Irailaren 19an hasiko da Xilaba banakako txapelketa
Irailaren 19an hasiko da Xilaba banakako txapelketa-
Joana Ibargaraien artikulutik, Berrian
Sekulan baino parte hartzaile gehiago bilduko ditu aurtengo edizioak. «Bere fruituak eman ditu taldekako Xilabak».
Azken bi edizioetan taldeka egin zen Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Xilaba bertsolari txapelketa. Aurten, haatik, hasierako formatura itzuli eta banaka lehiatuko dira bertan parte hartuko duten 28 bertsolariak.
Lurralde horretan zen «joera» baten irakurketaren ondorioz antolatu zuten taldekako Xilaba, gero, horko parte hartzaileak banaka aritzeko «motibatuko» zirelako esperantzarekin. Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakari den Xumai Murua Berrak eta Ortzi Idoate sustapen arduradunak lan horren emaitza nabarmendu dute taldekakoan «lehen urratsak» eman dituzten bertsolari gazte batzuen parte hartzea azpimarratuz. Horrez gain, garai batez bertsolaritzatik «pixka bat urrundu» zen jendea oholtza gainera berriz iganen dela ohartarazi dute. Jende berria, beraz, bai bertsolari eta baita epaileen taldean ere.
Hala, aurtengo kopuruak eta aurpegi berriak ikusirik, afixak elkartearen ibilbidea irudikatzen du. «Afixako irudiak olatu bat irudikatzen du; zipriztintzen den olatu bat. Lurralde honetako bertsolaritzaren bilakaeraren irudi izan nahi du, erakusten du olatu bat handitzen dena eta tita guzti horiek; bertsolari berri anitz ekartzen dituena». Eskolarteko txapelketan ere bertsolari anitz izan dela gehitu dute antolatzaileek. «Uste dugu ez dela kasualitatea hainbeste bertsolari izatea».
Hortaz, hamar saiotan antolatu dute aurtengo txapelketa. Lehen kanporaketa irailaren 19an izanen da, Hiriburun (Lapurdi). Bigarrena irailaren 26an Urdiñarben (Zuberoa), ondokoa urriaren 3an Ainhoan (Lapurdi) eta azken kanporaketa urriaren 10ean, Larzabalen (Baxenabarre). Ondotik, final herenak urriko ondoko hiru asteburuetan jokatuko dituzte, eta final aitzinekoak azaroan -final herenetarako jada sailkatuak dira Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Odei Barroso, eta final aitzinekorako, Amets Arzallus-. Azkenik, finala azaroaren 21ean izanen da Donibane Lohizuneko Jai Alaian (Lapurdi). Herri horiei loturik, horretan ere berrikuntza azpimarratu dute Idoatek eta Murua Berrak. Lehen aldiz ari izanen dira herri batzuetan; bertso eskolak hasi berriak diren lekuak baitira, edo geroan bertso eskolak izan ditzaketen herriak direlako.
Izan ere, koronabirusak sortutako egoera bazterrera utzi gabe, unean uneko neurriei egokituko direla erran dute. «Xilaba beti besta bat izan da guretzako, eta nahi dugu hala izan dadin. Gure eskuetan den guztia eginen dugu dena ahal bezain ongi joateko, neurriak errespetatuz». Hori kontuan harturik, saioetara hurbilduko direnei goizago etortzea eskatu dute antolatzaileek. Saio guztiak 17:00ean hasiko dira, baina lehenagotik bertaratu beharko da.