«Kantuan hastean hein bat lotsatua nintzen, baina ahantzia nuen berehala»
«Kantuan hastean hein bat lotsatua nintzen, baina ahantzia nuen berehala» –
Miel A. Elustondok BERRIAn.
Julien Vinsoni zor bide zaio bertsolaritzari buruzko aipurik zaharrenetakoa, 1869ko irailean Saran egindako Lore Jokoetakoa. Hantxe dira ageri Jatsuko Piarres Ibarrart ‘Bettiri’, Azkaineko Mari Luixa Erdozio eta Joanes Etxeto ‘Senpereko errienta’ koplariak. Usteak ustel, Erdozio ez da salbuespen. Garaian, beste bi emakumezko ere nabarmendu ziren kantuan, Mariana Etxegarai ‘Aña Debrua’ eta Marie Hargain, bertsolari txapeldunak.
bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik
1894ko irailaren 21ekoa da Baionako Eskualduna astekariaren alea. Hazparne herriari dagokion kronika dugu abiaburu. Eta dio, hitzari hitz: «Hazparnek ere nahi izan ditu, Donibane Garazik eta Donibane Lohitzunek bezala, bere eskualdun festak ukan.
»Ez dugu festa horietaz xehetasun handirik emaiten, zeren engoitik gure irakurtzaileak festaz eta festetako berriez asexeak ahal baitira.
»Azken festa horietan zirenek badakite guk bezain ongi nolakoak izan diren. Ez da erran behar: azkenak izaiteko, aski moldezkoak izan dira. Bertzeak ikusi ez zituztenei biziki ederrak iruditu zaizkie. Behinik behin, bazen jende, eta ez dira ostatuak hutsik egon, ez eta ostalerak alfer. Festa handiena eta ederrena astelehenean zen: goizean pilota partida bat ederra esku hutsez. Arratsaldean…»
‘Eskualduna’
«Arratsaldean, koplarien primak [premioa]. Lehenbizikoa, neskatxa gazte, 16 edo 17 urteko batek irabazi du. Hazpandarra da neskatxa hori, eta ekartzen duen izenaren arabera, zerbait atera daitekeena!
»—Nola deitzen da?
»—Debrusa…
»Nahi baduzu, den bezala, egia aitor diezazudan, ez dakit beraren izena; baina ukan bezala saltzen dut. Debruaren eta Debrusaren alaba zela zioten han haren herritarrek. Ez da estonatzeko bipiltasunez eta kopetaz burasoen egite balin badu ere.
»Handia da bertzenaz izen horretako koplaria Hazparnetik ateratzea! Egundainotik aditzea dugu izen-goitientzat nagusi dela Hazparne. Koplari ederrak ere izan dira herri horretan bertze orduz. Baina emazterik ez genuen oraino holaxe ikusi, kazkaroten [buhame] herri inguruetan baizik. Non zegoen debrua lo, bere umearekin!
»Emazteki baten orde, biga bagenituen hantxe, bat bertzea bezain erne eta biek mihia zalu. Bigarrena kanboarra omen zen, berak erran duen bezala, haurrak etxean utzirik etorria, kopla-primaren irabaztera.
»Buruz buru ederki ari izan dira, bat laborantzaren alde, bertzea zapatagintzaren alde; zapataginak garaitu du laboraria; ez errexki, baina garaitu. Noiz eta non irabaz ziezaiokeen laborariari zapataginak, Hazparnen ez irabaztekotz?
»Gero gizonkiak ere baziren; haietarik batek eraman du hirugarren prima, zuhurtziaz ederki mintzaturik. Zenbaiten gogora, hari behar zioketen eman lehenbiziko prima. Baina gizonak baitziren juje, beldurtu ote dira bekaizkeriaz apaltzen zituztela emazteak adi? Ez dakigu. Baina ez dugu uste baziekeela gizonak emazteei zorrik».
