Irati Alcantarilla izan da irabazle Osinalden, lehenengo partaidetzan
Irati Alcantarilla izan da irabazle Osinalden –
Aimar Maizek Goierriko Hitzan
Urruñako bertsolariak saio betea egin du Gabirian, bertsolari gazteen 51. sariketan. Aner Peritz izan da bigarren, eta bertsorik onenaren saria ere hark jaso du.
Irati Alcantarilla urruñarrak irabazi du 51. Osinalde Saria, bertsolari gazteentzat Gabirian izen bereko elkartean larunbat gauean jokatu zen sariketa. Oro har, saioa ona bazen, hein batean Alcantarillak berak eutsi zion gailurrari unerik baxuenetan ere. Nola ofiziotan, hala bakarkakoan, goi mailan aritu zen. Epaia, ezbairik gabea: bai bost epaileen puntuazioz, bai entzuleen bozketa herrikoian, irabazle Alcantarilla aukeratu zuten. Lehenengo aldiz parte hartu du.
Ordiziako Argi-Berritik, Zaldibiako Osinberdetik eta Aztiriko sarietatik sailkatutako sei bertsolari gazte jardun ziren, Alcantarillarekin batera Aner Peritz (bigarren sailkatua eta bertsorik onenaren sariduna), Unai Izagirre (hirugarren partaidetza zuenez, Osinaldetik agurtu da), Oihana Arana, Lander Arizmendi ordiziarra (goierritar bakarra) eta Xabat Illarregi. Maila ona denek eman zuten, ohi bezala bertso egarriz gainezka zegoen Osinalde elkartearen giro berezian
Ane Etxezarreta olaberritarrak aurkeztu zuen saioa. Epaimahaian Martin Aramendi, Asier Iriondo, Aratz Igartzabal, Amaia Lartzabal eta Eresti Oiarbide jardun ziren. Afaritan 125 lagun eseri ziren mahaian, eta sorta bat gehiago sartu zen gero saioa entzutera. Bozgorailurik gabe kantatu zuten bertsolariek, bertso bukaerak eta aurreikus zitezkeen errimak jendeak kantuan lagunduta. Pentsatze uneetan, zirkinik ere ez zen entzuten, ordea. Errifaren zozketan, honako zenbakiak atera dira saridun: 1. saria 1287, 2. saria 261 eta 3. saria 458 zenbakiak.
Hasierako agurren ondotik, bina punturi erantzunez sartu behar izan zuten jokoan. Ondo, oro har. Zortziko handiko ofiziotako ariketa ere irristadarik gabe gainditu zuten; behera egin zuen zertxobait zortziko txikiko ofizioan. Baina Aranaren eta Alcantarillaren arteko saioak berotu zuen atzera elkartea, parkean goxo-goxo bikotekidearekin dagoen Oihanaren une onena Irati udal langileak haizagailuarekin eten zueneko gaiarekin.
Atsedenaldiaren aurretik, bakarkako lanetan sakonetik jo zuten denek. Gehienez hamarreko neurrian egin zezaketen, eta hamarreko nagusia aukeratu zuten guztiek.
Kartzelakoan –nahiz ganbara kontzeptua zabaldu den, Osinalden oraindik kartzela erabili dute– ere binaka jardun ziren. Hitz bat emanda bertsoa osatzea zuten lehen ariketa. ‘Zaindu’ batarentzat, ‘busti’ bestearentzat. Hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso osatzeko gaiak jokoa eman zuen. Ezkonduta 50 urte damaran bikoteak, ustez elkarri dena kontatzen dion arren, psikologoaren kontsultako atean egin du topo.
Aner Peritzek arrazoi sakonak eta irudi distiratsuak erabili zituen, Oihana Aranarekin batera kartzelakoan. “berrogeita hamar urtera / ezin da heldu ta / elkarri pentsatzen den / dena kontatuta” bukatu zuen bertso bat. Azkenekoa, bertso onenaren saria merezi izan ziona, berriz, hauxe bota zuen:
Pertsona oro dago
osatua jendez,
nik ja zuregan ez dut
lehen beste interes,
baina aurrera segi
dugu berez-berez.
Bi naufrago garela
onartu mesedez,
igeri ez dakitenak
ta itotzen ere ez. (bis)
Alcantarillak, Euskal Herriaren ipar eta hego banaketa gainditu beharra ohartaraziz agurtu zuen Osinalde, behin irabazlearen saria jasotakoan.
Iparraldeko neskatxa horrek
barrenean ze indarra,
egia esan iruditzen zait
nahiko hegoaldetarra.
Mingarriegi iruditzen zait
hori onartu beharra,
eta mendeku izan daitezen
saria ta irribarra,
leku berdina izan artean
hegoa eta iparra
aldarrikatzen segi dezagun
herri bat eta bakarra.
Irati Alcantarilla irabazlea: “Bertsoak entzun nahi dituenari kantatzea erraza da”
–Zer moduz joan da saioa?
Ondo. Pertsonalki, nire ustez puntu-erantzunetan balekoa, zortziko handian puntu bat joan zait, baina uste dut zortziko txikian ondo errekuperatu dudala. Egia esan, ez dakit zer moduz ibili naizen, baina nik behintzat barrutik disfrutatu dut. Plaza txoratzeko zegoen. Egia izango da gozatuz gero gozarazten dela, eta oso pozik.
–Osinaldeko giroa ezagutzen zenuen?
Bai, aurreko urtean etorri nintzen lagun batzuk entzutera eta.
–Eta mahaiaren beste aldetik, nola ikusi duzu?
Berriz hasiko nintzateke kantatzen berriro. Lasai aritu naiz. Gainera, afal orduan tenplea hartzen, plaza irakurtzen… aritu naiz. Oso ondo. Hasi naizenean jada nerbio guztiak bota ditut. Publikoak entzun nahi zuen, eta orduan, entzun nahi duenari esatea, oso erraza da.
–Saioa, orokorrean, ona iruditu zaio entzuleari. Zuri ere bai?
Azken aldian pixka bat tokatu zaigu gazte sariketetan ibiltzea. Maila aldetik, eta talde bezala, ez dut esango altuena agian, baina maila ona ikusi dut. Kide guztiek utzi dute zerbait berezia, eta oso ondo, oso pozik.
–Bertsolari bezala, bertso eskolan non ibilia zara? Urruñan, Ziburu aldean edo?
Ez. Orain Xilaba prestatzeko ibiliko gara hor, baina ordutegiekin ezin koadratu ibiltzen naiz, eta Oreretan elkartzen gara gazte batzuk. Hemen parte hartu du baten batek; Josu Ibargurenek kantatu zuen, eta gazte batzuk hor ibiltzen gara, Zamalbide aldean, eta oso gustura.
–Zeini eskaintzen diozu saria, norbait ba al duzu buruan?
Agurrean esan dudana: euskalkiak edo asko markatzen gaitu nonbait, eta “Urruñakoa zara? Baina Urruñakoa guztiz?”sarri entzun behar izaten dut. Muga hori puskatu nahi duten guzientzako da nire azken agurra, saria eta behar den guztia.