June Aiestaran: «Neure buruari balio dudala sinestarazteko izan dadila txapela»
June Aiestaran –
Harituzeko bertso eskoletan dabilen June Aiestaran beasaindarrak jantzi du Gipuzkoako Eskolarteko txapela, bigarrenez.
Bigarren urtez jarraian jantzi du txapela, Gipuzkoako Eskolartekoan, Harituzeko kide den June Aiestaranek (Beasain, 2006). «Espero gabe», baina «pozik» hartu du saria, eta Danel Etxeberriarekin batera arituko da Euskal Herriko finalean, ekainean.
Zer moduz zaude txapela irabazi berritan?
Txapela beti da pozik hartzekoa. Aurten, bereziki hartu dut pozik, ez nuelako irabaztea espero. Seitik bost bertsolari Harituzekoak ginen, eta banekien zegoen mailagatik ez zela erraza izango.
Nolako saioa egin zenuten?
Saio azkarra izan zen, hasterako bukatu egin zela iruditu zitzaidan. Momentuan irudipena nuen guztiok ari ginela asmatzen, bakoitza ariketa desberdinetan, baina oso saio ona zihoala. Orain entzun ditut bertso batzuk eta hala iruditu zait orain ere.
Egindakoarekin gustura?
Beti dago zer hobetua, eta orain, seguruenik, kantatutakoak entzutean, seguru bertso bakoitzean bilatuko dudala hobetzeko zerbait. Baina, egia esan, oso gustura geratu nintzen egindakoarekin. Erraz aritu nintzen, eguna ere ona tokatu zitzaidan, eta ideiaz ere ondo ibili nintzela uste dut.
Saioan bertan nabaritu zenuen txapela zurea izan zitekeela?
Saioa hasi aurretik banekien lehenengo geratu nintekeen bezala geratu nintekeela azkena. Baina, saioan bertan, ariketa bat bukatu eta ondo egin nuela ikusten nuen, eta beste bat ere ondo, beste bat ere bai… ariketa puntuagarri guztiak bukatu nituenean konturatu nintzen posible zela eta banuela aukera txapela irabazteko.
Zure izena entzutean, zer pasatu zitzaizun burutik?
Azken hiru hilabeteak etorri zitzaizkidan gogora. Hilabete hauetan bertsoei asko eskaintzen aritu gara bertso eskolan, eta harro sentitu naiz bai neuregatik, eta baita bertso eskolagatik ere, nabaritu nuelako urtean zehar egindako lanak bere fruitua eman duela. Iaztik plazak dezente ugaritu zaizkit, eta nahitaez esperientzia txiki horrek ematen dizu jendaurrean kantatzeko beste erosotasun bat. Urte honetan bereziki, bertsotan aurrerapausoak eman ditudala uste dut.
Bigarren aldiz izan zara txapeldun.
Ingurukoek esan zidaten txapel honek erakusten duela lehengo urtekoa ez zela egun on bat bakarrik izan, honek erakusten duela gai naizela. Neure buruari balio dudala sinestarazteko izan dadila txapela.
Sei finalistetatik bost zineten Harituzeko kideak. Lagunarte horrek laguntzen du?
Saioaren aurretik behin baino gehiagotan esan genuen bertso eskola bat gehiago izan behar zuela finalak. Hasieratik talde giro handia izan genuen, eta horrek urduritasunak arintzen lagundu zidan batetik, eta gusturago kantatzen eta konfiantza gehiagoz aritzen bestetik.
Agurra ingurukoei abestu zenien, zure buru jatea arintzen laguntzeagatik. Urduri ibili zara azken boladan?
Nahi baino gehiago. Finalerako baino kanporaketarako urduriago nengoen. Iaz txapela irabazi nuenez, berez existitzen ez zen finalera pasa behar bat sentitzen nuen. Baina finalerako presio hori ikusezin egiten eta ahalik eta gehien gozatzeko nerbio horiek arintzen saiatu naiz.
Ekainean, Euskal Herriko finalean izango zara.
Orain aritu naizen bezala aritu nahiko nuke orduan ere, gustura eta gozatuz. Izan ere, iaztik arantzatxo bat daukat, ez nintzelako erabat eroso aritu. Neuretik kantatu nahiko nuke, behar denean umoretsu eta hala eskatzen duenean serio. Gozatu egin nahi dut, besterik ez.
Txapela janzteko asmo berezirik gabe zoaz?
Egia da presiorik gabe zoazenean sorpresak ilusio handiagoarekin hartzen direla, beraz, probatzera eta esperimentatzera joango naiz, eta etorri behar duena etorriko da.