Irakurriak irakurririk, ezin jakin koplatan egin duten bi emazteki horien izenik, garailea 16-17 urteko neska gaztea zela, Hazparne berekoa, herriko Debruaren eta Debrusaren alaba besterik…
‘Le Réveil Basque’
Gorago aipatu jaialdi hori bera gai harturik ari dira Le Réveil Basque astekarian, 1894ko irailaren 30ean, «Eskual Herria. Euskal Lore Jokoak» lerroburu duela…
»Euskal Elkargoak deitua zuen hitzordua Hazparnen iragan astelehenean, irailak 17, urteko festaren egitekotz. Herri ttipi apain honek nehoiz ez bezalako animazio berezia ezagutu zuen, zeren eta, oroz gain, euskal festa baitzen, familia-festa, aire zabalean egina, non ohitura guziak zorrotz errespetatu baitziren. Halako festarik ez genezakeen bazterrerat utzi. Jeu de Paume plaza, berdez inguratua, ezin hobea izan da gisako bilkuren egitekotz. Jendeak loriatan ziren, mukuru betea zen mailerian, urririk emana izan zen herri-ikuskizunaz gozaturik. Pozik ziren denak, festa ongi pentsatua izan baitzen. Herrialdeko euskalaririk behinenak goresmenik handienak egin dituzte; Espainiako euskalarien izenean, Arturo Campion jaunak, Gorteetako diputatu baita; Frantziako euskalarien izenean, Lauga jaunak; batak zein bertzeak omen atseginena egin zioten Elkargoko presidente Guilbeau jaunari. (…)
»Euskarazko inprobisazio lehiaketak zinezko ezustea ekarri zigun. Egundaino, sexu azkarra zen literatur genero horren ondarearen jabe bakar; baina orain, sexu ahulak gibelerat utzia du hura, taula gainerat igo eta hobeki inprobisatzen baitu. Gisa horretara erakutsi du bere burua Marie Etchegaray andereak Hazparnen, koplari aparta gisa. Honelaxe banatu dira sariak: 1.a, Marie Etchegaray andereñoa, Hazparneko; 2.a, Pierre Sempe, Luhusuko; 3.a, Pierre Duhaldebehere, Sarako; 4.a, Marie Argain anderea, Kanboko; 5.a, Jean Etcharren, Irulegiko».
Marie Abadia Urrustoi, Etxauziako anderea
Bi bertsolarion berri ematen digun hirugarren ahotsa Marie-Emilie-Augustine Coulomb anderearena dugu; Anton Abadiaren anaia gazte Charlesekin esposatua, engoitik Marie Abadia Urrustoi.
1837an Parisen sortua, andereak Baigorriko Etxauzian eman zuen bizialdiaren parte bat, eta, denak har, udak. Hainbat artikulu argitaratu zituen Pariseko La femme aldizkarian, aldizka Euskal Herrian bizi eta ikusiak idatziz. 1909an, artikuluak liburu batean bildu zituen, Causerie sur le pays basque: la femme et l’enfant (Euskal Herriaz mintzo: emakumea eta haurra), non Mariana Etxegarai nahiz egileak «Anna Etchegoyen» izena ematen dion eta Marie Hargain bertsolarien berri ematen baitu eta, are, bertsolariri inoizko lehen elkarrizketa egiten.
Marie Abadia Urrustoik idatzia da, euskarara ekarria…
«Euskara inprobisazioari emana da. Guduka hauek jendeak liluratzen dituzte. Duela 15 urte aipatu genituen bi emazte, hitzez eta argudioz lehiatu zirenak, batera, baina bata bertzearen aurka, festa-buruak lekuan berean proposatu zien gaia garatzeko lehian. Bi emazteek arrakasta gaitza erdietsi zuten Hazparneko Jeu de Paume plazan; batak laborari biziaren xarmak goretsi zituen, bertzeak langile zapataginaren balioa ospatu zuen.
»Bi koplari hauek Marie Argain Urqu[i]doya, Kanbokoa, eta Anna Etchegoyen Hazparnekoa dira. Marie Argain, 1890ean, 30-35 urte bitarteko euskal emazte ederra zen, beltzarana, azkarra, betarte bizikoa; gizon prestu bati menditarra, esposatua da Kanbotik bi kilometrora. [Marie] zapatagina zen lehen; esposatuz gero, laborari da senarraren ondoan; haurrik ez du.
»Hainbat sari irabazi ditu, behin baino gehiagotan ere, eta etekinak zirrara sorrarazi bide dio, berrogeita hamar libera diruketa baitzaio menditarrari. Irabazle horrek ez daki ez irakurtzen, ez idazten; hari denaz bezainbatean, koplaren artea bat-batean loratu zitzaion hogei bat urteko zelarik. Saritua izan den azken lehiaketetariko batean, Ezpeletan, hauxe zuen gaia: ‘Senar-emazteak etxe barnean’. Marie Argainek, omen, errima egokiak kausitu ditu, zirto batzuk ere baliatu noiztenka, haatik deus ere ez balio poetiko handikorik. Bere jakitatea erdipurdikoa da kalitatez. Baina zer axola? Ez ote genuke harrituak izan behar gisako dohainak kausiturik langile eskolagabe, laborari soil baten baitan?
