Imanol Arrutia: «Plazer bat izan da Bizkaiako Bertso Txapelketan parte hartzea»
Imanol Arrutia –
Imanol Urrutiari Unai Sarriugartek egindako elkarrizketa, El Correon.
Tabernari lanetan hasi zen 17 urte zituela. Hori medio, hamar urte luze eman zituen barra ezberdinen atzean. 2014. urtetik Osakidetzan erizaintzako laguntzailea da Imanol Arrutia Azkueta (Bilbo, 1987). Bilbon eta Galdakaon bizi izan bada ere, egun Artzentalesen bizi da gurasoekin batera. Bertsotan hamar urte daramatza eta azken urteotan bertso txapelketa ezberdinetan parte hartu du. Nabarmentzekoak dira Enkarterri eta Bizkaiako Bertsolaritza Txapelketan egin zituen parte hartzeak.
– Zelan ikusten duzu gaur eguneko euskeraren egoera?
– Uste dut euskara dakitenen kopuruak gora egin duela, hala ere lan asko daukagu egiteko oraindik.
– Zer esango zenuke duela hilabete batzuk burutu zen « Euskaraldia» izeneko dinamikaren inguruan?
– Nire uste apalean arrakasta eduki zuen. Enkarterrin horrela sentitu genuen. Izan ere, aho-bizi gehiago ikusi nituen belarriprestak baino. Zallan, nire herrian, jende askok parte hartu zuen.
– Zeintzuk dira azkenaldi honetan eskuartean dituzun proiektu ezberdinak?
– Alde batetik, bertso eskolan egiten ditugun proiektuak kalera ateratzea. Hilabeterik behin bertso poteo bat antolatzen dugu Zallan, euskara plazara ateratzeko helburuarekin. Bestetik, naturari nago begira, gaur egun daukagun bizimoduari begira, globalizazioak dakarren suntsiketa eta kontsumismoari begira.
– Zer sentitzen da Bizkaiako Bertso Txapelketa batean parte-hartzaile izatean?
– Plazer bat izan da txapelketan parte hartzea, zoragarria. Enkarterritik joan ginenok izena altu itxi genuen eta hori goraipatzekoa da.
– Zelako zirrara sorrarazten du astez aste herri ezberdinetako plazak bertsozalez beteta ikusteak?
– Aipatu beharra dago bertsozaleen kopuruak gora egin duela. Era berean, gazte asko ikusten dira. Hau ikusita Euskal Herria eta Euskara bizirik dirautela sentitzen dut.
– Zerk animatu zintuen bertsolaritzaren munduan murgiltzera?
– Gogoan daukat baserrian Pernando Amezketarra ikusten genuela aititerekin eta Pernando bertsotan entzuten nuenean izugarrizko berotasuna sortzen zitzaidala barrenean. Bertsoen bidez gure barrena adierazi dezakegu bertsolariok, publikoarekiko geure bihotza zabaldu. Ildo beretik, aipatu beharra dago bertsolaritza dagoen lekuan benetako Euskal Herria dagoela.