Ixiar Eizagirre: "Bulkada zirkuitu baten parte da eskola; bertsora sartzeko ateetako bat"
Ixiar Eizagirre –
A. Larrabe Arnaizek Berria egunkarian Ixiar Eizagirre.
Bide luzea urratu du Bertsozale Elkarteak transmisioaren eremuan. 34 urte dira, bertsoaren ezagutza bermatzeko, ikasgelarako bidea hartu zuela, eta Euskal Herriko 507 ikastegitan ematen ditu eskolak gaur egun.
Bertsogintzak ikastetxeetan duen unibertsoan ezinbesteko pieza izan da Jon Lopategi muxikarra; maisu Lopa, askorentzat. Transmisioa zuen kezka nagusi. Ikastolen Elkartearekin bertsoa haurrekin lantzen eta lehen bertso eskoletan aritu zen irakasle, 1980ko hamarkadaren erdialdean. Joan den otsailean zendu zen, baina hark urratutako bideari jarraitzen dio Bertsozale Elkarteak ere; bertsoa ahalik eta ikasgela gehienetan hedatzen. Euskal Herri osoko 500 zentrotan baino gehiagotan ari da elkartea lanean, eta Bertsolaritzaren Curriculuma ere ondu du Lehen Hezkuntzarako. Kultur adierazpideen artean zubiak eraikitzea beharrezkoa dela uste du Ixiar Eizagirrek (Hernani, Gipuzkoa, 1979), transmisio eremuko eragileak. «Interesgarria litzateke eskolaren eremuan espazioak eta esperientziak konpartitzea beste kultur sorkuntzekin».
Berezia da bertsolaritzaren kasua, ikastetxeek elkarteari egiten dioten eskaera batetik sortzen baita bertsogintza ikasgeletan lantzeko egitasmoa.
Hala da. Ikastetxe eta udaletatik etorritako eskaera bati erantzunez sortu zen egitasmoa, 1985ean, Nafarroan, eta haziz joan da ordutik, Bertsozale Elkartean dimentsio handiena duen egitasmoa izateraino. Gaur egun, 50 irakasle ditugu lanean Euskal Herriko 507 ikastetxetan barrena, eta 26.300 ikasle ingururekin aritzen gara. Ikastetxeetan kulturaren lanketa egiteko eredu egokia izan daitekeela iruditzen zaigu: eskolan kultura adierazpide bat lantzeko sortzaileengana edo elkarteengana jo dutelako. Gure kasuan, bertsolaritza lantzeko, ikastegira bidea egiten du Bertsozale Elkarteak, eta bere proiektua garatzen du bertan. Gauza bera egin liteke beste kultur adierazpen batzuekin ere.
Beraz, eraman liteke zuen esperientzia beste arlo batzuetara?
Hezkuntzan, euskal kulturaren transmisioa bermatzeko, sortzaileekin eta elkarteekin proiektu bat egin litekeela erakutsi digu gure esperientziak. Bide horretan, interesgarria izango litzateke bertsolaritzatik egiten dena literaturarekin, antzerkiarekin edo musikarekin ere egitea. Zubi lana egingo genuke; elkarrekin espazioak eta esperientziak partekatuko genituzke. Horra iritsi nahiko genuke.
Gozamen hutsari lotzen zaio bertsolaritzaren lanketa?
Bertsolaritza klaseak egiten ditugunean tutorea ikasgelan egotea hobesten dugu, proiektua gelara egokitu dadin. Astero edo bi astez behin joaten da bertso irakaslea eskolara, eta ikasleentzat zerbait berria da, erakargarria. Jolasari eta gozamenari lotzen zaio: ez dago azterketarik, eta ohiko ikasgaietatik kanpokoa da. Bertsoarekin gozatzea, sormena eta espresatzeko pasio hori haurrekin bizitzea bada helburua, baina baita bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza bat bermatzea ere. Egoera soziolinguistikoa edozein dela ere, haurrek jakin dezatela bertsolaritza badela, existitzen dela. Eskola guztietan ziurtatu beharko litzateke euskal sorkuntzaren ezagutza: bai gure garaiko gizartea ezagutzeko, bai kulturak pertsonari eta komunitateari ematen dionagatik, eta, euskararen egoerara etorrita, baita kulturak hizkuntzari ematen dionagatik ere.
