakit zeinek egingo duen hori. Ni bueltatzen naiz betikora. Nire ustez, euskarak gehiago lotzen gaitu kulturak baino. Ez dut banaketa lerrorik ikusten kulturaren eta euskararen artean, hain dago lotuta dena, eta hain da dena bat. Horrekin nahikotxo tematu nintzen egun haietan. Gero ikusi dut oso ondo atera dela, eta poztu nintzen, baina uste dut zaku zabalago bat behar genuela, eta euskara da nire zaku zabal hori.

I. ELORTZA: Nik neuk uste dut grebaren punturik positiboena dela agendan ipini zela kultura nahiko nabarmen astebetean zehar, eta, esango nuke, gainera, euskarazko kulturaren inguruan ardaztuta, eta indar asko batu zen hor. Esan diren gauza asko ere ulertzen ditut, eta bat nator askorekin, baina uste dut badaudela bi zailtasun multzo. Bata da Aitorrek eredu talka deitu duena, ze edozein arlo antolatzeko, gutxienez, badira hiru logika: instituzionala, merkatukoa, eta gizarte antolaketarena; eta horretan katramilatuko bagina, oso zaila izango litzateke ezerk aurrera egitea. Eta bigarren zailtasun multzoa osatzen du ordubete pasatxo honetan ikusi dugun kultur munduaren askotarikotasun horrek; badirelako txikiak, handiak, adierazpide diferenteak, hizkuntzak eta abarrekoak. Hor katramilatuko bagina ere oso zaila litzateke aurrera egitea. Honek balio izatekotan batera aurrera egiteko gaur egun, aurrera egitekotan, minimotako egiturazko baldintza batzuk lortzeko lan egiten edukiko genuke esparrua. Eta lehen aipatutako batzuk badira denok behar ditugunak, eta denon egoerak hobetuko lituzketenak. Gizarte segurantzari forma ematea, bata, eta bitartekaritza eta antolaketa esparru horiei baldintza egoki batzuk ematea, bestea; uste dut gutxienez horiek konpartitu daitezkeen bideak direla, eta denok indartuko gintuzketenak. Lehen aipatu dudan hirugarren puntu horretan, ordea, kulturaren ikuspegi sozialari dagokion horretan, hor topatuko ginateke aipatutako bi zailtasun multzoekin. Baina minimo batzuetan aurrera egin daiteke. Ikusi beharko da nork lideratuta, eta egin ote daitekeen mila laguneko batzar bat eta abar, baina minimoetan egin daiteke.

KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI
KULTURGINTZA: EUTSI ALA HAUTSI