"'Koplariak' ez da kontzertu musikal soila; dantzariak etenik barik aritzen dira dantzan"
Koplariak –
Jone Guenetxeak Anboto atarian.
Koplek xarma berezia dute. Eta, gainera, punta-puntako musikari, abeslari, bertsolari eta dantzariekin jantzitako ikuskizun batean abesten badira, emanaldia borobil-borobila izango da. Hauxe da ‘Koplariak’ proiektuaren oinarria. Korrontzi taldeko Agus Barandiaranek eta Xabier Amurizak ondutako proiektua da eta ekainaren 29an Berrizen taularatuko dute. Amurizak erantzun die galderei.
Zelan sortu da ‘Koplariak’ disko-liburua sortzeko proiektua?
Orain lau bat urte, Korrontziko Agus Barandiaranek Koplariak izeneko disko bat egiteko asmoa zuen eta nigana jo zuten. Nik material mordoa eman nion. Esan nion egokiak iruditzen zitzaizkienak aukeratzeko. Proiektua atzeratu egin zen. Baina, pandemiari eskerrak, beste dena gelditu egin zenez, diskoa egin genuen. Agusek selekzio bat egin zuen eta bederatzi pieza aukeratu zituen. Gehienak neure koplak dira, zaharrak berrituta edo neure originalak.
Zer dauka koplak Xabier Amuriza hainbeste erakartzeko?
Tradizio handi bat, etxetik hasita lehen-lehenik. Ume-umetan, bertsotan hasita, koplak gehiago entzuten nituen inguruan. Erromeria eta jai giroan kopla zen nagusi. Koplariak, trikitilariak, albokariak, panderojoleak… Eske egunetan, Santa Agedan, Gabonetan-eta koplak kantatzen ziren. Euskal Herriko tradizio musikala zen. Bizkaian gehiago oraindino, bertsolaritza hain indartsu ez zegoenean. Beraz, etxetik bizi izan dut. Zer dauka koplak? Genero bat da. Estetika bat da. Beste tresna batzuekin izaten da, ez da bertsolaritzan lez, a capela.
Zelan moldatu zarete konfinamenduan diskoa egiteko?
Nahasketa Elkar estudioan egin zen, baina grabazioak bakoitzak bere etxeko estudioan egin zituen. Diskoan kantatzen dudana Agusen etxean grabatu genuen.
Koplari merezi duen garrantzia ematen zaio kultura tradizionalean?
Horretan aurrera egin da. Gaur egun koplak bazter guztietan daude presente. Korrontzi bera talde ezaguna eta instrumentala izanda, koplaritzari disko bat dedikatzeak zerbait esan gura du. Tapia eta Leturiagaz ere diskoa egin nuen, Bizkaiko Kopla Berriak, eta arrakasta handia izan zuen. Kepa Junkeragaz ere egin nuen. Genero horren bueltan trikitilari asko dabiltza.
Abesti guztiak zuk zeuk kantatzen dituzu?
Hasieratik esan nion Agusi ez nuela kantatu gura. Baina, azkenean, erdi engainatuta eraman ninduen etxera, eta grabatzen hasi ginen (barrez). Pare bat hiru bat kanta bertan abestu genituen. Nik kantatutakoa Portugalgo musikari bati bidali zion. Kanta bitan abesten dut. Ez dut kantaria izan gura, ez nago saltsa horietarako.
Berrizko saltsan egongo zara.
Bai, ilusio handiz eta kantatzeko gogoz egongo naiz Berrizen. Tentsio puntu bategaz ere bai, norbere herrian gertatzen den legez. Koplariak ez da kontzertu musikal soila. Dantzariak etenik barik aritzen dira dantzan.
Ez zara geldirik egotekoa. Zer daukazu orain esku artean?
Arriagan Etxepareren irakurketa izan zen eta inguru horretan proiektu berri bat sortu zait. Berbaldi bat eskatu zidaten, eta, azkenean, saiakera bat irten zait. Horregaz nabil orain. Oraintxu, Uharte bat Venusen liburua argitaratu dut eta horren jarraipena egiten ere banabil. Bestalde, talde osoagaz egiten den espektakulua da hau. Nik parte txiki bat hartzen dut. Baina Agus Barandiaranek eta biok beste bat egiten dugu formatu txikian, biok bakarrik. Neure koplak eta kopla zaharrak abesten ditugu. Koplariak koplari. Testua da batez ere inportantea. Zuzeneko hau hurbilagoa da, leku txikietan egiteko, berbaldi musikatu formatuan.