Igel artean zintzarri bat
Igel artean zintzarri bat –
Gorka Peñagarikano Goikoetxea, ARGIAn.
XV. Kopla Txapelketa
Non: Hiruputzu gaztetxean (Zarautz)
Noiz: Abenduaren 22an
Koblakariak: Aner Peritz, Oier Aizpurua, Alaia Martin, Jexux Mari Irazu, Etxahun Lekue, Aitor Bizkarra, Eneritz Artetxe, Maider Arregi, Joanes Illarregi eta Oihana Arana.
Zikloi bat bainuontzi batean moduan, zurrunbilo biziotsuan murgildurik aritu ohi dira koblakariak oholtza gainean. Bertsolariak kantuan, musikarien laguntzaz, zerbeza laten trapitxeotan, lau bat orduz-edo jartzea… bada luxua horrelako zita egonkorrak izatea.
Gaztetxe berrian eta ohiko formatua berreskuratuta itzuli da Kopla Txapelketa. Lehengo edukiera kapazitate erdiarekin bada ere, eta kartela zertxobait apalduta ere bai, tradizioari eutsita, sarrerak aise agortu dira. Hamar lagun kopletan eta beste lau musikan, eta eszenaratzeko ohiko soinu-banda, Rocky Balboa, Imanol Epelde eta Xabi Aizpuruaren banaka-banako aurkezpen apetatsuekin girotuta, boxeo-borrokarako izan ahal zuen bezala preparatu dira koblakariak zirtolari planean jartzeko. Putzuzulon ez bezala, kabitzeko nahiko lan izan dituzte Hiruputzuko oholtzaren gainean, baina kabitu, kabitu dira, eta eskerrak, baten baten kalparrak behar zuen-eta lekua. Koplek ematen dute aukera bizi jokatzeko, eta zirtoan aritzeko ez ezik, oilarkeriaz jokatzeko ere bai, tamainan. Baina marrak hain dira norberaren araberako, eta horiek nola unea heltzerako norberak irentsi dituen garagardoen eraginaren preso diren, ahapekako komentario eta eztabaida ederrak sortzen dira ikuslegoaren artean. Pasatu egin da eta irribarre gaiztoko ufff luzeen arteko diferentzia batzuetan hain da lausoa… Eta jakina, segun eta zenek zer perla jaurtitzen dion nori eta nola, tentsiorik sor daiteke. Horretarako daude algarak gero, estaltzeko.
Igel mordoa, putzuz putzu, saldoka saltoka. Koblakariak ere nahiko igel portatu dira, batzuk nahiko satelite-edo, bakoitza beretik kantuan. Alaia Martin, esaterako, zenbaitetan giroan sartu gabe moduan ikusi ahal izan dugu, eta Jexux Mari Irazu, bada, zer esan: Mec de la rue eta Flow 2000 gisako kontu hain garaikideak komentatu diren minutu batzuk egon dira… Igela zenbateraino galdu da bainuontzian? Izar momentua eduki du gero Aner Peritzekin, Aritmetika arazoak doinupean, Xabier Euzkitzez hizketan. Hor bai bere-berea duela epoka. Kantaldi ederra osatu du Aitor Bizkarrarekin ere, lapurren paperean jarri eta Hiruputzun azken hilabetean izandako lapurretaz mintzatuta.
Aita San Miguel, Compostelako erromesa, Bi neska zahar edota Askok irudipena du-ren doinuek alaitzen eta pasatzen uzten dituzte, alajaina, perla eta perla arteko demas uneak. Zerbait orokorki gogoratzekotan Bizkarraren eta Peritzen kantaldi bat izango da, Laboaren gorpuzkeran eta kantaeran jarrita, uf, af eta ño dezente batzuk entzun baitira tentsio puntu bat baretzeko algaren artean. Bien arteko etorriak, joanak eta jarioak baretu dira, ordea, buruz burukora heldu direnerako. Ez oso ezberdin abestu dute Palestinaz ganbarako lanean, eta parez pare jartzean ere ez dira bereziki luzitu. Kanpotik, itxuraz, ez dute gehiegi disfrutatu. Baina horixe du Kopla Txapelketak, etorri bezala joan egiten dela. Eta gaiak eta erreplikak etorri ahala erantzun egin behar dela. Koplaldi sakonik ez du nahi entzuleak parranda testuinguruan, eta publikoak du boto-papera, publikoak erabakitzen du nori eman zintzarria. Edizio honetan garaile Zarautz gorrotatzera heldu izan dela aitortu duen etxeko bat: Aner Peritz.
Arraio irrati libreak, saioa irratiz eskaintzeaz gain, zuzenean igorri zuen bideoz: