Iruri Altzerrekak 'Tokadu saria' irabazi du Señora Sariketan
Iruri Altzerrekak ‘Tokadu saria’ irabazi du Señora Sariketan –
Ekaitz Herrerak, ANBOTOn.
Sariketako epaileen iritziz Altzerreka da epaimahaiko kideen “bihotza gehien uzkurtu duen bertsolaria”.
Beharbada txapela izango da bertsolaritzako ikurrik esanguratsuena, baina Señora Sariketak argi utzi du badagoela bertsolarien balioa aitortzeko bestelako modurik. Iruri Altzerreka Martínez da horren lekuko. Bertsolari garaitarrak Tokadu saria irabazi du Señora Sariketaren hirugarren edizioan. Epaimahaiak sari hori eman dio garaitarrari, “bihotza gehien uzkurtu duen parte hartzailea” bera izan delako. “Aldarrikatu nahi dugu epai-irizpide oro dela arbitrarioa eta ‘bertsolari onena’ saritzea bezain inportantea iruditzen zaigula bertsolari xarmangarriena saritzea ere. Horretarako, epaile bakoitzak saioan zehar bihotza gehien uzkurtu diguten hiru momentuak jaso ditugu, eta horiek zenbatuta, bihotz gehien zituen partaideari eman diogu saria”, azaldu dute epaimahaiko kideek. Altzerrekak Eli Pagola Apezetxearekin, Maddi Ane Txoperenarekin, Janire Arrizabalaga Munduaterekin, Eli Zaldua Barquinekin eta Maider Arregi Markuletarekin jokatu zuen zapatuan, sariketako finala, Oñatin (Gipuzkoa). Txoperena eta Arregi ailegatu ziren buruz burukora. Azken honek jantzi zuen sariketako pamela.
Altzerreka “gustora” ibili da finalean. “Bertsoen teknikari dagokionez ez zen nire egunik onena izan, baina presio barik ibili nintzen, oso lasai”, esan du. “Izan ere, Señora Sariketan beste txapelketa batzuetan saritzen ez direnak baloratzen dira. Bertsoen teknika edo zuzentasuna barik, edukia, gainerako bertsolariekiko zaintza, hartu emanak, baloratzen dira. Horrek guztiak eragina du saioko giroan. Eta egia esan egundoko giroa sortu zen bertsolarion artean eta ikus-entzuleen artean” azaldu du garaitarrak.
Esperimentazioa eta transfeminismoa
Señora Sariketa duela hiru edizio jaio zen, bertsolaritza eta lehia beste era batera lantzeko bokazioagaz. Ohiko arau eta teknikak albo batera utzita, bertsoa transfeminismotik eta esperimentaziotik lantzeko tresna modura sortu zuten hainbat bertsolari emakume eta sexu-genero disidentek. Aurtengo edizioak lau saio izan ditu. Apirilean sariketa aurkezteko bertso-poteoa egin zuten Azkainen (Lapurdi). Gerora Bilboko eta Erratzuko (Baztan, Nafarroa) kanporaketak egin zituzten. Eta joan zen zapatuan, sariketako finala jokatu zuten Oñatin (Gipuzkoa). Bertan, esan bezala, Maider Arregi Markuletak jantzi zuen sariketako pamela. Hurrengo edizioari begira, Altzerrekak bere tokadoa jantzi beharko dio hurrengoari.
Bertsoa.eus atarian Señora Sariketako bertsoak ikus-entzun, argazkiak behatu eta informazio osatua irakurri daiteke.