Joxe Mari Lertxundik beste oroitzapen-liburu bat plazaratu du

Joxe Mari Lertxundik beste oroitzapen-liburu bat plazaratu du –

Diario Vascotik.


Gipuzkoako Foru Aldundiak Joxe Mari Lertxundi aiar bertsolariaren beste oroitzapen-liburu bat publikatu du, Auspoa bildumaren barruan: ‘Iragana gogoratuz’. Ostegun honetan, hilak 27, aurkeztuko da, Aiako udaletxean, arratsaldeko 7etan hasita.

Joxe Mari Lertxundik beste oroitzapen-liburu bat plazaratu du
Joxe Mari Lertxundi, artxiboko irudian / DAVID APREA

Antonio Zavala zenak sortutako Auspoa saileko 336. alea da hau. Beste Joxemari bat, Iriondo, izan da edizioaren arduraduna. Lertxundik Auspoa sailean publikatzen duen bosgarren liburua da.

Joxe Mari Lertxundi Zuloaga (1932, Aia), bertsolaria izateaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko langile izana da, hain zuzen Diputazioaren Laurgain etxearen zaintzaile izan da urte askoan (1965etik 1998ra) eta liburu honetan jasotzen ditu urte horietako bere oroitzapenak. Aian bertan bizi da eta 86 urte ditu.

«Lagunartean-eta ezaguna bazen ere, 1963an hasi zen bere burua ezagutzera ematen benetako Lertxundi bertsolaria –dio Joxe Mari Iriondok liburuko hitzaurrean–. Izan ere, urte horretan herriko bertsolarientzat txapelketa antolatu zuten Aiako eta auzoetako lau apaizek. Txapelketan parte hartu nahi zuten gazteak biltzen ahalegin handia egin zuten etxez etxe joan eta bertsolari bakoitzarekin hitz eginez».

Honako bederatzi bertsolari hauek bildu ziren lehenengo lehiaketa hartan: Joxe Antonio Arrillaga ‘Arruti’, Jesus Etxabe ‘Errezabal’, Joxe Mari Lertxundi, Jaime Manterola ‘Argurutze’, Markos Manterola, Joan Joxe Rezabal ‘Leola Berri’, Joxe Mari Roteta, Luis Uranga ‘Otzarreta’ eta Nikolas Zendoia ‘Izeta’.

Herriko eta inguruko bertsolarien txapelketaz gainera, 1989an Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketa Nagusian, eta 1991n egin zen Gipuzkoako txapelketan ere saiatu zen Lertxundi, eta aurrera samar joan zen.

Liburu honetan askotariko gaiez idatzi du. Hona hemen artikulu-izenburu batzuk: ‘Laurgain’, ‘Laurgaingo basetxe berria’, ‘Negu gogorra’, ‘Ontz txuria eta kattagorria’, ‘Nere moto berria’, ‘Modestoren ezkontza’, ‘Balduino eta Fabiola Laurgainen’, ‘Araluze il dute’, ‘Pagoetako parkea’. Bukaerako bi atalak emazteari eskainiak dira. Batean, prosan, kontatzen du emazte Maria nola gelditu zen itsu, nolako nahigabea izan zuen familiak eta handik gutxira heriotza nola etorri zitzaion. Eta azken-azkeneko atalean, oroiminez emazteari jarritako bertso batzuk irakur daitezke.

Auspoa sail honetan ezaguna da lehendik ere Joxe Mari Lertxundi. Bere lehenengo liburua, ‘Baso tarteko oiua’ (Auspoa 167), 1983an eman zuen argitara; 1991n plazaratu zuen ‘Igaroari begira’ (Auspoa 214); 1994an, ‘Sorlekuaren kezka’ (Auspoa 220); eta 1996an, ‘Beti festara begiak’ (Auspoa 236). Beraz, bosgarrena du oraingo hau, urte asko isilik egon ondoren.

Joxe Mari Lertxundik beste oroitzapen-liburu bat plazaratu du