Hocney¹, Cano² eta Cheever³ igerilekuan
Hocney¹ Cano² eta Cheever³ igerilekuan –
Manex Agirre, BERRIAn.
Manex Agirre Arriolabengoa. Aramaion jaio zen (Araba), 1982an. Arabako bertsolari gazteen txapelketa izan zuen lehen plaza, eta orduztik bertsoari loturiko hamaika jardunetan aritu da, bai kantuan eta bai eragiletzan —izan hedabideetan, bertso eskoletan zein Bertsozale Elkartean—. 2011ko eta 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketeten txapeldun izan zen, baita 2020ko Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketen talde irabazleko kide ere.
Ur berdezko lauki bat
goizeko argia
bainujantzi azpiko
Zure ilargia
Uztailerako nagi
Dator belardia
haragizko airea
zeru zohardia.
Zafirozko ur-masa
Hotzaren atari
Eskaileran brontzezko
Bost igerilari
Urrelilien usain
Leuna du ari
Iparreko kumulu-
Hodeien ehiztari.
Berun koloreko ur
ia solidoa
Heskai arantzadun bat
Zerurantz igoa
Txikle mastekatuak
Tom Collins giroa
Arnas hots likatsuak
Mina, bertigoa.
Zulo bat urezkoa
Inork hautatua
Jauzi berekoi batez
bularreratua
Eguzkiak mindua
Du begiratua
Tesela zerrenda bat
Polikromatua.
ilundutako urak
ezpain urdinkarak
Erlastarren hilobi
Izozki-kikarak
Zakur bustiak ihes
Mahaiei ostikadak
Baldosa ertzeko marra
Eten du ikarak.
Ur zinezko kloratu
laino grisak baxu
Hartxintxarrak bisturi
Oinen amenazu
Atorra bustiaren
Azpitik txeratsu
Argizagi ederra,
argi egidazu.