Ingurune erdaldunetako bertsolariak
Ingurune erdaldunetako bertsolariak –
Saioa Alkaizak Berria egunkarian.
Euskaldun onaren irudikapena da bertsolaria. Estatikaren estetikaren adibiderik behinena. Lepotik gorako sortzailea. Mendebaldeko gizartearen arrazoia-gorputzabanaketa dikotomikoaren adibide fisikoa. Hizkuntzaren jatorraren eta jasoaren edukiontzia, eta zutabearen gaiari eutsiz: euskaldun-euskalduna da. Bertsozale Elkartearen azken ikerketa soziologikoaren datuek bideratu dute zutabe hau, harriduratik: biztanleriaren %15en lehen hizkuntza da euskara Euskal Herrian, baina ohiko bertso saioetako publikoari begira, bertan %69ra igotzen da zifra hori. Are gehiago, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdietan, %81eraino handitzen da portzentajea. Salbuespen soziolinguistiko bat da bertsogintza. Eta eskerrak. Baina euskararen arnasgune kulturalean, zein toki dute inguru erdalduneko bertsolariek? Zein ez euskalkidunek? Aurreiritziak ezabatzen ari dira edo bere burua indartzen du estereotipoak?
«Bizkaiko txapela ez du inoiz euskara batuan kantatzen duen batek jantziko», entzun zuen Jone Uria bertsolari algortarrak 13 urte zituela, gaur egun Euskal Herriko Txapelketa Nagusian eta Bizkaiko finalean makina bat bider aritua bera. Konplexua zeukan txikitan, «zona erdaldunekoa» izateagatik «ez hain euskalduntzat» zeukatelako. Euskara etxetik jaso badu ere, batuaren «zama» nabari zuen. Egun, plazaz plaza dabilela, ezberdintasunen bat sumatzen du: «Uste dut erdalgunekooi gehiago kuestionatzen zaigula hizkuntza erabilera. Ez bakarrik euskalki/ez-euskalki zentzuan. Erdalguneko bati esaldia behar bezala tolestu ez eta akats batek alde egiten badio, lehenago pentsatuko du jendeak ezjakintasunetik etorri dela, edo hizkuntza erabilera gaitasun apalago batetik; erdalgunekoa ez denaren kasuan ‘joan egin zaio’ pentsatzea izango da lehen erreakzioa».
Oihana Bartrak ere, Bizkaiko Txapelketan eta Txapelketa Nagusian aritutakoak, antzeko bizipenak izan ditu: batzuetan batuaz zuzendu zaizkio kantukideak, soilik berari, beren artean euskalkian egin bitartean. Ulertuko ez balitu bezala. Beste zenbaitetan, bere izatea bera nola ote den posible galdetu diote: «Neska, bilbotarra eta bertsolaria? Nola, ba!». Tentsioan bizi izan zuen gaztetan bere jatorria: «Anekdota bat kontatzeko: behin Bizkaiko finalerdiaren zozketan galdetu zuten: ‘Zein da bigarren oholtzara igotzeko?’, eta nik esan nuen: ‘Ni’, eta gainontzeko guztiek esan zuten: ‘Neu’. Eta hor pentsatu nuen, zergatik esan dut: ‘Ni?! Joder!’». Deseroso igo zen oholtzara, bestelako euskara horren ustezko herrenarekin, besteak bezalakoa ez izatearen sentsazioarekin. Besteak baino «ez-bertsolariago» sentitu zen, besteek bezala inprobisatzen zuen bitartean.
Iruditegi soziala da kontua, berezkotzat zer jotzen dugun, zer ote datorkigun burura bertsolari entzuterakoan, eta, batez ere, burura etortzen ez zaigun hori nola izango den beti subalternoa hegemoniarekiko, hutsuneak definitutako hori. Euskararen toki pribilegiatua den bertso munduak behar luke erreferentziazkoa izan hizkuntza gatazka hauei erantzuterakoan ere; inor «ez hain euskaldun» edo «ez hain bertsolari» sentitzen den tokia ezin da izan. Bitartean, Sustrai Colinak Euskal Herriko Txapelketa Nagusian botatako azken agurra entzunez idatzi dut zutabea: «Euskal Herria gelditu ez dadin euskal erdian/ Bila ditzagun arnasak ta ardatzak periferian».