Iker Serrano: «Artistok eraldatzen eta moldatzen gabiltza, baina erresistentzia apur bat ere egin behar dugu»

Iker Serrano –

Garazi Castañok NAIZen.


Iker Serranoren ‘Haitz_erroa’ margolana jasoko du Xabier Amurizak ostegunean. Artista iruindarraren lana izango da aurtengo Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria irudikatuko duen artelana.

 

Iker Serrano

 

Olaso Dorreak eta Bergarako Udalak Xabier Amuriza bertsolari eta euskaltzaleari eskaini diote III. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saria, euskal kulturari egindako bizi osoko ekarpenagatik. Sariak Telesforo Monzon eta Josefa Ganuzaren baloreen zabalkundea bilatzen du; eta euskal kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzea du xede.

Monzon-Ganuza saria martxoaren 16an jasoko du Bergarako Seminarixoan egingo den ekitaldian. Saridunek eskuartean jasotzen dutena euskal artista baten artelana izan ohi da. Aurtengoan Iker Serranoren ardura izan da oroigarria sortzea. «Harro eta zoriontsu» jaso zuen egitekoa iruindarrak.

‘Haitz_erroa’ olio-margodun koadroa ondu du margolariak. Euskal artegintzan pisu sinboliko edo tradizio handiko elementu batekin: haitza. Haitz hitzaren erroaren inguruko uztarketak izan ditu erreferentzia. Harriaren gogortasuna eta hitzaren doinua edo fonetika bera inspiragarri egin zaizkio.

Irudian hamar haitz edo «aizkora» ikus ditzakegu, zirkulu bat osatzen haien artean, zeru ilun eta izartsu batean kokatuak. Artistaren hitzetan, haitzek hamar atzamar irudikatu nahi dituzte: «gure eskuen artean sortzen dugun kultura eta hezkuntza. Baita belaunaldiz belaunaldi gure kulturaren transmisioa nola egiten dugun ere».

Monzon-Ganuza Saria sortzeko hautatua izan zela eta sariduna Xabier Amuriza izango zela ia une berean jakin zuen. Azken bi asteetan amaitu du lana eta aitortu du koadroa margotzen ari zen heinean Amuriza presente izan duela: «pintzelkadak ematean bere izaera nire buruan jasotzen nuen». Amurizarekiko mirespena erakutsi du Serranok: «asko estimatzen dut berak egindako lana eta bertsolaritza munduan 80. hamarkadan bultzatutako aldaketak. Sinbolikotasuna eta poetika aldatu zituen bertsolaritzaren munduan. Niretzako figura oso garrantzitsua da».

 

Entzun elkarrizketa NAIZ IRRATIAn

Iker Serrano