Jose Luis Gorrotxategi bertsolariak plaza uztea erabaki du
Jose Luis Gorrotxategi –
55 urte egin ditu plazaz plaza osintxuarrak. Lehen bertso saioa 1963an egin zuen, eta azkena atzo Urepelen, Xalbador Egunean. Azpeitiko bizilagunak Urepelen esan zuenez, “aspalditxotik” zuen plazak uzteko asmoa, eta atzoko eguna aprobetxatu zuen agurrerako. Txapelketetan aritua da, eta 2005ean ‘Gogoan dauzkadanak’ liburua kaleratu zuen.
55 urte batean eta bestean kantuan aritu ostean, plazak uztea erabaki du Jose Luis Gorrotxategi (Osintxu, Bergara, 1945) bertsolariak. Azpeitiko bizilagunak hainbat eta hainbat saiotan abestu du bertsolari onenekin batera, eta atzo eskaini zuen azken saioa Xalbador Egunean, Urepelen (Nafarroa Behea). Hark azaldu zuenez, aspalditxotik zuen plazak uzteko asmoa, baina atzoko eguna baliatu nahi izan zuen horretarako. “Xalbador miresteaz gain, lagun handia nuen; eredu izan da beti. Aspalditxotik nenbilen [plazak] uztekotan, hainbeste urtean nik egin beharreko lanak ja eginda baitaude, baina gaurko eguna nahi nuen aprobetxatu horretarako”.
1963ko martxoaren 3an egin zuen lehen bertso saioa Gorrotxategik, Benito Irasuegirekin eta Martin Egileorrekin batera, Bergaran. 55 urteotan bertso saioetan, plazetan nahiz txapelketetan aritu da, eta hainbat sari ere jaso du. Esaterako, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 1967ko eta 1980ko edizioetan finalista izan zen, eta 1967ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan bigarren egin zuen. Bestalde, Loiolako Herri Irratia saria ere jaso zuen 1967 eta 1969 urteetan.
Gorrotxategik liburu bat ere argitaratu zuen 2005ean. Hain zuzen ere, Gogoan dauzkadanak bertsoz eta prosaz osatutako liburua kaleratu zuen, Bertsolari sailaren barruan. Honako lotura honetan irakur daiteke liburua kaleratzear zuela Urola Kostako Hitzak Gorrotxategiri egindako elkarrizketa.