Inaxi Etxaberi emakume bertsolariek jarritako bertsoak

Inaxi Etxaberi emakume bertsolariek jarritako bertsoak-

Argia aldizkaritik ekarria.


Inaxi Etxabe bertsolaria hil dela jakin orduko, ekimen xume honek gorputza hartu du emakume bertsolarien artean: bakoitzak bertso bana idatzi eta hedabideetan zabaltzea. Horixe baitzen Etxabek 1956. urtetik 2015era arte egin zuena, bertsoak okasiorako jarri eta plazan kantatzea. Urte luzetan bera izan da plazan kantatu zuen emakume bakanetakoa eta bere ekarpena eskertu diote bertsoak jarri dituzten 18 emakumeek.

Inaxi Etxaberi emakume bertsolariek jarritako bertsoak
Iturria: berria.eus

 

Ainhoa Agirreazaldegi:

Bertsoa buruan ta

bertsoa hatzetan

bistaratu ohi zinen

une zehatzetan

andre-bertso lotura

mantenduz gatzetan

bide horri segika

gabiltza plazetan

zure eskuak daude

gure oinatzetan.

 

Alaia Martin:

Inaxi, arrasto bat

zara lurrunean,

bertsoa kabitzen da

zure hutsunean…

Nahiz iragana pasa

isiltasunean

gure ahotsa duzu

etorkizunean.

 

Amaia Agirre:

Eredu baten kabi

izan zen Oikia

hitzaren artisau ta

jostun egokia

nahiz ukatu taberna

eta antzokia

beti izango duzu

guregan tokia

erreztearren guri

eskenatokia.

 

Amaia Iturriotz:

Bazoaz Iñaxi ta

ez gaude pozarren

gizonen kantuzko ta

hitz lauzko oldarren

aurka hustu dituzu

ahots eta barren

mila esker isilik

ez gelditzearren.

 

Ane Labaka:

Nor da aitzindaria,

nor abangoardia?

Nork dauka etorria,

grina, pikardia…?

Plaza itzalei jartzen

diegu argia,

oinordetzan jasota

zure ausardia.

 

Eli Pagola:

Bertsolaria zinenez gero

bertsotan nahi degu hasi:

buruan sorta onak jarri ta

gero dotore idatzi,

txori txikien modura kantuz

ibili zinen Iñaxi

zuri eskerrak ere badegu

buruz ze bertso ikasi.

 

Erika Lagoma:

Garai bateko izan ezina,

beldurra ta pekatua,

gaurko itxurak itsutzen duen

mundu akonpolejatua.

Doinurik doinu pitzatu duzu

isiltasun behartua.

Zure bertsoen azken puntutik

hasten da gure kantua.

 

Estitxu Eizagirre:

Emakume bat plazan

bere hitza ohiartzun

frankismoko ilunpean

a zer argitasun!

Basarri-ren bertsoei

zenien erantzun:

gizonen epaietik

askatu gintuzun.

 

Hodei Unzueta:

Emakume kementsua,

ausarta, paregabea,

errimak josten abila,

erantzunetan trebea!

Euskal Herrian barrena

pertsona oso maitea

ama, amona, izeko

utzi duzu ondarea…

Eskerrik asko Inaxi

tokatzen da eskertzea

zurekiko maitasunez

bihotza dugu betea,

jarraitu zure bidaia:

iraultzaile ta askea!

* Oharra: Inaxi Etxaberen hiletan kantatutako bertsoa.

 

Iratxe Ibarra:

Zure berri izatean

ze sorpresa, ze poz

bakan plazan kantuan

bakan pilota joz.

Zure ibilbidea

hartzen dugu txaloz,

geu ere zure sustrai

beretik baikatoz.

 

Izarne Zelaia:

Gaurko aitortza hau zuretzat da

Oikia auzoko neskatxa

gauden puntura ez gara heldu

oraingoak gure kasa

zure bidea eginagatik

aldatzen ari da plaza

paper artetik jende aurrera

mugitu arren ardatza

ahots bat isil daiteke baina

ezetz gastatu arkatza!

 

Maialen Lujanbio:

Historia handiaren

atzeko almazen

itsuan sartutako

pertsona ta gauzen

artetik aditzen zen

boz hari bat bazen…

 

…ta gu, ustez ginenak

dena indar ta sen

zuen oihartzunari

segiz gindoazen.

 

Nahikari Gabilondo:

Bertso munduko emakumeon

eredu zara jakina,

nahiz eta plazak ez entzun zure

ahots irmo bezain fina.

Zure koaderno marradunetan

hainbeste bertso egina…

ez da hutsean geratu zure

isilpeko ahalegina,

gu ez ginake izango eta

zu ere izan ez bazina.

* Oharra: Inaxi Etxaberen hiletan kantatutako bertsoa.

 

Nerea Ibarzabal:

Ai, “Oikiako neska”

bizkor, burujabe…

bertsotan distiratsu,

kantuz paregabe

inork egingo balu

tentatzean alde,

laster jasotzen zuen

sorta bat debalde

zu ez zaitez kezkatu

Inaxi Etxabe

ez da egongo bertsorik

erantzunik gabe!

 

Oihana Iguaran:

Hainbeste bertso sortak

hainbeste ausardik

hazi bat erein zuen

gugan zuregandik

bihotzetik eskertu

nahi dizut haatik

bertso modu berriak

zabaltzeagatik.

 

Onintza Gartzia:

Nahiz ta une hauetan

tristerik gauden gu

Iñaxi zarelako

gugandik aldendu,

baina aukera honi

nahi nioke heldu

izan zarenez hainbat

neskaren eredu

gazteei zure berri

emango diegu.

 

Rosa Lertxundi:

Kalean txistu, kalean festa

Euskal Jaia da nagusi

elizan berriz, aldarean zu

bertso kantuz goxo bizi

urtero zita, urtero zintzo

Amabirjiña goretsi

emakumea, bertsolaria

fedea lagun berezi

arantz gutxiko larrosa eder

izandu zera Iñaxi

 

Uxue Alberdi:

Ikusi ohi zintudan

Zarautzen pasiran

ta haizeak pausua

bizkortu ohi zidan;

makuludun andrea

makulu zen nigan

berresteko nor naizen

ta zertan dakidan.

 

Permanentedun adats

eta azal bigun

abangoardia zer den

azaldu zenigun.

Mila esker, Inaxi,

mingain jolastidun:

hara, nondik gatozen

ta zertan dakigun.

Inaxi Etxaberi emakume bertsolariek jarritako bertsoak-
Inaxi Etxaberi emakume bertsolariek jarritako bertsoak-