Lehen Hezkuntzakoak dira ikasle gehienak.
Ikastetxeen eskaerari erantzuten diogu, eta normalean Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan izaten gara. Ikastetxe eta herri batzuk DBHn ere prest agertzen dira proiektuarekin jarraitzeko.
Adinean gora egin ahala jaitsi egiten da sorkuntzari eskaintzen zaion denbora?
Curriculumari dagokionez, bestelako presio batzuk izaten dira DBHn. Nolanahi ere, oso adin interesgarria da guretzat, nerabezaroan adierazteko nahiak beste dimentsio bat hartzen baitu. Heldutasuna dute ulertzeko eta adierazteko, interesa areagotzen zaie gizarte gaiekiko, eguneroko gatazkekiko, eta garai emankorra da bertsolaritza lantzeko ere.
Ikastetxeek zer ematen diote bertsolaritzari?
Bertsozaletzea adin guztietan gertatzen da. Inoiz ez da berandu; areago, bakoitzak, bere biografian, modu batean aurkitu du bertsolaritza. Ikastetxeen bidez, baina, gizartearen gehiengoa bustitzen dugu. 26.000 ikasletik gora izaten ditugu urtero, eta horrek esan nahi du beste horrenbeste gurasok ere izaten duela bertsolaritzaren berri. Beraz, zalantzarik gabe, hedapen espazio garrantzitsua da ikastetxearena. Edonola ere, eskoletako lanketa ikasturte batera edo bitara mugatzen da, eta eskola orduetatik kanpoko bertso eskoletan jarraitzeko aukera izan dezaten saiatzen gara: zaletasuna duenak, behintzat, segi dezan bertsolaritzan. Aisialdiko ekimenak ere antolatzen ditugu: asteburu- pasak, barnetegiak eta bertso udalekuak, esaterako. Gelan zaletzen diren beste asko saioetara edo txapelketetara joaten dira; Euskal Herriko bertso txapelketako finala, adibidez, haur askok jarraitzen du. Bulkada zirkuitu baten parte da eskola, nolabait; bertsora eramateko ateetako bat.
34 urte dira elkarteak ikasgelara jauzi egin zuela. Nolakoa izan da hedapena?
Etengabekoa izan da goranzko bilakaera. Nagusiki ikastetxeek, udalek eta mankomunitateek finantzatzen dute egitasmoa, eta ahalegin ekonomikoa eskatzen dien arren, proiektuan jarraitzen dute. Areago, zentro berriak gehitzen zaizkigu urtez urte. Hori sintoma ona da.Akordioak ditugu Ikastolen Elkartearekin, Nafarroako Hezkuntza Sailarekin eta Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoarekin.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetan eta hezkuntza sare guztietan dago Bertsozale Elkartea.
Garrantzitsua da guretzat. Askotarikoak diren 200 herri eta 500 ikastetxetan gaude: Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko, sozioekonomiko eta kultural guztietan eskaintzen dugu proiektua. Oso interesgarria da eskolaz eskola aritzen diren gure mintegiko 50 bertsolaritza irakasleak entzutea: euskal gizartearen kolore eta ñabardura asko ezagutzen dituzte; oso presente dute gaur egun zein konplexua eta askotarikoa den gure herria. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus ezezagun diren eremuetan hasi eta erdi idolotzat dituzten lekuetaraino egiten dute. Errealitate zabal horretan landu behar dugu bertsolaritza, eta irakasleak etengabe egokitu behar izaten du bere bere jarduna, gela batean egokia denak ez duelako besterako balio.
Aurrera begira, zein da erronka edo egiteko nagusia?
Gure irakasle mintegian dagoen esperientziari arreta jarri eta irakasleen prestakuntzan sakontzea da datozen urteotan eman nahi ditugun pausoetako bat. Horrekin batera, material didaktikoaren sorkuntzan ere urrats handiak egiten ari gara. Bertsoikasgela.eus webgunea jarri dugu martxan, zeinak ikastetxeentzat material mordoa duen. Denborarekin ikasgeletan bertsolaritzaren bidez landu nahi ditugun tematiketan ere sakondu nahi genuke. Bizitzako eta eskolako makina bat gai landu daitezke-eta bertso bidez. Irakasleak formatu eta materiala sortzea beharrezkoa zaigu horretarako. Bidea egiten jarraitzeko gogotsu gaude.