«Komunitate batentzat erresistentzia tresna bat da bertsolaritza»
Komunitate batentzat erresistentzia tresna bat da bertsolaritza –
Hodei Iruretagoienak BERRIAn.
LEIRE AMENABAR, INES HUARTE, MIREN AIERTZA ETA ANE BENGOETXEA. BERTSOLARITZAREN IKERLARIAK
Bertsolaritzak «zapalkuntzei aurre egiteko joera» duela ondorioztatu dute haren komunitate funtzioak ikertzeko prozesuan, «baina baita, horren barruan, komunitate hegemoniko bat sortzekoa ere».
Bertsolaritzaren komunitate funtzioak aztertu dituzte Ane Bengoetxeak (Aulesti, Bizkaia, ,1996), Leire Amenabarrek (Larrabetzu, Bizkaia, 1997), Ines Huartek (Hiriberri, Nafarroa, 1997), Miren Aiertzak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1996) eta Ana Villanuevak (Iruñea, 1995) —azken hori falta zen elkarrizketan—, «bertsolaritzan aktiboak diren belaunaldi ezberdinetako emakume gisa sozializatutako agenteen bizipenetatik». Argi utzi dute, hasteko, osatu dutena ez dela «emakumeen inguruko lan bat, baizik eta bertsolaritzaren ingurukoa, orokorra, emakumeen ahotsekin egindakoa».
Bostak dira Psikologian graduatuak. Graduondoko baten harira elkartu ziren, eta IEPH Ikerketa Ekintza Parte Hartzailearen metodologiarekin aritu dira lanean. 50 lagunek erantzun zioten hasierako galdetegiari, eta hiru eztabaida saio ere egin dituzte aurten, iaz Mintzola beka jaso ondoren. Uztailean aurkeztu zuten prozesuaren emaitza.
Bertsolaritzaren erresistentzia eta komunitate funtzioak aztertu dituzue. Bi kontzeptu horiek nola kokatu dituzue?
INES HUARTE: Komunitatea ulertzen dugu banakoek osatutako gizatalde gisa: identitate kolektibo bat, helburu, interes eta espazio batzuk, eta momentu historiko bat elkarbanatzen dutenena. Bertsolaritza euskal kulturaren adierazpen garrantzitsua denez, komunitatearen eraikuntzarako tresna garrantzitsua da. Erresistentzia, berriz, menderakuntza posizio batetik boterea desafiatzeko jarrera edo ekintza da. Artefaktu kulturalak tresna bat dira erresistentziarako.
MIREN AIERTZA: Hori lotuko litzateke berrexistentzia terminoarekin, boterea eta bizitza sortu eta hartzeko gaitasuna ematen duen elementu bat baita erresistentzia.
Emakumeak, bertso munduko agente ezberdinak eta belaunaldi ezberdinetakoak dira parte hartzaileak. Zergatik?
I.H: Emakumeak, hala nahi genuelako. Teorizatzen hasita, hainbat arrazoirengatik: erresistentzia plano batean baino gehiagotan egin beharra dutelako, memoria kolektiboari egin dioten ekarpenagatik eta isilpetze bat egon delako bertsolaritzan ere. Bestetik, aditu orokor gisa kontuan hartu nahi genituelako, ez bakarrik beren zapalkuntzaren inguruko aditu gisa.
LEIRE AMENABAR: Bertsolarien eta bertsozaleen inguruko harremana interdependentea da, eta biak dira aktiboak. Gai jartzaileek, berriz, bitartekari lana egiten dute.
M.A: Belaunaldi artekoena, bertsolaritza transmitituz joan den zerbait delako, geldirik geratu ez dena.
ANE BENGOETXEA: Azken batean, metodologia honen funtsa da subjektu aktiboak parte hartzaileak eurak direla, eta eraldatzailea izatea espero dutela. Espero dugu haiei ere ekarpen bat egin izana.
Esan duzue erresistentzia badagoela bertsolaritzaren izaeran, baina euskaldun mota bat betikotzeko modua ere izan daitekeela.