»Haren aurkaria, Anna Etchegoyen, aurpegi atsegin eta dotoreko neska gaztea da; zapatagin hasi zen, Marie Argain bezala. Atelierreko gizon eta emazteekin batean zapata-zola kalamuzkoak moldatuz trebatu zen koplatan. Emeki-emeki, eskainia zitzaion zeinahi sujet kantatzeko gustua eta usaia heldu zitzaizkion. 1890ean, bere jakitatearen aro diztirantean, ez zituen hogei urte baizik; eskolatua zen, bazekien irakurtzen eta idazten. Engoitik, irudimena aberastu du, gustua findu, baina ez irakurri dituen egileei esker, hurrik eman ere. Bat-batean heldu zitzaion, nola heldu baitzitzaion Marie Argaini. Arraza afera da, bizimolde batena. Bi emazte horiek Kanbon bizi ziren, Anna zerbitzari abiatu zen herriko hotelik nagusietarik batean. Erran zaharra da: ‘Kanbon, mihiak erratzak baino biziagoak’. Goizez, etxekandereak etxe atarira irteten dira erratza eskuan. Kalakari guziak karrikan biltzen zaizkie, berriak batak bertzeari kontatzen, solasean betiren beti luzatzen. Zeru ederraren ontasunak, kasik beti eguzkitsu baita, usaia hori laguntzen du; usaia horiek lagundu ote dituzte, bada, gure emazte inprobisatzaileen ahalmenak?
»Dena dela, Marie Argain eta Anna Etchegoyen batera lehiatzen zirenean, egiazko arrakasta erdiesten zuten; entzuleen loriagarri, eztabaidatzen zuten eta bata bertzearen aurka lotzen; borroka guziz animatua izan zen. Anna Etchegoyen txaloz bete zuten.
»—Zer egin duzu txalotua zinelarik entzun duzularik?
»—Buruarekin agurtu ditut denak.
»—Ez zinen lotsatua? [beldurtua]
»—Bai, hein bat, kantuan hastean, baina ahantzia nuen berehala.
»Hori dena biziki sinpleki errana da, harrotasun izpi bat begietan.
»—Elkarri samur eta aiher zineten, Marie Argain eta zu?
»—O! Ez. Guduka fini, eta ez ginen gehiago haserre, adiskide ginen berriro, lehenago bezala.
»—Nola beztitzen zarete jendaurrearen agertzekotz?
»—Gure usaiako jantziak ezartzen ditugu, betiko maneran. Jaun erretorea hor da beti, begiratzen gaitu, eta entzuten; ez genuke oharraziak ez eta erasiatuak izan nahi.
»Inprobisazioetara joateko, jendea ehunka biltzen da; lekua beterik dago; apezak, bake-epaileak, auzapezak, nagusi handiak jendearekin nahasten dira. Dena zinezko egokitasunez gertatzen da; eszenarazteari ez zaio nola-halako solemnitaterik falta.
»Lehiakideek melopeia gisako baten gainean errezitatzen dituzte koplak; beren irudiek egoki dena errespetatzen dute, eta ezohikoa da lekuz kanpoko trufa edo hitz irriskuzkorik. Ez da harritzeko, beraz, emazteek hain konpainia oneko jokoetan esku hartzea. Denak har, nazio-entretenimendu bat da, eta agintari zibil eta erlijiosoak bortxatuak sentitzen dira inprobisazioak bere presentziaz kontsakratzera.
»Aitatuak ditudan izenez gainera, guti dira herrialdean izena egina duten emazteak. Euskal emaztea hein bat inpersonala da oraindaino».
Eta beste
Diote kontserbadorea zela Eskualduna astekaria, kristautasunaren defendatzaile suharra, errepublikarena bainoago. Prentsa zuria Eskualduna, omen, Le Réveil Basque gorriaren kontrakarrean: modernoagoa eta liberalagoa, askatasunen aldekoagoa, omen, Le Réveil. Ordukotz, idatzia zuen Gratien Adema ‘Zaldubi’-k: «Liberté, Egalité, Fraternité! A, hiru gezur horiek egia balite!».
Gezurrak gezur, Eskualduna-n agertu Hazparneko kronikaren amaierak ez du galerarik:
«Nahi genuke erran, egia balitz, bertze koplariak ere, zein beren heinean oneski ari izan direla. Baina gutitarik egin du, ez baititu batek oro itsustu.
»Gorago erran dugu bertze orduz bazirela Hazparnen koplari ederrak. Aitor dezagun lehengo zaharrek beren iduriko guti utzi dutela herrian. Batzuk hil, bertzeak zahartzearekin ez ontu.
»Agertu diren zaharretarik batek hobeki eginen zuen etxean egoitea. Deus ez da ederrago koplari gazte aho ederrekoa eta mihi garbia duena baino.
»Ez, ordea, deus itsusiagorik koplari zahar, gazte denboran onest izana, eta zahartzearekin lohikeriazko solasetarat lerrakor bilakatua baino. Agertzeko gehiago on ez dena, dagoela etxean.
»Bertze ikusi eta entzun ditugun guziez deus ez dugu onik baizik errateko».