Iñaki Murua: "Bertsolari Txapelketaren finalaren arrakasta ez da kasualitatea, kausalitatea baizik"

Iñaki Murua –

Iñaki Muruari, Bertsozale Elkarte lehendakariari, Kulturklikek egindako elkarrizketa da honakoa.


 

Abenduaren 17an amaiera emango zaio, Barakaldon, irailaren 23an Baigorrin abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiari. Ibilbide luzea izan da; hamalau saio, hamaika bertso. Urratsez urrats, Euskal Herri osotik bidaiatu ostean, Bertsozale elkarteak lau urtean behin antolatzen duen bertso festa nagusia BEC-era ailegatuko da. Iñaki Murua, elkarteko lehendakariarekin mintzatu gara Kulturkliken.

Iñaki Murua

Bertsozale elkartearen 30. urteurrena ospatzen duzue aurten. Zein helbururekin sortu zen elkartea? Nolakoak izan ziren lehenengo urrats horiek?

Bertsolaritza zaindu, babestea eta geroratzea hartu zituen helburu eta horretarako, besteak beste, Xenpelar Dokumentazio Zentroa sortu zuen, plazetako bertsoak, euskarriak eta bestelako dokumentuak bildu, jaso eta bertsolaritza ikertzeko baliagarri ez ezik eskuragarri ere izan zitezen.

Lehen urrats haiek ilusio handikoak izan ziren eta zailak:

Ilusioa, ordurarte ez bezala, bertsolaritzari buruzko gogoetan eta geure kezkez eztabaidan hasi ginelako. Geuk hartu genuen antolatzeko, ikertzeko, biltzeko, transmisioaren… ardura eta erantzukizuna, hala zegokigula sinetsirik.

Zailtasuna, hasiera guztiek ohi duten ezjakintasunak eta iritziak adosteko nahiz eztabaidatzeko entrenamendu faltak eragindakoa. Eta horiei erantsi behar zaie Administrazioarekin izan genituen ezin ulertuak eta, ondorioz, ekonomia egoera larriaren eraginez sortuak…

Zein izan da urte hauetan guztietan bertsozaletasunak izan duen bilakaera?

Elkartearen sorreran nekazal mundutik hurbilekoak eta bertsotik soilik elikatzen ziren zaleak dezente izatetik, urbanita- kultur orojale- unibertsitari… ezaugarriak dituzten belaunaldietara salto egin dugu. Bertso Eskolek bertsoaz eta bertsogintzaz jakituria zabaldu eta sakondu dute, baita Hezkuntza Arautuko jardunak ere eta, nola ez, telebistako bertso programek.

Lau urtean behin ospatzen den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian murgilduta zaudete orain. Zer suposatzen dio elkarteari txapelketa antolatzeak?

Bai, argitu behar da dena ez dela ospakizun; amaieran ospatzen dugu baina Elkarteko lankideak zein borondatezko ekarpenak egitera etorriek, estutasun galantak ere bizi ohi dituzte. Elkarte txikia gara eta bolada batean ia arnasarik gabe uzten gaitu baina, bide batez, ilusio sortzaile ere bada.

Finalak jende andana erakartzen jarraitzen du, eta hitzordu nagusia da jende asko eta askorentzat, baina arrakasta hori gainontzeko saioetan ere ematen ari al da?

Bai, batak bestea dakar; finala ez da kasualitatea kausalitatea baizik. Urtero antolatzen diren hainbat saioren eta jendeak bertsoa bizi duenaren seinale eta froga da, besteak beste. Osasuntsu eta sasoiko ezin zara lau urtean egun bakarrean izan eta orduan milaka zale batu eta ase, gainera.

Iñaki Murua
(Baigorriko saioa, Txapelketa hasi zen egunekoa. Argazkilaria: Alberto Elosegi – Iturria: XDZ)

Final laurdenetatik sailkatu ziren 18 bertsolarietatik, 9 emakume ziren, horien artean puntu gehien lortu zituzten lehen laurak. Aurtengo BEC-erako finalisten zerrenda osatu baino lehenago, ildo honetan gauzak nabarmen aldatu direla ematen du. Behin betiko aldaketa dela uste duzue?

