Izan ez den kafe horri

Izan ez den kafe horri –

Saioa Alkaiza, BERRIA egunkarian.


Saioa Alkaiza Guallar. Iruñean jaioa, 1991. urtean. 12 urterekin hasi zen bertsotan, Antsoainen ikasle zela. Hara joan zitzaien Estitxu Arozena bertsolaritza irakastera, eta haren eskutik jantzi zuen 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela. Kazetaritza eta Gizarte Antropologia ikasketak eginak ditu, eta Iruñerriko bertso eskolako eta ahalduntze bertso eskolako kide da. Birritan irabazi du Iruñeko egile berriendako euskarazko literatur lehiaketa..

 

Izan ez den kafe horri
Arg: MabelAmber

 

Doinua: Garia saltzen nengoelarik II

 

 

“Gera gaitezke?” whatsapp motza da

porroten epigrafea,

zeren kafe bat nahi duzu, baina,

zuk ez duzu nahi kafea.

 

 

Kafea irentsiz esan didazu:

-“Barka, denbora behar dut”.

Eta ordutik ordularien

orratzak gorroto ditut.

 

 

Ordularia, antsietatez,

tik, tak, tik eta tik, tak, tik…

negar-zotinka ari omen da

neure buruarengatik.

 

 

Neure burua, muxuka dabil,

aldiz, ote naiz neroni?

eta “muxu” dei al dakioke

listu trukaketa honi?

 

 

Honi deritzo bakardadea,

barnean txutxu-mutxuka,

lehen parrandan, ni ezagutzeko,

ezezagunak muxuka.

 

 

Muxuka, nonbait, dolu zaporez,

“gurea” ez den bizitzan,

guztia izan zitekeelako

eta ez delako deus izan.

 

 

Izan ez dugun maitasun hura,

sortu ez zaigun umea,

gurea ez den etxea eta

bizi ez dugun unea.

 

 

Une honetan, gaupasa usainez,

bidali ez dudan whatsappa…

“gera gaitezke?” esan nahi dizut,

nostalgiari tiraka.

 

 

Tiraka doaz gauak, egunak…

porroten epigrafea,

biak batera hoztu artean

bihotza eta kafea.

Izan ez den kafe horri