Hitzekin jolasean hasi dira berriz ere Mañontzin
Hitzekin jolasean hasi dira berriz ere Mañontzin –
Urko Etxebestek Oarsoaldeko Hitzan.
Lezoko bertsozaleek badute non elkartu, dozena bat lagunek Mañontziri bizi berria eman diotelako. Bertsoek ematen duten goxotasunean ondo pasatzea da asmoa, alderdi ludikoa lehenetsiz.
Bertso zaletasuna duten hainbat lezoar biltzen hasi dira berriz ere. Mañontziri izaera berria eman diote. Garai batean bertso eskola izandakoa, apurka itzaltzen joan, eta berriz ere bizia eman dio bertsozale kuadrilla batek. Asteartero biltzen dira, 20:00etan, Ibai-Ondon. Lezoar orori ateak eta leihoak ireki dizkiete, kanpotik sar daitekeen hotzari beldurrik ez diotelako. Hitzekin goxo-goxo jolasean dira berriz ere. «Ez dizkiogu inori ateak ixten», esan dute. Zaletasun batek biltzen ditu, eta bertsoen inguruan gunea sortu dute.
Bertsolaritzarekin elkarrekin ondo pasatzea da Mañontzin dabiltzanen asmoa, Ander Mariezkurrena taldekideak adierazi duenez. Alderdi ludikoari garrantzia eman diote. Askotariko taldea da, gainera, partaideen adinari dagokionez. «Presiorik gabe ari gara. Helburua gustura egotea da, elkarrengandik ikasiz. Gure arteko aldeak badaude ere, elkar errespetatzen dugu. Joko ludikoak egiten ditugu, bertso historikoak ezagutu, doinutegia eta errimategia landu. Denetik pixka bat. Kalera ateratzea ez dugu planteatu oraindik», azaldu du Mariezkurrenak.
Iazko Bertsolaritza Txapelketa Nagusia baliatuz, gainera, euren afizioan sakonago aritzeko aukera izan zutela azaldu du lezoarrak. Izan ere, txapelketa horretako saioen gaineko foroak egin zituzten.
Lezon bertsozaleak badaudela azaldu du Mariezkurrenak, «handik eta hemendik bilatu behar dira, baina badaude». 2022ko urrian hasi ziren bideorri berria jarraitzen, eta gaur arte orduan hasi zirenei beste hainbat erantsi zaizkie. Goxo ari dira. Lasai. Hitzekin jolasean gozatzen.