Kuba: bertsolaritza eta ‘repentismo’a aztergai Habanan, Arte eta Letretako Fakultatean egindako mahai-inguruan

bertsolaritza eta ‘repentismo’a aztergai –

bertsolaritza eta ‘repentismo’a aztergai

Habana, Kuba. Etxepare Euskal Institutuak Habanan duen Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzak eta bertako ‘Oralitura Habana’ elkarteak bat egin dute aste honetan ‘Punto y Bertso. Bertso y Punto’  izenburuko mahai ingurua antolatzen. Ekintzaren aurkezlea Unibertsitatean irakurle aritzen den Borja Arbelaitz izan da eta hizlariak, Luzmari Rodriguez Vichot irakurletzako ikaslea eta Alex Diaz Hernandez eta Leidys Hernandez Lima, ‘Oralitura Habana’ elkarteko kideak izan dira. Mahai ingurua joan den asteartean egin zen, martxoaren 20an,, Habanako Unibertsitateko Arte eta Letretako Fakultateko liburutegian.

“Xedea batez ere letretako ikasleak ziren edota edozein poesiazale, irakurletzako ikasleak baino”, azaldu dio Arbelaitzek EuskalKultura.eus-i. “Horiei neronek ematen baitiet bestela ere bertsolaritzaren berri”. “Karrera horretan literatura asko lantzen dute eta asmoa zen nolabait bertsolaritza eta repentismoa balioestea eta ezagutaraztea”, agertzen du.

Ondorioak

Helburu horrekin eta baita ere Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatzearren, ekitaldia egin eta ondorio interesgarri batzuetara iritsi ziren hizlariak. “Oso prozesu antzekoa bizi izan dute eta gaur egun ere bizi dute bertsolaritzak eta repentismoak: nolabait, nekazaritza-giro batean sortu ziren, heziketarik gabeko baserritarren edo guajiroen kontutzat hartu izan dira tradizionalki; eta horrek ekarri du ez jotzea goi-mailako literaturatzat”, azaltzen du.

“Gaur egun ere errealitate oso antzekoa bizi dute: bertsolari eta repentista garaikideek goi-mailako heziketa izan ohi dute eta hiri-giro batean sortu dira. Bietan emakumeen ahotsa eta presentzia gero eta zabalagoa da eta horrek beste aldaketa batzuk ere ekarri ditu”, laburbiltzen du irakasleak.

Habanako irakurletza

Gogora dezagun 2016an inauguratu zuela Etxepare Institutuak Habanako euskal irakurletza eta lehenengo urteak oso oparoak izan zirela lehenengo irakurlea izan zen eta izen handiko idazlea den Joseba Sarrionandiaren eskutik. “Pandemiak ia hiru urtez bertan behera utzi zuen irakurletza, eta horrek Sarrik ordura arte egindako lana galtzea ere ekarri zuen neurri baten”, azaldu du Arbelzaitzek. “Horrez gain, Fakultatean bertan katalana, galegoa eta turkiera ere irakusten dituzte, eta dena delakoagatik (batzuk hizkuntza erromantzeak direlako eta besteak askoz baliabide gehiago dituelako), erakargarriagoak suertatzen zaizkie ikasleei”.

“Hortaz, poliki-poliki ari gara euskal irakurletzako kideak gure sona zabaltzen, eta ikasleak lortzen. Seihileko honetan, 25 ikasle inguru ditut hiru ikasgaietan (Euskara I, Euskara II eta Introdución a la Cultura Vasca). Hala ere, pozik nago egindako lanarekin eta lortutako emaitzekin; adibidez, Luzmarik ematea bertsolaritzari buruzko hitzaldia, eta ez nik, oso adierazgarria da niretzat”, hausnartzen du irakasle gipuzkoarrak.

bertsolaritza eta ‘repentismo’a aztergai