Juan Luis Zabala: "Bectsolaritza" ala hil?
“Bectsolaritza” ala hil? –
Juan Luis Zabalak Irutxuluko Hitzan.
Eredu eskolaturik gabeko bertsolaritza eta estandarrik gabeko euskara traktorerik gabeko baserritarraren pareko ditun: oso ederrak baina etorkizunik gabekoak.
Eskuko telefonoan bilaketa egin eta gero, hala esan zidan:
—Eztabaida batzuk ez dituk inoiz amaitzen. Aldiro-aldiro errepikatu egiten dituk.
—Zertaz ari haiz?
—Bertsolaritzaz. Testu zati bat irakurriko diat: “Koplaria bai, baina bertsolari gurea, garaikidea, ez da gurea. Gutarra bai, oso-oso gutarra, baina beste gu batzuena. Bectsolaria da; BECtsolaria, alegia. Exhibition (gixenetik) adina Inhibition (giharretik). Usteen esanera dabil bectsolari ez-gurea (uste potoloetan poto eginez behin eta berriro)”.
—Estiloa ezaguna egiten zaidan…
—Iñaki Segurolaren liburu berrikoa duk: Sed quia sua. Ereinek argitaratu berria.
—Lehen ere irakurri zionat zerbait horretaz Segurolari. Iker Zubeldiak eta haren antzeko bertsolariek, hain modu eskolatu eta kosmopolitan aritzen ez direnek, gaur egungo bertsolaritza hegemonikoan lekurik ez dutela salatu zinan, eta berak halakoak dituela gustuko.
—Gaur egungo bertsolariek “eskola gehitxo” omen zeukatek.
—Zuzen habil: eztabaida batzuk ez ditun inoiz amaitzen. Duela gutxi Kepa Matxainek Lehen Bertso Gudua ekarri zinan gogora, Argia aldizkarian. Han ere bi eredu izan zitunan aurrez aurre, Txirritarena eta Basarrirena, eskolarik gabekoarena eta eskolatuarena. Eta 1935ean izan zunan hori, duela 85 urte.
—Eta Basarriren eta ingurukoen eredua bertsolari are eskolatuago batek utzi zian atzean gero, 1980ko hamarkadan, Xabier Amurizak, eta hark ere bertsozale asko izan zitian kontra orduan.
—Horrela egin din aurrera bertsolaritzak, ezta?
—Baina ez ezer galdu gabe. Eskolatzea, urrutiko kontuen berri izatea, munduen berri irakurria izatea, kulturizatzea… ontzat jotzen diagu, beharrezkotzat, baina, beste kontu askotan gertatzen den bezala, eskolatzearekin alderdi askotatik aberastu ahala beste batzuetatik pobretu ere egiten duk pertsona, galdu egiten ditik berezkoak zituen tasun eta gaitasun estimagarri batzuk.
—Azken batean, Lazkao Txiki ez zunan Lazkao Txiki izango eskolatzeko aukera eta gogoa izan balitu, ezta Xalbador bera ere, hain gutxi Uztapide edo Mattin… Ez zinaten behintzat garai hartan herria esaten zitzaion horrekin hain ondo konektatuko, herri hura ere, orduan, eskolatu gabea zelako.
—Dena den, gaur egun ere, zorionez, bertsolaritza bectsolaritza baino askoz gehiago duk. Joan den igandean auzo bateko parkean saio bat entzun nian, puntako bi bertsolarirena, eta ez zuan inondik inora ere bectsolaritza izan, “uste potolo” gutxi izan zuan han. Ez nauk oso bertsozalea baina oso ondo pasatu nian.
—Gainera, gizarte eskolatu batean bizi garenez, bertsolaritzak ezin din gizartetik aparte gelditu, eta Zubeldiaren eredua besterik ez balu galzorian izango luken bertsolaritza.
—Euskara bera ere eredu estandarrik gabe eta eskolatik eta kulturatik aparte geldituz gero galzorian legokeen modu berean.
—Eredu eskolaturik gabeko bertsolaritza eta estandarrik gabeko euskara traktorerik gabeko baserritarraren pareko ditun: oso ederrak, oso naturalak, oso berezkoak, grazia handikoak, autentikoak, txinparta huts eta txinparta bete, baina etorkizunik gabekoak.
—Sentitzen diat esatea baina Segurola ere iritzi berekoa duk. Liburuan, aurrerago, esaten din “aitzin-extinct-aurreko garaietan” dagoela euskara.
—Ederki jaioak gauden!