III. Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria jaso du Xabier Amurizak

III. Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria jaso du Xabier Amurizak –

NAIZetik.


Xabier Amuriza bertsolari bizkaitarrak 2023ko Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria jaso du ostegun honetan, Euskal Herriari, euskal kulturari eta euskarari egindako ekarpenagatik.

 

III. Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria jaso du Xabier Amurizak

 

Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak Xabier Amurizari eman diote ostegun honetan 2023ko Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria, Euskal Herriari, euskal kulturari eta euskarari egindako «bizi osoko ekarpen oparoagatik».

Bergarako Seminarixoa aretoan egin den ekitaldian, Xabier Amurizaren ibilbideak bat egiten duela Telesforo Monzonek eta Josefa Ganuzak izan zituzten baloreekin nabarmendu dute. Horrela, besteak beste, Amurizak berritasun handia ekarri zion bertsogintzari 1980ko hamarkadan, eta, seguru asko, «ezinezkoa da egungo bertsolaritza modernoa ulertzea bere ekarpena kontuan izan gabe».

Bertso eskoletan eragindako «iraultza», euskal kulturari egindako ekarpena, urte latzetan herriarekiko azaldutako konpromisoa –politika arloan ere urte luzez azaldua– eta bere «kultur jario amaiezina» nabarmendu dituzte.

Sariari buruz, NAIZi eskainitako elkarrizketa batean Amurizak azaldu du: «Monzon-Ganuza eta Bergara niretzat kutunak dira. Bergaran asko ibili naiz, eta Telesfororekin eta Josefarekin izan dut harremana, ez bakarrik identifikazio bat gauza askotan, baizik eta harreman pertsonala ere bai».

82 urte betetzear, bertsolari bizkaitarrak uste du ez daukala «lehiatu beharrik. Sariaren motiboak irakurtzen ditudanean etortzen zaizkit duela 40 urte egindakoak. Orduan, bertsolaritzan adibidez, banituen kontrarioak edo nire estiloa gustatzen ez zitzaienak, baina orain sari bat ematen badidate suposatzen dut hori eman didatenek kariño bat didatela».

Sariaren baloreak

Xabier Amurizari eman dioten sariari buruz, 2021ean Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak egin zuten hitzarmenaren emaitzetako bat da saria, Olaso Dorrera bisita gidatuak egiteko aukerarekin batera. 2021eko martxoaren 9an bete ziren 40 urte Telesforo Monzon hil zela, eta urteurren horren testuinguruan sortu zen ekimena.

Saria erabakitzeko unean, kontuan izaten dira Telesforo Monzonen eta Josefa Ganuzaren baloreak, hala nola herriarekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emandako lehentasuna, Nafarroaren garrantzia euskal historian eta batasunaren balioa.

III. Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria jaso du Xabier Amurizak