Kinielak egiten hasteko garaia

Kinielak egiten hasteko garaia –

Olatz Enzunza Mallona, BERRIAn.


Hilabeteetako lanaren ondoren, helmugara iritsi da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Larunbatean jokatuko da finala, Bilbo Arena aretoan (Bilbo), eta zortzi bertsolari hauek ariko dira kantuan: Aissa Intxausti Aburruza, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa. 17:00etan hasiko da saioa, eta Begoña Iturrizak jantziko dio txapela aurtengo txapeldunari.

Urte osoko lanaren emaitza izango da larunbateko finala, gaurko aurkezpenean Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidenteak adierazi duenez: «Txapelketa Bizkaiko bertsolaritzaren erakusleihoa da, eta lanean ibili diren guztiak eskertu behar ditugu: talde antolatzailea, komunikazio taldea, gai jartzaileak, epaileak, bertso eskolak, boluntarioak… Baita bertsozaleak ere, eurak barik ezingo litzatekeelako txapelketarik egin». 15:30ean irekiko dituzte Bilbo Arenako ateak, eta, antolatzaileen lana errazteko eta arazoak saihesteko, garraio publikoa erabiltzeko eta aretora garaiz joateko gomendioa egin dute elkarteko kideek.

Sarrerak «martxa onean» saltzen ari direla azaldu du Olabarriak, baina oraindik ere badago horiek eskuratzeko aukera Bizkaiko Bertsozale Elkartearen webgunean. Larunbatean ere eskuragarri egongo dira Bilbo Arenako txarteldegietan, 15:00etatik aurrera.

 

Kinielak egiten hasteko garaia
Begoña Iturriza, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalistekin, gaur goizean, Bilbo Arenan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

 

Zortzi izen, zortzi estilo

Zortzitik bost izango dira emakumeak aurten, lehenengoz. Datu hori, baina, ez dela oso erreala zehaztu du Uriak: «Finalean bost emakume egotea oso pozgarria da, baina finalaurrekoetan zazpi baino ez gara izan, herena. Gauzak hobetuz doaz, baina oraindik ere badago lana egiteko». Olabarria ados agertu da Uriarekin: «Emakume gehiago nahi ditugu». Gainera, finaleko emakumeetako bakoitza «desberdina» dela nabarmendu du Enbeitak: «Emakumeok ez dugu zaku homogeneo bat ordezkatzen. Gutako bakoitzak gure marka daukagu».

Aurreko finalarekin alderatuta, baina, Bartra ere aurpegi berria izango da. 2014an izan zen finalean azkeneko aldiz. «Ez nekien horrenbeste poztuko nintzenik berriro ere finalean egoteaz», adierazi du. «Ondo pasatzera» joango da larunbateko saiora: «Sekulako pozarekin eta gogoarekin noa. Taula gainera nire bizitzeko modua eraman nahiko nuke. Hori lortuz gero, uste dut ondo joango dela».

Etxebarriazarragak eta Pagonabarragak bigarren finala izango dute jarraian. Presioa baino gehiago, finalean egoteak ilusioa egiten diola kontatu du Etxebarriazarragak: «Helburu material edo guztiz objektibo bat jarri baino gehiago, saioa modu kontziente batean hasi eta bukatu nahiko nuke, ofizioz ofizio; kontziente bizi nahi dut plazako une hori». Pagonabarragak ere ez du presiorik sentitzen: «Duela bi urte gehiegizko poza hartu nuen, eta hurrengo urteetan kostatu egin zait motibazio edo poz hori mantentzea. Gorabeheratsu ibili naiz. Berriro ere hemen egotea, beraz, opari bat da autoestimurako». Finalaz gozatzea lortu nahi du: «Aurreko finala gainetik pasatu zitzaidala iruditu zitzaidan: sekulako plaza zegoen, eta ni ez nengoen bertan. Orain, ez dut uste askoz ere bertsolari hobea naizenik edo teknikoki inor harritu behar dudanik, baina nire burua helduago ikusten dut, eta final hobe bat egiteko aukera dudala uste dut».

Uria eta Galletebeitia txapeldunorde izandakoak dira. Amatasun baimenaren ondorioz, Uriak denbora bat eman du plazetatik kanpo, baina Santurtziko finalaurrekoan «oso eroso eta gustura» aritu zela kontatu du. Finalera ere hala iritsi nahi du: «Askotan loteria izaten da zein gai egokitzen zaizkigun, baina badut nahia gogotsu nagoen gai horiei abesteko». Galletebeitia ere aita izan da aurten, eta, alde horretatik, «bereziki desberdina» izan da txapelketa harentzat: «Alde batetik, inoizko gutxien inporta zait txapelketa bera, baina, beste aldetik, inoiz baino ahalegin handiagoa egin dut txapelketa prestatzeko. Nahiko nuke egin dudan sakrifizio horrek zerbaitetarako balio izan didala sentitzea; emaitzatik harago, bertsoaldi gogoangarriren bat utzi nahiko nuke». Aurtengo talde izaera ere nabarmendu nahi izan du: «Inoiz baino etxekoago sentitzen dut finaleko zortzikotea; talde bat gara». Bestalde, ilusioz aitortu du «bereziki pozik» dagoela herrikide bat ere izango duelako oholtza berean: Intxausti. «Nire aurtengo poz handienetako bat da finala Aissarekin batera bizitzea».

Zortzien artetik, Enbeita da finaletan arituena: bederatzigarren finala jokatuko du aurten. Txapelduna ere izan zen, 2018an. Aurtengo txapelketa, baina, «beste batzuetan baino lasaiago» hartu duela kontatu du: «Aurten finalerako ilusio berezi hori berreskuratu dut. Neure burua ondo ikusten dut, fresko, konplexu barik». Era berean, hasierako zalantza guztiak uxatu zaizkiola ere gaineratu du: «Txapelketan parte hartu dut, aldaketa hau agertokitik bizi ahal izateko. Historia egingo bada, nik ere horren parte izan nahi dut».

Ibarzabal da egungo txapelduna. «Horrek, baina, ez du esan nahi besteak baino hobea zarenik», zehaztu du. «Gogotsu eta indartsu» begiratzen dio finalari: «Prest gaude erakusleiho horretan gure tripak, bihotza… jartzeko, maite dugun mugimendu baten alde». «Duela bi urte, oso zentratuta egon nintzen, eta hala egon nahiko nuke berriro ere, baina baita inguruan gertatzen ari denaz kontziente ere».

 

Iturrizari omenaldia

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 40 urte bete ditu aurten, eta egindako bidea «eskertu eta aitortu» nahi izan du Olabarriak. Horren erakusle, Begoña Iturriza Zabalak jantziko dio txapela Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleari.

Iturriza Santutxuko bertso eskolan hasi zen kantuan, eta, ordutik, bertsoak ikasten zein irakasten aritu da urte luzez. Bide horretan, Arantzazu Loidi eta Kristina Mardaras bertsolariek egindako lana izan du gogoan: «Ikusgarriak dira emakumeek bertso munduan eman dituzten pausoak. Ahaldunduta daude, eta oso pozgarria da hori».

Kinielak egiten hasteko garaia Kinielak egiten hasteko garaia
Kinielak egiten hasteko garaia Kinielak egiten hasteko garaia Kinielak egiten hasteko garaia Kinielak egiten hasteko garaia Kinielak egiten hasteko garaia