Nabarmena izan da lorpena bai, baina bertsolarien lorpena izan da, bestela, horrela esanda, badirudi orain emakumezkoak ekipoan ari direla eta beste denak norbanakoan; eta lehen ere emakumezkoek badituzte lorpen bikainak. Hau ez da gauetik goizera gertatu, urteetako lana dago oinarrian eta bertsogintza aldaketa konstantean bizi dela erakusten du. Bertsolari gazteak sasoiko datoz eta hala segi dezaten eten gabe berritzeko ahalegina egiten segi behar dugu, beste arloen artean genero gaia jorratzen eta baita bertsolari bakoitzak ere, kantaera, errimategia, sormena, gaien trataera… Hau bapatekoa da baina lanean harrapatu behar zaitu eta ia ezer ez da behin betikoa.

Sailkatutakoen adinei erreparatuz, oholtzaren gainean belaunaldi aldaketa ere somatzen da. Zein ekarpen egiten diete bertsolari gazteek bai bertsogintzari zein txapelketari?

Bertsogintzak berezkoa du gazteen gogo, grina… gehiago nahi hori, gorago dagoena edo aurrerago doana harrapatu eta pasa. Plazan ere horrela da eta horrek behartzen du “beteranoa” bertan goxo egoteko tentazioa saihestu, esnatu eta luberria lantzen has dadin, datorren bertsolari berri horrek irabazi egin behar baitu bere lekua, oparitutako espazioak ez baitu existitzen, bertsozaleek aitortutakoak soilik.

Bertsolariak badaki plazak egin duela bertsolari eta plazak emango diola agurra (egurra?) garaia datorrenean edo beste bat hobeto eginaz erreleboa hartzera iristean. Berez, hori da teorian denok nahi duguna, gure ondorengo berriak eta hobeak etortzea eta gu zirkuitutik albora uztea. Orduan asmatu behar du bertsolari beterano horrek bertsozale bihurtzen edo bertsolari baino bertsozaleago izaten eta funtzio hori jokatzen.

Iñaki Murua
(Irungo saioa, azaroaren lehena. Argazkilaria: Gari Garaialde – Iturria: XDZ)

Emozioa txapelketaren arrakastaren gakoetako bat dela esan dezakegu. Izan ere, bertsoak bertso, emozio handiko saioak izan ohi dira finalak. Baina, puntuazioa lortzeko, teknika kontuak aztertu behar dira: gaia, erritmoa eta oinak, doinua, denbora… Nola uztartzen ditu epaimahaiak bi arlo hauek?

Epai irizpideak publiko eginak dira, bertsolariek badakizkite eta batzuetan horien arabera jokatzen dute baina plazako freskura ere hauta dezake bakoitzak. Epaimahaia bertsoa osotasunean neurtzen saiatzen da eta baita bertsoaldia ere. Teknikoki bertso ona eta emozionalki ongi funtzionatu duena baloratuko du altuena, nire ustez, baina, argi dago emozioak tartean direnean subjektibotasunak lekua hartzen duela eta, horrelaxe behar du. Horregatik dugu epaimahai anitza, adin, bizipen, euskara … ezberdinetako jendez osatua, bestela, epaile bakarra aski litzateke.

Heldu den abenduaren 17an bertsolaritzaren festa biziko da, zalantzarik gabe, Barakaldon. Hitzorduaren aurrean, zeintzuk dira zuen sentsazioak, zuen beldurrak eta itxaropenak?

Nire sentsazioa da oso ondo doala Txapelketa, bertsozaleek bikain erantzun dutela eta hala jarraituko dutela erantzuten; bertso mailan gorantza goazela; gaiak, gaien trataera, doinuak… dena ari dela oso landua gertatzen eta horrek Txapelketari ez ezik, datozen urteetako plazari ere arnas berria emango diola.

Beldur apartekorik ez dut baina, elurterik edo horrelakorik ez dezala egin gutxienez abenduaren hamazortzira arte…

Itxaropena, berriz, saioak borobil ateratzekoa, finala denok gustura gozatzekoa bai bertsozaleok eta bai bertsolariek. Euskaldunok oro har eta euskal kulturgintzan nahiz euskalgintzan ari garenok bereziki indarberritu gaitezen, animatu, gure txikitasun eta bigarren mailako sentipen etsikoitik argitara irteteko; ekimen berriak eta sortzaileak proposatzeko gaitasuna eta ganora irabaz dezagun.

Eta Bertsozale Elkarteko kide moduan, egingo dugun indar xahutze izugarriak, baita hartuko dugun astinduak ere, balio diezagula lanean sendo eta ekipo eginez jarraitzeko. Itxaropena ez ezik segurtasuna daukat asmatuko dugula.

Iñaki Murua
(2013ko txapelketako finala Barakaldoko BEC-ean. Argazkilaria: Alberto Elosegi – Iturria: XDZ)
 
Iñaki Murua