Joanes Azpillaga: "Dena berria da niretzat, baina prest nago final handirako"
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko du gaur Joanes Azpillagak. Estreinakoz abestuko du taulan, eta gakoa “lasai” kantatzea izango dela dio.
Joanes Azpillaga –
Intza Trula, Uztarrian.
Lehenengoan, finalera. Hitzordu garrantzitsua du gaur iluntzean Joanes Azpillaga (Azpeitia, 2007) Erniarraitzeko bertsolariak Itziarren, bertan jokatuko den Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan parte hartuko baitu. Jendaurrean lehen aldiz abestu zuen Azpillagak Aizarnazabalen jokatutako kanporaketan, eta bigarrengoz egingo du gaurko finalean. Iluntzeko hitzordurako “gogotsu” eta “prest” dagoela dio, baina urduritasuna “hor dagoela” ere aitortu du. 22:00etan hasiko da finala, Itziarko Lastur auzoan.
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako kanporaketan abestu zenuen lehen aldiz jendaurrean, eta zuzenean izan ez bazen ere, finalean zaude. Zer moduz zaude?
Ez nuen batere espero lortutako emaitza; beraz, oso pozik. Egia da, halere, ez dudala finalerako txartela zuzenean lortu; hau da, ez nuen kanporaketa irabazi. Guztira, lau kanporaketa jokatu dira, eta bakoitzeko irabazleak zein bi puntuazio altuenak lortu genituenok osatu dugu seikoa. Oso pozgarria da niretzat estreinakoz jendaurrean bertsotan egin eta horrelako zerbait lortzea. Finala esperientzia polita izatea espero dut. Aurrera begira bertsotan jarraitzeko gogoa eta indarra emango dizkit; bertsolaritza munduan jarduteko inoiz baino gogo handiagoa dudala esatera ausartuko nintzateke.
Zer dela-eta animatu zinen jendaurrera ateratzera?
Bertso eskolan nabil, eta azken ikasturtean asko ikasi eta hobetu dudala iruditu zitzaidan, eta beraz, pentsatu nuen une egokia izan zitekeela pauso hori emateko. Probatzea zen asmoa.
Ordu gutxi batzuk besterik ez dira falta final handirako. Urduri al zaude?
Hasiera batean espero nuena baino lasaiago nago, eta nahiko ondo igaro dut astea; baina ez dut gezurrik esango, urduritasuna hor dago. Gainera, Aizarnazabalgo kanporaketa mahaiaren inguruan jokatu nuen, baina finala oholtza gainean izango da. Agertoki baten gainean abestuko dudan lehen aldia izango da. Azken batean, dena berria da niretzako, baina prest nago final handia jokatzeko.
Eta, zein izango da gakoa gauzak ondo egiteko?
Ahalik eta lasaien kantatzen saiatuko naiz, askotan hor baitago gakoa. Horrez aparte, guztiz garrantzitsua deritzot oholtzara konfiantza osoz igotzea, gauzak bide onetik joan daitezen.
Ez zenuen finalerako txartela zuzenean lortu. Ezinegona sortzen al dizu horrek?
Ez. Lehendabizikoz jokatuko dut final bat, eta nire helburua garbia da: saio txukuna egitea. Ez daukat inolako posturik lortzeko beharrik, ezta txapelketa bai ala bai irabazi beharrik ere. Finalerako pasea lorpen handia da niretzat, eta lasaitasunez hartuko dut.
Entrenamendu berezirik egin al duzu finala prestatzeko?
Ez dut aparteko entrenamendurik egin. Bertso eskolara joan naiz eta besteetan landu ohi ditugun ariketak landu ditut. Halere, azken asteetan bertso eskola normalean baino gehiagotan zapaldu dudala esango nuke.
Kattalin Arabolazarekin, June Aiestaranekin, Sustrai Goenagarekin, Danel Etxeberriarekin eta Egiar Otegirekin osatuko duzu finaleko seikoa. Zer diozu aurkariez?
Partaide batzuk bakarrik entzun ditut kantuan; beste bertso saio batzuk zirela medio, ezin izan baititut gainerako kanporaketak ikusi. Kattalin Arabolazarekin jokatu nuen kanporaketa, eta sekulako saioa egin zuen berak. Oso-oso ongi egin zuen bere lana, eta bertsolari fina dela deritzot. Hala eta guzti ere, ez ditut gainerako bost bertsolariak aurkari modura ikusten, taldekide moduan baizik.
Lagunak eta familia ere bertan izango dituzu, babesa emateko.
Gogo handia daukat lehen aldiz oholtza gainean kantatzeko, eta oso garrantzitsua da niretzat senitartekoak eta lagunak bertan izango direla jakitea. Badakit oholtzara igotzean aurpegi ezagunak ikusiko ditudala eta beraien babesa eta berotasuna sentituko ditudala. Asko lagunduko dit horrek; azken emaitza ona ala txarra izan, badakit ez naizela bakarrik egongo.