Iragana orainari josteko beste hari bat

Iragana orainari josteko beste hari bat –

Amagoia Gurrutxaga Urangak Berrian idatzitako erreportajea. 


«Mugarri» den 1926ko grabazio bat. Bi bertsolari. Txirrita bat, ziur; bestea, ustez, Pello Errota. Bigarren bertsolari hori Jose Migel Bitoria Agote ‘Anbuerri’ delakoan dago Joxan Goikoetxea, Bernardo Atxagarekin herenegun azaldu zuenez.

 

Arg: MAIALEN ANDRES / @FOKU

 

Pello Errota bertsolariaren datorren urteko mendeurrenaren babesean, Pello Errota ez beste bertsolari baten ahotsa ezagutaraztea. Horixe egin zuten herenegun arratsean Bernardo Atxaga idazleak eta Joxan Goikoetxea musikariak, Asteasuko (Gipuzkoa) udaletxeko batzar aretoan, Maialen Lujanbio eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolarien puntuak lagun. Atxagaren Muskerraren bidea liburuko gogoeten bidetik, bertsolaritzaren historia josteko hariak aurkitzeko eta mugarriak finkatzeko.

Hariak, izan ere, ez dira alferrik galtzekoak. «Gurea bezalako herri txiki batentzat, iragana eta oraina lotzen dituen hariak —batzuetan armiarma sare bateko haria bezain fina izanik ere— izugarrizko garrantzia dauka», zioen Atxagak. Txikiak, «normalean», euskarri handiagoa behar duelako munduan egoteko. Iraganeko lotura hori oso garrantzitsua izanik ere, baina, garai bateko gauza guztiak ontzat ezin direla jo erantsi zuen: «Orainera bezala, auzoarengana bezala jo behar dugu iraganera, edertasun edo jakintza bila». Edertasunaren erakusgarri, Pedro Jose Elizegi Maiz Pello Errota-ren alaba Mikela Elizegi Bengoetxearen memoria liburua nabarmendu zuen. 

Segidan, bertsolaritzaren historian «mugarria» den grabazio baten inguruko ikerketa aurkeztu zuen Goikoetxeak: «Mugarri bat da, altxorra, ezagutzen dugun lehendabizikoa delako». Columbia-Regal etxeak emandako Asteasu y Txirritadiskoa. Grabagailuari kantatzen dioten bertsolari harrituak eta irrintzi amaigabe bat. 1935ean Inazio Eizmendi Manterola Basarri-k lehenengo Bertsolari Eguneko txapelketa irabazi zueneko mugarriaren aurreko mugarri bat. Mezetara gutxi joaten ziren eta lagun zuten hotsaren doinuan kantatzeko ohitura zuten bertsolaritza garaien lekukotza, Atxagaren arabera: «Alderatu nola kantatzen zuen Basarrik eta nola kantatzen duen Txirritak grabazio honetan. Grabazio honen garaiko bertsolariek ez zuten elizan bezala kantatzen ikasten. Anbuerrik garrasi batean kantatzen du. Ahotsa ez da modulatua, hezia. Premiaren eta inguruko hotsak erakusten duenaren arabera kantatzen da». AnbuerriAranburu Berri, nahiago bada. Asteasuko Aranburu Berri baserrian 1887an jaiotako eta 1931n hildako Jose Migel Bitoria Agote. Asteasu y Txirrita diskoko Asteasu. Txirritari berari txapelketetan aurre hartu izan zion bertsolaria. Berdekeriak kantatu zalea. Bertsoak jartzen dirua ugari egin omen zuena. Asteasu ezizenez ageri da Koldo Mitxelena Kulturunean gordetzen diren Antonio Zabalaren agiri argitaragabe batzuetan. Halaxe izendatzen du Manuel Olaizola Urbieta Uztapide-k ere bere liburuan.

Bi ale

Duela mende laurden inguru agertu ziren Asteasu y Txirrita diskoaren bi kopia: bata Eresbil Musikaren Euskal Artxiboan; baserri bateko ganbaran bestea. Grabazioan Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita-rekin kantari entzun zitekeen bertsolaria, hasiera batean, Pello Errota zela uste izan zen, Asteasuko bertsolari ezagunena baitzen. Pello Errota hil ostekoa da diskoa, baina, Goikoetxearen esanetan. 1926ko San Tomas egunean Donostiako Bellas Artes antzokian grabatutakoa.

Mugarriaren aurreko beste data mugarri bat eman zuen Atxagak: 1918ko irailaren 5a. Eusko Ikaskuntzak lehen biltzarra egin zuen egun hartan Oñatin (Gipuzkoa), eta Euskaltzaindia sortzea erabaki. «1918ra arte, bertsolaritza karlismoak babestu zuen. Arazo bat zeukan, baina, bertsoak pikareskoak zirelako normalean». Karlismoaren babesa galdu ondoren, jeltzaleen babesa etorriko zen. «Oñatiko 1918ko kongresuan, aleman batek esan zuen euskaldunek ez zutela Heinrich Heineren mailako poetarik, eta bertsolaritzaren lehen teorikoa izan zen Manuel Lekuonak erantzun zion herri bakoitzean gutxienez poeta handi bat zutela». Bertsolariez ari zen Lekuona. Hala erabaki omen zuen Literatura oral euskéricaidaztea. EAJkoen babesak ere bazuen ertzik, baina, Atxagaren arabera: «Bertsolariak ez ziren garbizaleak». Horren lekuko da Asteasu y Txirrita diskoa. Hala, hastapenetan, bertsolariak ez zituzten ekitaldietako lehen lerroan jartzen jeltzaleek. «Hori aldatu zuen Aitzolek, bertsolariak euskal kulturaren euskarri zirela esan zuenean».

Eta Anjel Mari Peñagarikanoren eta Maialen Lujanbioren bertsoaldia etorri zen, ordura artekoan entzundakoak eta Pello Errota gai hartuta. «Bertso sorta bat tiratu dute/ ilunpetatik argira/ Guriak berriz beste askoren/ artian galduko dira», kantatu zuen Lujanbiok. «Kantatzen zuten bildurrik gabe/ goizian da iluntzian/ Kantatzen zuten bere herrian/ eta gure probintzian/ Gaur egun onak badaude baina/ orduan ere bazian», Peñagarikanok. Bukaeran, doinu zaharrak erabiliz kantatu zuten, Goikoetxearen soinua lagun zutela.

Ekitaldira joan ziren guztiak Xabier Leteren Gabon, Txirrita antzezlanaren kopia bana besapean zutela bueltatu ziren etxera.

Iragana orainari josteko beste hari bat
Iragana orainari josteko beste hari bat