Koldo Izagirre bertsolaritzaz, 2001ean

Koldo Izagirre bertsolaritzaz-

Korrikaren XII. edizioak bertsolaritza omendu zuen, eta HABE Ikasbilek Koldo Izagirre elkarrizketatu zuen horren harira, 2001ean.

…………………………………………………………..

“Bertsolaritza literatura da”

 

Korrika inguruko ekitaldi baten gidoia egin du Koldok. Bertan bertsolaritzaren historia moduko bat egin du. Elkarrizketa honetan bertsolaritzaren garrantzia historikoa eta literaturtasuna ditu aipagai.

 

Koldo Izagirre bertsolaritzaz

Badakizue jakin Korrika 12k bertsolaritza omentzen duela. Ekitaldi nagusia, bada, gaur iluntzeko 7:30tan izango da Donostiako Kursaalean:

“Hitzak egin gaitu”. Koldo Izagirrek prestatu duen gidoiari jarraituz eta Eneko Olasagastiren zuzendaritzapean, hainbat bertsolari, aktore, dantzari… bilduko dira bertsolaritzaren historian errepasoa emateko.

Hitzak egin gaitu, baina zerk egin du Koldo Izagirre bertsozale?

Aitarekin joan izan nintzen umetan hainbat saiotara, Xalbador, Mattin, Uztapide entzutera… Oiartzunera joaten ginen maiz, Karrikan eta Ugaldetxon eta Iturriotzen saio bikainak antolatzen zituzten bertako bertsolariekin, egundoko poza hartzen genuen Lexoti entzuten, oso bizia zen. Gure jaiotetxetik hurbil bizi izan zen Txirrita, Harniaga Zaharrean, aitak hainbat pasadizo kontatzen zizkigun hartaz, baita bertsoak kantatu ere. Ama, berriz, sagardotegiko alaba da, berak dioenez, sagardo asko saltzeko, bertsolari txarra bezalakorik ez dago, zenbat eta aldrebesagoa izan orduan eta giro hobea sortzen baitzen bere gaztetan… Gero Pasaiako portura aldatu ginen eta han egiten zuen lan Joxe Joakin Mitxelena oiartzuarrak, haren kontrabando kontuak ere bagenekizkien… Joxe Arozamena lesakarra ere maiz azaltzen zen kamioiarekin, niretzako haiek munstroak ziren. Bueno, ni pasaiatarra naiz eta “Gure Pasaia beti sonatua dago” kantatu zuen Xenpelarrek… Horrek guztiak egin ninduen bertsozale. Baina, halako girorik eduki izan ez banu ere, bertsoaren indarrak berak egingo ninduen, modu intelektualizatu batean nahi baduzu.

Bertsolaritzaren historiaren nolabaiteko errepasoa egingo da gaur. Zer nabarmenduko zenuke zuk bertsolaritzaren historiatik?

Bertsolaritza euskaldunon poza da: domestikazio saio guztien gainetik edo azpitik, herriak bakarrik egiten dakien modu ironiko eta zorrotz horretan, bertsoak libre eta kritiko izaten lagundu digu.

Pernando Amezketarra, zure ustez, ez da sekula hilko. Eta bertsolaritza?

Ezta ere. Bertsolaritzak hain corpus handia sortu du kantitatean eta kalitatean, ezen beti izango baita erreferentzia puntu eta, galduko balitz ere, poesia herritarraren adibide eta herriaren egoera animikoen adierazle jarraituko duelako. Gure historia ezin da interpretatu bertsolaritza gabe. Historialari batek harrotu ditzake bazter guztiak euskaldunek foruengana zeukaten sentimendua aztertzeko eta ez du herri xehearen (eta aldi berean kontzientziatuaren) iritzia jasoko Txirritaren bertsoa ezagutzen ez badu, Canovasen hilketaz egin zuen hura. Horixe du ahozkotasunak, zentsura guztiak apurtzen dituela. Gerraurrean euskaldunek autonomia premia nola ikusten zuten jakiteko, Urretxindorraren behi nabarraren bertsoa irakurtzea aski dugu… Bertso batek, askotan, hemeroteka oso batek baino gehiago esaten digu.

Nola ikusten duzu zuk gaur egungo bertsolaritza?

Oso dinamiko eta aberatsa. Eta honetan badago arrazoi soziologiko berezia, garrantzi handikoa: bertsolariak berak antolatu dira erakunde batean,. beraiek hartu dute bertsolaritzaren giderra. Euskaltzaindiaren paternalismo eta manipulazioen azpian jarraitu izan balu, bertsolaritzak ez zuen edukiko gaur duen bizitasuna. Aitzol aurreko egoera librera iritsi da, baina erakundetu izanaren abantailarekin. Independenteak dira eta hori oinarrizkoa da.

Bertsolaritzak ezer eskaintzen al dio euskal literaturari? Edo euskal literatura al da bertsolaritza?

Hitzaren bitarteko adierazpidea denez, bertsolaritza literatura da. Genero berezia da, bat-batekoa delako, eta hortxe dago kakoa. Eta bertso jarriak ere, funtsean, ahozkotasuna dina. Bertsolaritza ezin da beste ezerekin alderatu, berez da den bezalakoa eta hartan gozatu, ikertu eta epaitu behar da. Ez dugu alderatu behar Txirrita Lizardirekin, edo Xalbador Miranderekin, alor desberdinetako artistak dira. Baina bertsolaritzak izugarrizko garrantzia eduki du gure poesian. XX. mendeko obra garrantzitsuena dugu “Harri eta Herri”, Arestiren poema liburua. Bada, liburu hori, neurri handi batean, bertsolaritzari zor diogu, batetik, Arestik eraman zuelako praktikara Lekuonak aspaldi begitandua zeukana, kopla zaharren teknika baliatuz mezu ezin modernoago bat emateko, eta, bestetik, bertsolaritzaren ondarean oinarritzen delako bere irudietan eta moldeetan. Gabriel Arestik eguneratu baldin bazuen gure poesia, gehiago izan zen bertsolaritzaren eraginez garaiko poesia kultuen eraginez baino.

Koldo Izagirre bertsolaritzaz