M.A: Bertsolaritza, euskaraz egina, bat-batekoa eta ahozkoa izanik, erresistentzia tresna bat da komunitate batentzat. Baina, aldi berean, komunitate konkretu horrek ezaugarri jakin batzuk ditu: gipuzkoarra, klase sozial antzeko jendea, euskalduna, ezkertiarra… Zapalkuntza bati aurre egiteko joera badu, baina baita, horren barruan, komunitate hegemoniko bat sortzekoa ere.
Eta erresistentzia sexuatuaz aritzean, zertaz ari zarete?
L.A: Emakume paperetik bizi da sistemaren zapalkuntza heteropatriarkala, eta bertsolaritzaren barruan ere, hegemonia bat hautsi behar dute emakume bertsolariek.
I.H: Bertsolaritzaren komunitatearen barruan ere erreproduzitzen dira jendarteko dinamika berberak. Baina, batez ere bertsolariek, esaten zuten bertsolari izate horrek plazara eramaten zaituela, eta esposizio horrek ja erresistente izatera behartzen zaituela.
Komunitate hori klase sozial berdintsuko jendeak osatzen duela aipatzen da lanean, eta ezkerreko ideologia nazionalista batekin lotua dagoela. Ze inplikazio ditu horrek?
M.A: Ideologia baino, elementu konkretu batzuk konpartitzen dituen jendarte bat da. Imajinario batean, elementu konkretu batzuekin lotzen dela esan nahi dugu.
L.A: Hori izan daiteke muga bat guretzat, baina izan liteke, hein berean, arnasgune bat, eremu ez hain euskaldunetan adibidez. Hor galdera da ea prest gauden hori aldatzeko: klase sozial desberdinetakoak etortzeko, ez hain euskaldunak hurbiltzeko… Estrategia zehatzak sortu behar direla bildu da ikerketan, bestelako diziplina eta kultur adierazpenekin harremanak sortuta.
Euskararen lurraldetasunari begiratuta, bazterretan aniztasun handiagoa ikusten da?
M.A: Orokortu gabe, baina hainbesteko tradiziorik ez dagoen toki batean, agian ja ez dago iruditeria definitu bat bertsolaritzaren inguruan, eta horrek kentzen ditu muga batzuk jendea hurbiltzeko. Errazago hurbil zaitezke aurreiritzirik edo erreferenterik ez duzun toki batera.
L.A: Hor erakarpena beste bat dela aipatzen da, ez hainbeste bertsolaritzarekikoa, baizik eta artearekikoa edo sormenarekikoa.
Erresistentzia diskurtso eta gai modu batzuekin lotzen zen lehenago? Hori aldatu dela diozue.
A.B: Orain dela urte batzuk, garai politikoaren eraginez, indarra zuen gai jakin batek, eta hori bajatuz joan da: gai gehiago sartu dira, gizartera egokituz.
M.A: Adarkatu dira gaiak, baina hau lotzen genuen galdera batekin, zenbateko zilegitasuna dagoen gai batzuei buruz kantatzeko.
L.A: Emakumeak plazaratzearekin ere lotzen da hori: eremu pribatutik publikora salto egitean, beste gai batzuk ere ekarri dira kanporantz.
M.A: Ez da hainbeste gaia, baizik gai ezberdin batzuen barruan harremanak nolakoak diren, boterea nola dagoen banatuta… Hori da nukleoa ertzetako gai horietan.
Horrek badu harremanik estetikarekin, bertsoaren egiteko moduarekin, ahotsarekin? Beste modu batera osatzen da diskurtsoa?
I.H: Oso subjektiboa da hori ere. Batzuek esaten zuten mezu zuzenak nahiago dituztela, eta beste batek metafora batean tartea uzten duzula bakoitzak imajinatu ahal izateko, zurera ekartzeko eta hausnarketa bat eragiteko.
L.A: Gainera, ahozkotasunean oinarritzen da bertsolaritza, eta ahozkotasunak berak berez badu azpimarratzeko gaitasun handia. Gero, kode batzuk oso zehaztuta daudenez, zalantzan jartzen zen biolentoa den diskurtsoari edo bertsoari txalo egin behar zaion edo ez, ea prest gauden txalotze kode hori ere aldatzeko… Entzuleak eta antolatzaileak ere badutela ardura bat hor, betiere kontuan hartuta bertsolaria inprobisatzen eta artea egiten ari dela.