Jon eta Aitor Mendiluze: «Inoiz ez dugu esaten bertsolariak garenik»

Jon eta Aitor Mendiluze –

Unai Ugartemendia, Tolosaldeko Atarian.


1995. urteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen Aitor Mendiluzek, 20 urte zituela, eta Jon Mendiluze semea aurten aritu da lehen aldiz Gipuzkoakoan; bertsolariak biak, hitz hori erabiltzea kostatzen bazaie ere.

Jon eta Aitor Mendiluze

Bertsolaritzak eman duen bertsolaririk ezagunenetakoa da Aitor Mendiluze (Andoain, 1975). Gipuzkoako bi txapelez gain, Euskal Herriko azken sei Txapelketa Nagusietan izan da finalean, eta 2017an txapeldunorde ere izan zen. Jon Mendiluze semea (Irura, 2005), aldiz, estreinakoz aritu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aurten. Hitz errazekoak dira biak ere, eta bertsoaz eta bertsolaritzaz hitz egiten gozatu egiten dute.

Zein da bertsoarekin duzuen lehen oroitzapena?

Aitor: Lehenengoa ziurrenik, aita zenarekin herriko Goiburu auzoko San Esteban jaietan. Santakrutzetan egiten zen bertso saioan ere bai ondoren, eta gero jada ikastolan. Lehenengo bertso esperimentuak eta bertsoaren lehen zantzuak ezagutu genituen, eta bertsotan aritzeko lehen saio haiek ere gogoan ditut.

Zuk, aldiz, Jon, etxean izango dituzu lehen oroitzapenak, ezta?

Jon: Bai, aita kantuan edo bere doinuren bat entzuten, edo txikitan saioren batera joanda herri inguruko festaren batean.

Lehen plaza, Aitor, hamaika urterekin egin omen zenuen.

Aitor: Bai, hamaika urte egiteko izango nintzen! 1986an izan zen, Hernanin. Unai Agirre eta Iñaki Zelaia izan nituen bertsokide. Joxe Mari Mujika Anatx zen gure bat-bateko irakaslea, eta gure lehenengo soldata laranjazko Kas bat izan zen (barrezka). Bi plaza egin genituen jarraian, lehena Etxeberri auzoko festetan, eta bigarrena eskolarteko txapelketan. Hilabete baten barruan egin nituen bi saioak.

Zure lehena noiz izan zen, Jon?

Jon: Gogoratzen naizela, hamalau urterekin. Eskolarteko lehen urtea izan zen, eta hura baino lehenago ez nuen plazarik egin. Agian, bertso eskolaren barruan antolatutako formatu txikiko saioren batzuk izango ziren lehen plazak.

Nola gogoratzen duzu eskolarteko lehen hura?

Jon: Bertso eskolara joan ginen batean, irakasleak aipatu zigun bazela eskolarteko txapelketa bat, eta lau urte genituela aurretik, bertan parte hartzeko. Argi esan zigun; bi aukera dituzue, edo zeuek ematen duzue izena, edo nik emango dut zuen ordez! Joatea komeni zitzaigula aipatu zigun hura zer zen ikusteko, txapelketa moduko saio haiek nolakoak ziren jakiteko… Lehen saiora poz-pozik joan nintzen. Inongo betebeharrik gabe joan nintzen, jolastera. Ahal zen moduan moldatu ginen, baina oso oroitzapen ona daukat lehen aldi hartaz.

Bertso eskolak aipatuta, zer eman diete bertsolaritzari?

Aitor: Zalantzarik gabe, etorkizun bat. Transmisio naturaltzat jo izan den hori. Gure garaian oraindik ere aipatzen zen bertsolaria jaio egiten da esaldia, eta iruditzen zait uste hori aspaldi hil zela. Bertso eskolek egiten duten lanik handiena, besteak beste, transmisioa, motibazioa eta ezagutza zabaltzea izan da. Ale berriak sortzeko ezinbestekoa izan da. Gaur egun pentsaezina litzateke daukagun argazkia izatea.

Jon: Lehenik, toki bat bertsoa garatzeko, eta bertsoa zer den probatzeko ere bai lehen kontaktu bat eginda. Saio batean probatzeko toki bat ere badira bertso eskolak. Nire kasuan, nire adineko pertsonekin garatzeko leku bat ere izan da, eta horrek ere laguntzen du. Inguruko jendearekin aritzea beti ere errazagoa izaten da. Bertsotan lasai ibiltzeko leku paregabeak dira bertso eskolak.

Zuek noiz sentitu zineten bertsolari?

Aitor: Guk ez dugu inoiz esaten bertsolariak garenik! Galdetzen digutenean ea bertsolari garen, zera erantzuten dugu; gu bertsotan aritzen gara! Orain gazte askori entzuten diet ni bertsolaria naiz… Bale, ez dizut ukatuko, baina niri ez zait inoiz hori atera. Nire bizitzaren ardatzetako bat bertsoa da, eta, bertsoari emana bizi naiz, bertso sorkuntzara emana ere bai… Bertsolaria naiz? Baietz esan daiteke, baina ez dut inoiz klik egin, eta bertsolaria naizela sentitu. Uste dut ez dagoela une zehatz bat hori sentitzeko. Ibiliak esaten du bat bertsolaria den ala ez.

