Jaialdia

Jaialdia –

Andoni Egañak Berria egunkarian.


JaialdiaIkasturte amaierako jaialdiaren sindrometzat izendatu izan dut, eta ez da kritika, konstatazio hutsa baizik. Ari naiz umeen ikasturtearen amaiera aldera egiten diren jaialdi horien irteerako komentarioez. Harro mintzo dira beti aitona-amona, guraso, osaba-izebak. «Oso ondo» irteten dira beti. «Zoragarriak» izaten dira beti emanaldiak. Norbere senitarteko edo lagunen bat tartean dela eta, gainera, parte hartzaileak umeak edo nerabeak direla aintzat hartuta, ulertzekoa da atxikimendu itsu eta gor hori. Pilula bera lotura emozionalik gabe, hotz-hotzean eta behartuta irentsi beharra izango bagenu…

Itxialdi honetan emanaldi asko izan dugu, balkoietan eta sareetan, sindrome beretsua eragin duena. Egunero arratsaldeko seietan balkoira azaltzen den txistulari edo tronpeta jolea, astean behin balkoitik balkoira bertso saioa egiten duena, dantza talde edo abesbatza baten emanaldi birtuala… Eta denak ondo! Eskertu egiten da itxialdi garaiotan norberetik eta borondatez komunitateari zerbait doan eskaintze hori.

Egoera honek gu uzten gaitu kolokan, kultur sorkuntza ogibide nagusitzat dugunak. Entretenimendu soiletik haragoko kultur sorkuntzak nolakoa behar lukeen gure esparruan, estetikaz, etikaz… pentsatzeko garaia.

Jaialdia