Izan katebegi

Izan katebegi –

Ixabel Jauregik Maxixatzen-en.


India iparraldean, Himalaiaren gerizpean, 4.000 metrotik gora Kiba herrixka artzaintzatik bizi da batik bat ahuntzak, ardiak, yakak… zainduz. Eguzkia sartu orduko, abereak etxeratzen dituzte, gauean mamuak – elurretako lehoinabarrak– triskantzarik egin dezan. Ez dute, ordea, mamua desagertzerik nahi. Horregatik, mendietan eremu bat gordeta dute: gorala. Hori baita mamuarentzat plater berezia. Lortu dute lasaitasuna beren bizitzetan, eta denak etxeratu orduko, supazterrean biltzen dira beren hizkuntzan eguneroko gorabeherez, arazoez eta erabakiez hitz egiteko. Era horretan, transmititzen dute belaunaldiz belaunaldi ahozko hizkuntzan oinarritutako beren kultura.

Izan katebegi

Juan Carlos Etxegoien Xamarrek Orhipean, gure herria ezagutzen liburuan, ahozko kontakizunetik abiatuta, dibulgazio zientifikoko kontakizuna egiten du; Himalaiako artzainen ildotik, Euskal Herrian bizitzeko era bat azalduz. Herria osotasunean ezagutzen hasteko bidea eskura jartzen digu. Liburu hori kaleratu eta hogei urtera, Orekan herri eta hizkuntzen ekologiaz lanean “hizkuntza guztien gordailu eta erantzule den gizadia oreka bizigarrian garatzeko eta irauteko baldintzen inguruan” mintzo da. Euskaltzaleok katebegi izan nahi badugu, bi ale horiek gure etxeetako liburutegietan izan behar ditugu.

Garen hori. Tradizioaren eta etorkizunaren artean liburuan, berriz, Ana Urkizak euskal balioen inguruko hausnarketara gonbidatzen gaitu. Horretarako, zortzi sortzaile eta zortzi aditu elkarrizketatu ditu. Horietatik Xabier Paya hautatu dut; “bertsolaritza gure herriari identitate propioa emateko tresna da”, dio Paiak Maialen Lujanbio aipatuz. Galdera honi erantzunez bukatzen du: “Eta nola berrituko ditugu balioak, ustez garen horri eutsita edo garena galdu gabe? Izan aditza baino areago, egin aditza erabilita (…) Balioak, gurean, ez dira berbalizatu eta esplizitatu. Ez dira berrantolatu. Eta onartu dezagun, gurean, zaharra izateak oso balio handia du: enpirikoa, emozionala…Katea ez dela eten bermatzea edo gogoraraztea… hori oso garrantzitsua da gurean”.

Zarautzen, Inazio Eizmendi Basarri bertsolariaren parke berean dago Xabier Lizardiren irudia, honako olerkia irakurri nuen han: (…) Geroztik ari nazu/ auts zaarrak astintzen/ aiton-amon guztien/ ipuiak jasotzen/ erriarren pitxiak/ magalean biltzen/ ez baita il gure erria/ zutitu gaitezen/ Il ez da ta ezta ilko/guk ez badegu nai/ Bizi irrikaz zegoen/ gure maitasun zai/ aren susper bearrez/ goazen nora nai/ (…) Egizute nerekin/ aberri bidea/ Bildu dezagun nun nai/ asaben lorea/Ta gaurdanik goritu/gure sukaldea/ Ni nor naizen? Asmatu/ Euskal pizkundea.

Izan katebegi