Jon: Hasiberritan nire burua ez neukan bertsolaritzat. Orduan bertsotan egiten saiatzen nintzen, baina ez nintzen bertsolari. Egia da, denborarekin, geroz eta serioago hartu, geroz eta egiteko nahi gehiago izan, edo hobeto egiteko behintzat… ez dakit jada bertsolari naizen, baina bertsolari izan nahi dut behintzat. Nire kasuan behintzat horrela izan zen. Geuk geure buruari baino, besteek esaten digute gehiago.

Zu, Aitor, 20 urterekin jada 1995eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldun izan zinen. Nola bizi izan zenuen txapelketa hura?

Aitor: Nahiko sentimendu arraroarekin bizi izan nuen. Txapelketa guztian zehar entzun genuen onenak ez zihoazela. Orduan, Andoni Egañak, Aljel Mari Peñagarikanok eta Sebastian Lizasok uko egin zioten txapelketari. Baina onena erlatiboa zen, tartean baitziren Iñaki Murua, Mikel Mendizabal, Loidisaletxe… Guri ez zigun askorik ardura. Lehen txapelketa handia zen askorentzat. Kristoren esperientzia izan zen hura. Ordura arte plazetan banenbilen zerbait, baina txapelketa hark ateak ireki zizkidan. Garai hartako bertsolari ospetsuen estimua ere izan nuen. Haietako batek aipatu zidan behin, txapelketa hura eta gero, haiekin joateko baimena nuela. Jauzi kualitatibo handia izan zen hura nire ibilbidearentzat.

Jon, gaur egun imajinatzen duzu 20 urteko gazte bat Gipuzkoako txapeldun?

Jon: Gerta liteke! Badago jende gaztea maila handikoa, baina zaila da egia esan. Jende gazte asko apuntatu da azkenengo txapelketara, eta probabilitateak areagotu egiten dira horrelakoetan. Denontzat, 20 urterekin, lehen txapelketa izango litzateke, eta horrelakoetan nerbioek eta esperientzia faltak pasada txarrak jo ditzakete, baina gertatu liteke irabaztea.

Nolakoa izan da zure esperientzia aurtengo txapelketan?

Jon: Kuriosoa! Orain arte beti entzutera joan izan naiz, eta, oraingoan, aldiz, niri tokatu zait kantatzea. Beste adin bateko jendearekin abestu dut, eta oso gustura aritu naiz. Txapelketa honek beste jauzi bat emateko balio izan dit. Ez nuen askorik pentsatu izena emateko garaian. Aurten ez banuen ematen, beste lau urte itxaron beharko nituzke, eta lau urte asko dira itxaroten egoteko. Galtzeko ez neukan ezer, irabazteko baizik. Ez diot alde txarrik ikusi txapelketari.

Inoiz partekatu al duzue oholtzarik?

Aitor: Iaz Andoainen, Kale Txiki auzoko festetan. Oroitzapen polita daukat egun hartaz, eta lasai aritu ginen. Normalean kantukide gazteagoekin egokitzen zaidan beste saioetan bezala sentitu nintzen. Jonek saio polita egin zuela iruditu zitzaidan.

Jon: Oso ofizio polita egin genuen. Gai-jartzailea ere aita-semeen erlazio horretatik tiraka aritu zen. Jendeari grazia egin ziok gaiak, eta oso giro polita izan genuen.

Zein dira bertsolari bezala Jonen ezaugarriak?

Aitor: Irudimena dauka, eta arrazoiketan ere ona da. Badu diskurtsoa garatzeko gaitasuna. Gauza gutxirekin gauzak garatzen ditu. Hori da gaur egun bere ezaugarririk nabarmenena. Agian, gero, dena janzteko erritmo gehiago falta zaio. Ondo moldatzen da arrazoiketan eta argudioetan.

Eta aitarenak zein dira, Jon?

Jon: Orokorrean ez du arazorik izaten edozein gairekin. Gai guztietatik ondo ateratzeko gaitasuna du. Niri falta zaizkidan erritmo eta elegantzia horiek berak baditu. Asko gustatuko litzaidake berak duen konfiantza izatea.

Aitaren ibilbidea ikusita, askotan konparatu izan zaituzte aitarekin?

Jon: Bai! Jendeak aipatu izan dizkit, esaterako, pasako duk aitakostako zaik… Egia da konparaketa gehienak umoretik izaten direla, alegia, adarra jotzeko asmoarekin izaten direla. Seriotik egindako konparaketarik ez dut inoiz entzun, eta eskertzen da.

Non sufritzen duzue gehiago, oholtza gainean edo aulkian zaudetenean besteei entzuten?

Jon: Nire kasuan oholtzan. Aulkian nagoenean badakit dena ondo irtengo dela. Oholtzan, aldiz, presioa nigan dago. Nik kantatu behar dut, maila eman behar dut… Gaizki ere ez da pasatzen, baina aukeran jarrita, aulkian.

Aitor: Nik aulkian ez dut bereziki sufritu izan, edo ez beragatik behintzat, esaterako, eskolarteko bertso txapelketa batera joaten banaiz. Orokorrean sufritzen dut edonorekin. Halere, behean gehiago sufritzen dut, ezin baitut handik ezer egin. Oholtzan, aldiz, gehiago laguntzeko aukera izaten da.

Jon eta Aitor Mendiluze  Jon eta Aitor Mendiluze  Jon eta Aitor Mendiluze  Jon eta Aitor Mendiluze  Jon eta Aitor Mendiluze  Jon eta Aitor Mendiluze